Gobernuen zain egon gabe

Greziako eta Brasilgo egoerak ezagutzeko aukera izan zuten iaz De Miguelek eta Txoperenak, Askapenaren brigadetan. «Ikaste prozesu bat» dela diote: «ezagutzea eta ezagutaraztea».

Brasilgo iazko brigadistak, MST mugimenduko kideekin. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Aspalditik zuen brigadaren batean parte hartzeko gogoa Maddi Ane Txoperenak. «Ez nuen inoiz aukerarik izaten, ez neukalako denbora nahikorik edo». Iaz suertatu zitzaion aukera, eta ez zuen zalantzarik egin. Maider de Miguelek ezagutzen zuen parte hartutako jendea, eta interesgarria iruditu zitzaion proposamena: «Beste errealitate batzuk ezagutzea, gurea beste leku batzuetan ezagutaraztea, partekatzea, ikastea... Aplikagarria dena aplikatzeko, eta hala ez dena ez aplikatzeko».

Askapenak duela bi urte antolatu zuen lehenengoz Brasilerako brigada, eta iazkoa zen bigarrena. Hilabete pasatu zuten han; batez ere, MSTko kideekin. Txoperena: «Egon ginen Floristan Fernandez eskolan —MSTren eskola nazionala—, formazioa jasotzen. Gero, pixkanaka hasi ginen lurren okupazioaren borroka ezagutzen».

Lurrik Gabekoen Mugimendua da MST, eta horixe dute beren borrokaren ardatz: lurra. «Lurraren banaketa oso injustua delako Brasilen», Txoperenaren esanetan: «Latifundioak atzeman, eta okupatu egiten dituzte. Hor eraikitzen dituzte kanpamentu deitzen dituztenak. Han bizi dira. Horrela, gobernuari presio egiten diete, lur haiek desjabetu eta herritarrei emateko». Lurrak herritarren esku jartzea lortuz gero, kokaleku bihurtzen dira, eta han eraikitzen dituzte herrixkak. «Haiekin partekatu genuen eguneroko bizitza».

Uztail hasieratik abuztura arte egon ziren Brasilen; gertutik bizi izan zuten Dilma Rouseff presidente ohiaren aurkako prozesua: «Estatu kolpea abuztuan berretsi zen. Gu aurreko fasean egon ginen, eta nabari zen tentsio giroa. Harremana dugu hango militanteekin, eta esan digute Michel Temerrek boterea hartu duenetik, errepresioa asko areagotu dela».

Gobernuak gobernu, lurraren aldeko dinamikan beti egin dute aurrera jotzeko hautua MSTko kideek. Horixe nabarmendu du Txoperenak, hain zuzen: «Gobernuaren zain egon gabe jartzen dituzte praktikan beren borrokak. Zuzenean jotzen dute okupaziora, han eraikitzen dituzte bizilekuak, jaten ematen dieten baratzeak, eta hortik egiten dituzte beste hamaika borroka. Horrekin geratu ginen bereziki: herri boterea eraikitzeko gaitasuna dute».

Grezian ere ez daude gobernuaren zain egoteko moduan. Alexis Tsiprasenak memoranduma onartu ondoren, iazko brigadan greziarrek mezu hori eman zietela kontatu du De Miguelek: «Estaturik gabeko herri bat da Grezia gaur egun. Nazio burujabetza troikaren eta eurotaldearen esku dago. Erabakiak parlamentura bidaltzen dituzte idatzita, eta esaten diete: 'Bost ordu dauzkazue ingelesezko bostehun folio hauek bozkatu eta onartzeko'».

Kalean dago troikaren politiken erresistentzia. Hedabideetatik «desagertu» den arren, memorandumen osteko Grezia ezagutzea interesgarri zitzaion De Migueli: «Jakitea jendeak nola irauten duen». Herri ez-antolatua —inon afiliatu gabeko jendea, ezein alderdi edo erakunderen izenean ari ez dena— ari da alternatibak antolatzen, baita, beste zenbaitekin batera, Grezian dauden errefuxiatuei laguntzen ere.

Ezagutu zituzten proiektu batzuk: «Adibidez, kooperatiba bat. Produktoreei prezio zuzenean erosten dizkiete elikagaiak, gero jendeari produkzio prezioan saldu ahal izateko. Eta, ezin duenari, merkeago. Politikotik ere badu: gerturatzen den jende hori borrokan inplikatzen saiatzen dira».

Brigaden ondorengo lana ere nabarmendu dute Txoperenak eta De Miguelek, eta horretan ari dira, hitzaldi eta bestelakoen bidez. «Ikaste prozesu bat da: entzutea, ulertzea nola egiten diren gauzak egoera ezberdinetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.