Manifestazio «historikoa»

Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiek larunbateko mobilizazioaren izaera eta garrantzia nabarmendu dituzte

Gazte auzipetuen senideak, larunbateko martxako buruan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiek nabarmendu dute «historikoa» izan zela Altsasuko gazteei babesa eman eta haien kontrako epaia salatuz larunbatean egindako manifestazioa. Han bildutako jendetza, egindako salaketa, eta bertara joandakoen jarrera azpimarratu zituzten atzo. UPN eta PP izan ziren, berriro ere, mobilizazioa kritikatu zuten alderdi bakarrak. Gobernua bera izan zuten jomugan, nafar guztien izenean joan ei zelako, «justiziaren kontra eta erasotzaileen alde» egindako manifestazio batera.

«Arrakasta» hitza erabili zuen Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak larunbateko mobilizazio erraldoiaren inguruan aritzeko. Han bildutako jendetzaz eta egindako salaketez gain, joan ziren guztien «gizalege demokratiko harrigarria» nabarmendu zuen, eta gogora ekarri zuen han izandakoen «kalitatea» kantitateaz gain —Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria eta Bernardo Atxaga idazlea aipatu zituen, besteak beste—. Horregatik, kargu hartu zion Jose Javier Esparza UPNko bozeramaileak. «Klasista eta xenofoboa» izatea egotzi zion, eta guardia zibilek, haien bikoteek edo UPNko jendeak haiek baino «kalitate gutxiago» ote duten galdetu zion.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen iritziz, larunbateko mobilizazioak agerian utzi zuen Nafarroako gizarteak ez duela «inola ere» onartzen gazteen kontra emandako epaia, «ezta gehiegikeria politiko, juridiko eta mediatikoa ere». EH Bildukoaren ustez, «mendeku judizialerako saiakerak erantzun historikoa izan zuen».

«Historiko» hitza aipatu zuen Carlos Couso Ahal Dugu-koak ere. Azken boladan egin den manfestaziorik jendetsuena izan zela nabarmendu zuen, eta «penagarria» dela horrenbeste jende kalera irten beharra zertara eta «justizia» eskatzera. «Herritarrek ezbaian jartzen dituzten epaiak ari gara ikusten, eta hori ez da ona ez zuzenbide estatuarentzat eta ez demokraziarentzat».

Jose Javier Esparza UPNkoak eta Ana Beltran PPkoak Uxue Barkos presidentearen kontra egin zuten, gogor. Esparzak «jendeari barre egitea» egotzi zion, «berari interesatzen zaion gizartearen zatiari bakarrik entzuten diolako». Beltranek esan zuen Barkosek ez duela presidente izateko balio, «bereengan» bakarrik pentsatzen duelako. «Nor da bere burua epaile izendatzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.