«Salbuespen neurriak» amaitu behar direla esan dute hiru epailek

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile bat, Goreneko bat eta Espetxe Zaintzarako beste bat euskal presoen egoeraz aritu dira, Madrilen

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Sakabanaketa, «etsaiaren zigor zuzenbidea» eta inkomunikazioa euskal presoen aurka erabiltzen diren «salbuespen neurriak» direla aitortu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek, Auzitegi Goreneko batek eta Espetxe Zaintzarako beste batek. Neurri horiek euskal gatazkarekin lotutako atxilotuei ezarri dizkietela azaldu dute, eta salbuespenez baino gehiago, modu orokortuan ezarri dietela ustez ETArekin zerikusia izan zezaketenei. Uste dute araudi eta praktika berezi oso bat eraiki dela haien aurka, eta oraindik ere erabiltzen dela. Epaileek adierazi dute ETAk jardun armatua behin betiko utzi ondoren sortutako egoera politikoan «erantzun judiziala» alda daitekeela; aldatu beharra dagoela, gainera.

Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko epailea, Joaquin Gimenez Auzitegi Gorenekoa eta Jose Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarakoa egungo egoera politikoak arlo juridikoan ireki dituen aukerei buruz aritu dira Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak babestutako jardunaldietan.

«Terrorismoaren ondorioz batzuetan egin den suntsiketa juridikoa amaitu egin behar da», adierazi du Gimenezek. Oraindik dauden «salbuespeneko» zenbait neurri «serio» aztertu behar direla adierazi du, eta egoerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dela.

Ezohiko neurriak, noiz arte?

Atxilotuen inkomunikazioa ere aipatu dute Gimenezek eta De Pradak, eta nazioarteko erakundeek neurri hura behin eta berriz salatu dutela ohartarazi du Auzitegi Nazionalekoak: «Kontalari guztiek aipatzen dute».

Euskal presoei ezohiko espetxe politika ezartzen dietela ere azaldu du Gimenezek; sakabanatuta eta urruti dauzkatela, legeekzigorrak etxetik ahal den gertuen betetzea babesten duten arren. «Zer eragin dute gaur egun? Zein neurritaraino manten daitezke?», galdetu du.

Goreneko epaileak kolokan jarri ditu ere Espainiako Alderdien Legea eta halako araudiak: «Ba al dute justifikaziorik egun? Hori da kontua. Ezer ez da betiko». Hartara, egungo legediaz hausnarketa egitera deitu du Gimenezek, betiere gaur egungo egoera kontutan hartuta.

«Justizia ez da mendekua», adierazi du De Pradak, Batasuneko, EAE-ANVko eta EHAK-ko kideen aurkako auzia epaitzear dela gogoratuta. Euskal presoei ezartzen dizkieten zigorrak «bereziki handiak, neurriz kanpokoak eta gainerakoekiko erabat desberdinak» direla aitortu du. Baina uste du «gauzak aldatzen» ari direla. Esaterako, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita epaitutako 40 lagunak absolbitu dituen epaia jarri du frogatzat. Aurrera begira ere hausnarketa sakona egin beharko dela deritzo, gainera. «Ukatzen saiatu arren, bake prozesu batean gaude».

Gazteen absoluzioari helduta, Auzitegi Nazionalaren epaiak tortura salaketei sinesgarritasuna ematerakoan tratu txarrak badirela «onartu» duela iruditzen zaio Gimenezi. Eta horrek bere bidea egin behar lukeela iradoki du. «Hori egin dezake parlamentuak? Egin lezake».

Espetxe Zaintzarako epailea, berriz, euskal presoen egoeraz aritu da —bostehunen bat dira gaur egun—. Sakabanaketa «presoen kontrolerako» eraginkorra izan dela esan du, «arazo garrantzitsuak» eragin dituela aitortu duen arren. Orain, hala ere, aurrera begira jarri beharra dagoela iruditzen zaio, eta presoen gerturatzea hartu du hizpide: «Hurbilketa ez litzateke onura gisa hartuko, eskubide gisa baizik».

EPPK-ren hurbiltze eskeak

Kontraesanez betetako hitzaldia egin du De Castrok. EPPK-ko kideek Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko egin dituzten eskaerei buruz galdetu diotenean, ez da argi mintzatu. «Auzitegi Nazionalean ez da eskaera bakar bat ere jaso». Baina epaileak ez du azaldu presoek, lehenengo, nork bere espetxean egin behar dituztela eskaerak. Hala egina dute, eta haietako askok jaso dute jada espetxeko Tratamendu Batzordearen ezezkoa.

ETArengandik urrundu direla frogatzen duten «zalantzarik gabeko keinurik» ez dutela egin argudiatuta ukatu diete eskaera erantzuna jaso duten preso guztiei. Espetxeko zuzendariari ebazpena behin betiko izendatu dezala eskatzeko aukera dutela ere jakinarazi diete idazkian. Izan ere, horrela soilik aurkeztu ahalko dute helegitea Espetxe Zaintzarako epailearen aurrean. Orduan iritsiko dira eskakizunak Auzitegi Nazionalera, eta, horrek ere ezezkoa ematen badiete, Konstituzionalera jo ahalko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.