PSEko kideen %40ren abalak jaso ditu Mendiak idazkari izateko

Irailaren 20 eta 21eko kongresuan hautatuko dute Patxi Lopezen ordezko.Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautagaiek ere hasi dute lehia

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
PSE-EEko idazkari nagusi izateko lehian parte hartu nahi zutenek atzo zeukaten lehiakide izateko beharrezko diren abalak aurkezteko azken eguna. Ez da izan ezustekorik. Idoia Mendia da alderdia zuzentzeko bere burua proposatu duen bakarra, eta babes zabalarekin aurkeztu du hautagaitza: PSE-EEko 2.210 kideren abalak jaso ditu; militanteen %40renak. Aise gainditu du beharrezko babes kopurua, beraz. Lortu du indar irudia ematea, eta lortu du asmoa jakinarazi zuenean aldarrikatutako batasuna irudikatzea ere. Gutxienez, 534 militanteren sostengua bildu beharra zuen Mendiak, hautagaitza baliagarri izateko; alderdiko kideen %10ena. Laukoiztu egin du beharrezko gutxieneko hori.

Patxi Lopez ordezkatzeko prozesuak igaro du, hortaz, lehen langa. Igandean berretsiko dute Mendiaren hautagaitza, eta hark astebeteko kanpaina egiteko aukera izango du astelehenetik aurrera. Hilaren 16an egingo du PSEk idazkari nagusia aukeratzeko bozketa. 20 eta 21ean ezohiko batzarra egingo du, eta orduan izendatuko dute Mendia alderdiko idazkari nagusi, ofizialki.

Ivan Calderonek, Gloria Sanchezek eta Mikel Duranek aurkeztu zuten haren hautagaitza atzo, Bilbon. Horretarako babes gehienak Bizkaitik eraman zituzten alderdiaren egoitzara: 1.062. Gipuzkoatik 856 sinadura bildu zituzten, eta Arabatik, 292.

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehenakaritzan zenean, Mendia bozeramaile eta sailburu izan zen.

Arriola, Torres, Gonzalez...

Alderdia goitik behera berritu beharra dagoela argudiatuta, PSEk aspaldi iragarri zuen EAEko hiru lurraldeetako idazkari nagusiak ere aldatuko dituela. Atzo amaitu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari izateko hautagaitzak aurkezteko epea ere, eta abal kopuruak plazaratzeko eguna izan zen. Lurralde bakoitzean, militante erroldaren %15en babesa aurkeztu beharra zuten idazkari izan nahi dutenek. Araban eta Bizkaian bik igaro dute gutxienekoa; Gipuzkoan, batek.

Hain zuzen, Gipuzkoa izango da egungo buruzagiari eutsiko dion lurralde bakarra, itxura guztien arabera. Idazkari nagusi Iñaki Arriolak aurkeztu du hautagaitza, 960 kideren babesarekin. Hark iragarria zuen herrialdeko militanteen ia %60ren laguntza duela.

Lehiarik handiena Bizkaian espero da. Mikel Torresek 1.100 sinadura bildu ditu; haren aurkari Iñaki Egañak, seiehun inguru. «Hau ez da test bat; hau igaro beharreko eginkizun bat besterik ez da», esan du Egañak, garrantzia kendu nahian aldeari. «Ez du ezer esan nahi». Azken asteetan bezala, datorrenerako ere lehia espero da Bizkaiko idazkari nagusi karguan Jose Antonio Pastor ordezkatzeko nahia duten bien artean.

Araban ere bi hautagaitza daude, baina aldeak agerikoagoa dirudi han. Cristina Gonzalez da Txarli Prieto ordezkatzeko hautagai ofiziala. PSE-EEk Araban dituen 750 kideetatik 333ren sinadura eskuratu du; militanteen %44,4rena. Babesak erakustean garailetzat jo du bere burua, eta nabarmendu du jasotako babesek «erantzukizun handia» eman diotela. Alderdi barruan historia egiteko aukerak ere eman dio ardura sentsazioa Gonzalezi. Izan ere, Idoia Mendia lehen emakumea izango da PSEko idazkari nagusi karguan, eta Gonzalezek ere aukera handia du Arabako idazkari nagusi kargua beteko duen lehen emakumezkoa izateko.

Ivan Ruiz de Egilaz da Arabako buruzagitza eskuratu nahi duen beste hautagaia. Ildo kritikoa ordezkatzen du, eta lehian parte hartzeko nahikoa babes baduela ziurtatu du, baina ez du eman kopuruaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.