Herritarrak «aktibatu» nahi ditu Sortuk, «akordioak bermatzeko»

Uste du «bidegurutze» batean daudela EAEren estatus politikoaren eztabaida eta Nafarroako egoera. «Euskal errepublika» galdegin dute Donostiako Aste Nagusiko martxan
Sortuk antolatuta eta euskal errepublika baten alde Donostiako kaleetan atzo arratsaldean eginiko manifestazioa.
Sortuk antolatuta eta euskal errepublika baten alde Donostiako kaleetan atzo arratsaldean eginiko manifestazioa. JON URBE / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko abuztuak 12
Herritarrak «aktibatu» nahi ditu Sortuk, uste baitu «bidegurutze» batean dagoela euskal politika, eta heldu dela batera edo bestera jotzeko abagunea; eta hori egin nahi du, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoari buruzko eztabaidan, EAJ «bi bandetan jokatzeko daukan trebeziatik ateratzeko» eta Ahal Dugu «hitzetatik ekintzetara ekartzeko». Eta Nafarroan legealdi honetan abiatutako aldaketa «bururaino gauzatzeko». «Herria dugu paperean idazten diren akordio horiek praktikara eramateko berme bakarra, ez baitago akordio politiko eraginkorrik, ez baitago aldaketa errealik, herriaren babesik gabekorik. Herriaren borondatea dugu oinarri», esan zuen atzo Nuria Altzugarai Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak, Donostian eginiko manifestazioan.

Apirilean hasi zuten «euskal errepublikaren» aldeko kanpaina bat —mahai inguru eta bestelakoen bitartez gai sektorialak landuz—, eta horren bigarren faseari ekingo diote orain, «herritarrak aktibatzeko». Bide horretan, urrats bat egin nahi izan zuten atzo, Donostiako Aste Nagusiarekin hasierarekin batera ezker abertzaleak urtero egiten duen mobilizazioa baliatuz.

Dena erabakitzeko, euskal errepublika lelopean hiriko erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten, zabalguneko Artzain Onaren katedraletik abiatuz eta Parte Zaharreko Zuloaga plazan amaituz. Berrogei minutu behar izan zituzten manifestazioan parte hartu zuten guztiek bide hori egiteko.

Lehen lerroetan ez ziren joan Sorturen kiderik ezagunenak, alderdi horretako gazte erakundeetako, mugimendu feministako, langile mugimenduko, euskalgintzako eta bestelako taldeetakoak baizik, arlo horiei buruzko afixak eskuetan zituztela. Haiekin batera, baina pixka bat atzerago eta pankarta propioarekin, pentsiodunen talde bat joan zen.

Ikurrinak, Nafarroako banderak, Kataluniako esteladak eta euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen aldekoak eraman zituzten manifestari batzuek. Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarriak entzun ziren ibilbidean. Bisitariz mukuru zeuden Donostiako kaleak, eta haiei ere aritu zitzaizkien, «hau ez da Espainia, Euskal Herria da» leloen bidez. Pentsio duinen aldekoak ere ozen entzun ziren. Baina, bereziki, euskal presoen aldekoak nagusitu ziren martxa osoan. Amaierako saioan, Altzugaraik haiek gogoratzean, entzun zen txalo zaparradarik handiena. Kataluniako preso politikoak, Altsasuko gazteak eta migratzaileak ere izan zituen gogoan Sortuko kideak bere mintzaldian. Eusko gudariak abestuz amaitu zuten mobilizazioa.

Ziklo aldaketa

Altzugaraik azpimarratu zuenez, «zapalkuntzarik gabeko herria, gizon eta emakume librez osatutakoa», lortzeko egin du lan ezker abertzaleak beti. Bide horretan egindakoak «berrikusi eta zuzendu» behar izan dituela aitortu zuen, baina «iparra»ez dutela galdu. Orain, «ziklo bat itxi eta berri batean» egonagatik ere, esan zuen egungo baldintzak «hobeak» direla «urrats berriak egiteko». «Herritar gehienak daude erabakitzeko eskubidearen alde; herriarekin egin beharreko bidea da honakoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna