Anestesiako azterketa behin-behinean eten dute

Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzako lan eskaintza publikoan atzemandako filtrazioen inguruko auzia epaitegietan argitu arte ez da azterketarik errepikatuko. Hala erabaki du Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko Epaitegiak: Anestesiako proba bertan behera utzi du, behin-behinean, epai bat izan bitartean.

ESK sindikatuak eman zuen erabakiaren berri, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Txalotu egin zuen neurria, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponen lana auzitan jartzen duelakoan: «Agerian uzten du arduragabe jokatu duela krisi hau kudeatzean». ESK-k gogora ekarri du auzitegien bidea baino ez dela geratzen oposizioen afera argitzeko: «Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean ez zen onartu ikerketa batzordea sortzeko proposamena; beraz, auzitegietatik baino ez daitezke iritsi herritarrek eta langileek merezi dituzten erantzunak».

Ekainean lehertu zen Osakidetzako oposizioen auzia. Sindikatuek hemeretzi kategoriatan antzeman zituzten filtrazioak edo irregulartasun zantzuak, baina Osakidetzaren barne ikerketak zortzi diziplinari baino ez zien erreparatu; hiru espezialitatetako azterketak berriz egin behar zirela ebatzi zuen: Kardiologia, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, eta Anestesia. Epaimahaiak ez aldatzea erabaki zuen gobernuak, baina mahaiko kideak zozketa bidez hautatzeko eskatu zuen txostena egin zuen adituak. Neurri gehiago eskatu zituzten sindikatuek: oposizioen eredua bera zalantzan jarri zuten.

Eremu politikoan ere lurrikara eragin du gaiak. Uztailean, barne prozesu hartan Osakidetzak ondorioztatu zuen ez zegoela «ardura indibidualik egozteko frogarik». Azaroan, berriz, dimisioa eman zuen Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak, eta, handik astebetera, lekuko gisa deklaratzera deitu zuen fiskaltzak.

«Mendekua» salatu dute

Ikerketa martxan dagoela eta, edozein neurri hartzeko itxaron egin behar dela adierazi du orain epaitegiak. Osakidetzako zuzendaritzak ohar bidez adierazi du «errespetu osoz» hartu duela azterketa berriz egiteko prozesua eten izana, eta nabarmendu du oraindik ez dela epaitu «auziaren funtsa». ESK-k adierazi du espero duela errepikatzeke dauden gainerako azterketak ere bertan behera uztea behin betiko epai bat iritsi arte.

Bitartean, egoera gogorrak jasaten ari direla berretsi dute salaketa jarri zuten hiru medikuek. Roberto Sanchez anestesista salatzaileak jakinarazi du Osakidetzak «mendeku» hartu nahi duela, eta haietako bi «modu kamuflatuan kaleratzen» saiatzen ari dela, betetzen ari diren postuen jabeak itzul daitezen «presio eginez». Erantsi du «ausardia» falta zaiela medikuei: «Gehienek susmopean dagoen sistemaren bidez lortu dute postua, hau da, tranpa eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.