Kale gorria saihesteko bide iluna

Negualdiak beti ekarri ohi du, kalean bizi diren pertsonei begira, aparteko arta bat; arloan lanean ari direnen arabera, ugaritzen eta betikotzen ari dira etxe bat lortzeko zailtasunen ondorioz sortutako egoera arazotsuak.
Etxegabeen eskubideen aldeko protesta bat, Bilbon, Beste Bi-k antolatuta.
Etxegabeen eskubideen aldeko protesta bat, Bilbon, Beste Bi-k antolatuta. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 31
Kale gorrian lotan dauden gizonak; inoiz gutxitan, andreak ere bai. Etxegabeei buruz jardutean, usu nabarmentzen da irudi hori; erretratu horretatik harago doa, ordea, errealitatea: konplexuagoa da. Arloan lanean ari direnek haien jardunaren eremuan sartzen dituzte etxebizitza duin bat lortu ezin, eta hala moduzko konponbideetan dabiltzan pertsonak ere. «Emakume asko daude, adibidez, beren ardurapeko umeekin, eta etxebizitza bat lortzeko arazoekin: ahantzitako sektore bat dira horiek», azaldu du Xilema fundazioko ordezkari Ruben Unanuak; Iruñeko Udalarentzat ari dira, hirian etxerik gabe dauden pertsonentzako zerbitzuak koordinatzen. Caritasek Donostian etxegabeentzat duen Aterpe zerbitzuko arduraduna da Iñigo Martinez, eta bat dator: kale gorriak ez du erakusten etxegabeen errealitate guztia, ezkutuan ere badaude sarri egoera zail asko. Ezin uka: andreak daude maiz mundu lauso horietan. «Badakigu asko egon daitezkeela etxebizitzetako geletan-eta, eta usu babesgabetasun egoeretan daudela». Etxegabeen arazoak, oro har, ugaritzen ari direla diote eragile gehienek, eta sarri askotan, gainera, betikotzen ari direla.

Horren atzeko motiboetako bat alokairuen igoera da. Unanua: «Errentak gora ari dira; ikusi izan dugu jendea iritsi izan dela 250 euro eskatzera partekatutako gela batengatik». Alokairu bat hitzartu ahal izateko baldintzak ere eragozpen dira, gero eta zorrotzagoak baitira: «Gelak alokatzeko ere nomina bat eskatzen da zenbait kasutan». Kanpo uzten ditu horrek baliabide urriekin dabiltzanak. «Ikusten dugu badela jendea, diru sarrera batzuk izan arren, ezin duena egin etxebizitza batera iristeko urratsa», berretsi du Unanuak. Alde horretatik, alokairuen igoeraz gain, beste arazo bat ere ikusi dute, gainera, azkenaldian: «Pentsioen itxiera». Diru sarrera apaldun jende askorentzat abaro izan dira urte askotan, baina desagertzen ari dira. Bizkaian etxegabeen eskubideen alde ari den Beste Bi plataformako kidea da Joseba Gaya, haien inguruetan ere arazo hori bera dutela adierazi du: Bilbon ere pentsiorik gabe geratzen ari dira, eta aukerak urritzen ditu horrek. «Turismoaren ufada agerikoa izan da; pentsio asko zeuden lehen, eta horiek era ematen zieten hainbat pertsonari duin bizitzeko. Baina orain pentsio gutxi geratzen dira, alokairuan hartzeko etxeak urritzen ari dira, eta daudenak garestiak dira». Diru iturri apalak dituzten pertsona askok ezin dute, ondorioz, hautu duin batera urratsik egin. «Pertsonetan zentratutako politika» egokiagoak gauzatu ezean, arazoak gurpil zoro horretan biraka jarraituko duela esan du Gayak.

Ugaritu egin dira azkenaldian migratzaileak: Europarako bidean Euskal Herrian pausatu dira asko, hein handi batean Frantziak mugan jarri dituen arazoek bidea motelduta. Eragileen aburuz, ordea, horiek ez dituzte etxegabeei buruzko datuak ugaritu. Ugaritzen ari dira bestela ere. Ezin uka, migratzaileak dira horietako asko. «Ugaritu egin dira atzerritik etorritako pertsona gazteak; gizon gazteak dira gehienak, 18-20 urtekoak», esan du Martinezek. Paperik ez dute gehienek, eta gurpil zoro batean sartzen ditu horrek ere, egoera irregularrak zailago egiten baitu bazterreko egoera uzten laguntzeko baliabideak eskuratzea. Zerbitzuak horien beharretara ere moldatu behar direla uste du: «Tradizionalki, kalean zegoen pertsonen soslaia zen egoera traumatiko batzuen ondorioz kalean geratu zirenena: hori zen erreferentzia. Orain, sarri soslai horretatik bestelakoak dira... Irregular izateak ekartzen dizkie maiz arazoak».

Zerbitzu gehiago behar dira

Usu nahi eta ezinean ari direla diote arloan ari direnek. Iruñean aurten, esaterako, egunero 52 lagun inguru artatzen ari dira. Justu antzean dabiltzala onartu du Unanuak. «Iaz negua oso makurra izan zen, eta aurten, oro har, iaz baino eskari gutxiago izaten ari gara, baina handituko balira, pentsiorik gabe-eta, estu ibiliko ginateke». Badakite, gainera, ez direla heltzen premian diren guztiengana. Hala moduzko konponbideetan dauden pertsona asko haien baliabideetatik at geratzen dira, eta kale gorrian dauden hainbatek ere nahiago izaten dute hantxe jarraitu. «Bada jendea ez duena etorri nahi guk eskaintzen ditugun zerbitzuetara; nahiago izaten dute zubipean geratu. Asteotan, esaterako, kezkatuta ibili gara haiekin: urak gainezka egitekotan ibili baitira hainbat tokitan», onartu du Unanuak: «Gure zerbitzuetan jartzen ditugun arauak eragozpen izaten dira zenbaitentzat, edo beste jendearekin harremanak eduki behar izateak ere atzeratzen ditu hainbat pertsona... Buruko gaitzen arazoa ere hor dago». Bat dator hutsune horiekin Gaya. «Dei ezazu Bilboko Udalera; esango dizute etxegabeentzako lekuak libre dituztela...». Behar guztiak ez dituzte, ordea, beteta ikusten: «Zergatik dago jendea kalean? Agian, ematen diren erantzunak ez dira hain egokiak».

Martinezek ere onartu du arazoak dituztela premiak asetzeko: «Zerbitzuak ez dira aski: argi eta garbi. Badira pertsonak gure hirian oinarrizko beharrak ere ase ezin dituztenak». Pertsona asko arazoan betikotuta ikustea, gainera, etsigarria dela dio: «Babes ekonomiko batzuk izan arren, etxebizitza izatea zail da jende askorentzat; eta gure zerbitzuetan jarraitzen dute...». Baliabideak zamatzen ditu horrek. «Larrialdietarako behar lukete gure eskaintzek, baina kosta egiten da jendea beste zerbitzu batzuetara pasatzea». Asko: «Gure baliabideetan dabiltzanak beste zerbitzu batzuetarako urratsa egitea bi urte inguru luzatzen da». Ondorioak ditu horrek pertsona horien bihotz-barruetan, eta etorkizuneko planetan: «Horrek eragina du: emozioetan, osasunean... Jende askok esaten digu: 'Zergatik jarraitzen dute hor? Ez dute atera nahi?'. Kosta egiten da adieraztea ez dagoela lotuta pertsonen borondatearekin, baizik eta beste espazio batzuetara iristeko aukerekin», azaldu du. «Frustrazio horrekin bizi gara; gizarteratze prozesuak abiatu nahi ditugu, baina zailtasunek eragotzi egiten digute».

Gero eta makurrago

Bat dator Gaya: «Inoiz ez da aski. Eta ez da zerbitzu kontua bakarrik; politikak aldatu behar dira: etxebizitza politikak aldatu behar dira». Atzerritar zein bertako, bazterrean daudenek prekaritatea uzteko era egin behar da: bizileku duin bat izatekoa, eta, batez ere, horri eusteko baliabideak eskaintzekoa. «Izan ere, hainbat pertsonak etxebizitza baterako pausoa emanda ere, arazoak izaten dituzte horri eusteko: bazterkeria zirkuitutik kanpo egoteko». Maizter izateko baldintzak gogortuta eta eta pentsio hainbat desagertuta, gainera, lehen beltza zena oraindik ere ilunago ikusten dute: «Okerren zeudenak orain okerrago daude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna