Ekialde Hurbileko gatazka. Preso palestinarrak

Epaitu aurretik zigortuak

Israelek legedi militarra aplikatzen du Zisjordanian duen kartzela bakarrean. Askok ez dakite atxiloketaren arrazoia ere. 850.000 palestinar igaro dira handik 1968tik, eta egoerak ez du hobera egin: politika egiteko tresna gisa erabiltzen dituzte presoak.

Emakume batzuk, preso dituzten senideen argazkiekin. MOHAMMED SABER / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Txurro denda bat zirudien hark: buzo marroi bat soinean zuten mutil gazteak bata bestearen atzetik igarotzen ziren berdez jantzitako epaimahai militarraren paretik. Lehenik hiru pasatu ziren, jarraian beste lau; manifestazio batean atxilotu zuten bat, sare sozialetan argitalpen bat egiteagatik bestea, harri bat jaurtitzeagatik atxilotuak ere baziren... Obrako etxolak diruditen epaitegi horietatik igarotzen direnen %98 kondenatu egiten dituzte». Iñigo Egiluz abokatu gasteiztarraren testigantza da. Deskribatzen ari dena, berriz, Ofergo kartzela (Zisjordania), Israelek lurralde okupatuan duen espetxe bakarra. Kartzelako epaitegi militarrean igaro zuen goiza ari da kontatzen.

Israelek 1968. urtean Palestina okupatu zuenetik, 850.000 palestinar inguru pasatu dira Israelek kontrolatutako kartzeletatik: gizonezko palestinarhelduen %40 —gutxiago, baina emakumeak ere badira espetxeratuen artean—. Egiluzek azaldu bezala, ia edozein izan daiteke kartzelatzeko arrazoia, edozein delitu arin. Arrazoi jakinik gabe ere atxilotzen dituzte asko: Israelek atxiloketa administratibo deitzen ditu, eta horrela daude egun Israelek preso dituen 5.000 palestinarretatik 458.

Egiluzen iritziz, «existitzen den gauzarik diskriminatzaileenetako bat da; ez akusatuak ez bere abokatuak ezin dute atxiloketa txostena ikusi, sekretua dela baitiote». Ondorioz, bat baino gehiago dira kartzelan hilabeteak edo urteak igaro, kalera irten, eta oraindik atxiloketaren arrazoia ez dakitenak. Abokatuaren hitzetan, «arrazoi zehatzik ez dagoela jakina da sarri, baina pertsona hori atxilotzea komeni zaie». Nagusiki, arrazoi politikoengatik. Badira atxiloketa administratiboan zortzi urte igaro dituztenak.

Ofergo kartzelan goiz bat igaro zuen Egiluzek, egun hartan epaitu behar zituzten presoen senideekin. Han ikusi zuena «antzerki moduko bat» iruditu zitzaion: «Lurralde okupatu bat da, eta epaitegi hori legedia militarra ari da ezartzen han; baina kontuan hartuz gero 50 urte daramatzala egoera berdinean, zentzua galdu du araudi hori aplikatzeak. Zenbat denbora egongo dira horrela?». Herritar batzuen eta besteen arteko tratu diskriminatzailea ere salatu zuen: «Hamasei urte baino gutxiago dituen mutiko bati legedia militarra aplikatzen ari dira harri bat botatzeagatik; kolonizatzaile israeldar bati ez zaio ezer gertatzen gauza bera egiteagatik».

Atxilotu ostean, preso palestinarrek eta haien abokatuek ez dute irtenbide asko. Epailearen aurrera eramaten dituztenean kondena bat proposatzen diete gehienei, eta aukera dute hori onartzeko edo ukatzeko. Ukatuz gero, ordea, hilabete batzuk geroago egiten da epaiketa, eta bitartean betetako zigorra ez da kontuan hartzen; hau da, sei hilabete kartzelan igaro dituen presoari epaiketa egin eta hamar hilabeteko zigorra ezartzen badiote, guztira hamasei hilabete egin beharko ditu espetxean.

Palestinarrek Israelen kontrolpeko kartzeletan dituzten bizi baldintzak ez dira nolanahikoak. Presoen eskubideen aldeko erakundeek urteak daramatzate tratu txarrak eta torturak salatzen eta adingabeak helduen kartzelatan ez sartzeko eskatzen. Atxiloketa administratiboen aurkako borrokan ere bai.

Gainera, egoerak hobera egin beharrean, okerrera egin zuen 2019. urtean, Guilad Erdan Israelgo Segurtasun Publikorako ministroak preso palestinarren eskubideak mugatzeko neurri berriak iragarri zituenean. «Festa amaitu da», esan zuen 2019ko urtarrilaren 2an. «Terroristak»—hala izendatu zituen preso palestinarrak— sukalde batean ageri ziren irudi batzuei buruz ari zen, eta hainbat neurri hartu zituen ustezko «festa» amaitzeko: ura mugatu zien presoei, janaria debekatu zuen zeldetan, eta interferentziak sortzeko gailuak jarri zituen espetxeetan, sakelakoaren erabilera oztopatzeko. Erabakiak arrazoitzeko, Erdanek «segurtasun arrazoiak» aipatu zituen.

Hauteskundeen eragina

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak presoen aurka jo izanak badu arrazoi bat: 2019a hauteskunde urtea izan zen. Apirilaren 9ko hauteskundeak baino astebete lehenago egin zituzten zenbait sarekada Oferren. Dirudienez, errentagarria da segurtasun indarrek presoak jotzen dituzten irudiak zabaltzea eta adierazpen gogorrak egitea.

Preso palestinarrek borrokarako hainbat metodo erabili dituzte azken urteetan; sonatuenak, gose grebak. 2017ko maiatzean, 834 presok egin zuten baraua berrogei egunez. Israel negoziatzera behartu zuten, baina ez zuten hobekuntza askorik lortu: senideek hilabetean bat beharrean bi bisita egin ahal izatea besterik ez.

Etorkizunera begira, Israeli ondo datorkio okupazioarekin eta epaiketa militarrekin jarraitzea, Egiluzen arabera: «Koloniak handitzen ari dira, etxeak eraisten jarraitzen dute, Zisjordaniako ura kontrolatzen dute...».

Testuinguruak ez du hobera egiteko itxurarik. Herrialdeko bi eragile politiko nagusiak, Al-Fatah eta Hamas, blokeo batean daude, eta Donald Trump agintera heldu zenetik krisiak okerrera egin du. Haren gobernuak Palestinaren kontrako neurri ugari bultzatu ditu azken hilabeteetan: besteak beste, AEBetako enbaxada Jerusalemera aldatu du, eta diru laguntzak ia guztiz kendu dizkie atzerrian bizi diren bost milioi errefuxiatu palestinarrei. Azken kolpea izan da Ekialde Hurbilerako egitasmoa, zeinak palestinarren aldarrikapenak bazterrean uzten dituen, Israelen nagusitasuna bermatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.