Nazioarteko babes bila ariko dira epaiketa politikoen kontra

Askapenak eta Eleak-ek elkartasun kanpaina bat abiatuko dute Italian, Alemanian, Herrialde Katalanetan eta Argentinan, besteak beste

Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Epaiketa politikoak amaitzeko aldarria nazioartean zabalduko dute Askapenak eta Eleak mugimenduak, Euskal Herriaren Lagunak sarearekin elkarlanean. Eskubide zibil eta politikoen aldeko egitasmoak antolatu dituzte hiru elkarteek Parisen, Madrilen, Herrialde Katalanetan, Andaluzian, Italian, Alemanian, Eskozian, Argentinan eta Venezuelan, atzo Gasteizen egindako agerraldian aurreratu zutenez .

Auzipetuen bizipenak eta hausnarketak ahalik eta lagun gehienekin konpartitzea da kanpainaren helburu nagusia, nazioartean «elkartasuna indartzeko asmoz». Baina kontatzera bakarrik ez, entzutera ere joan nahi dute, «borrokarako baliagarriak izan daitezkeen erremintekin» itzultzeko. Hainbat egitasmok osatuko dute egitaraua. Besteren artean, Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentalaren bitartez, ezagutzera emango dituzte Euskal Herrian auzipetuak babesteko eratu ziren herri harresien esperientzia eta testigantzak.

Auzipetuek beren esperientzia pertsonalaren berri emango dute hitzaldi eta solasaldietan. Hala, atxiloketaren inguruko bizipenak, torturari lotutakoak, espetxeratuak izan zirenekoak edo epaiketa prozesuaren gaineko hausnarketak izango dira partekatuko dituztenak. Azkenik, eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko sozializazio ekintzak iragarri dituzte: eskuorrien banaketa, herri bazkariak...

Erroman ekingo diote nazioarteko kanpainari, apirilaren 1ean.Hitzaldi sortak eta festak beteko dute egitaraua. Apirilaren 10erako, berriz, Parisen antolatu dituzte hitzaldiak. Herrialde Katalanetako hainbat puntutan izango dira ekitaldiak apirilaren 15 eta 17 bitartean, eta, datarik zehaztu ez den arren, kanpaina gainontzeko herrialdeetara hedatuko da ondoren. Askapenak eta Eleak-ek argitu dutenez, datozen egunetan egitaraua gehiago zabaltzea espero dute, eta egitasmo berriak lotu ahala iragarriko dituzte.

Aurkeztu berri den kanpainak segida emango dio Askapenako bost auzipetuak babesteko egin zenari. Orduan ere, epaiketa politikoen amaiera eskatu zuen Euskal Herriaren Lagunak elkarteak hainbat herrialdetan.

Epaiketa politikoek diraute

Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak oraindik ere urratzen direla azpimarratu dute Eleak mugimenduak eta Askapenak. «Euskal Herriko militanteen kontrako epaiketa politikoak ez dira amaitu». Gogorarazi dutenez, hamasei pertsona daude Auzitegi Nazionalean epaitzeko zain. Basque lives matter eta #Aztnugal salaketa kanpainetan bildu diren herritarren egoera salatu dute. «Kartzela zigorrak eskatzen zaizkie torturapean egin zituzten aitortzetan oinarrituta».

Egoera hori amaitzeko eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izan daitezen, «oso garrantzitsu» deritzote nazioartean bil dezaketen elkartasun eta konpromiso orori. «Argi dugu salbuespen neurrien aurkako borroka gure herrian pizten dugun indarren arabera irabazi edo galduko dugula. Era berean, argi daukagu internazionalismoak elikatu egiten gaituela».

Azken urteetan epaiketa politiko eta espetxeratzeen kontrako egitasmoek nazioartean izan duten oihartzuna nabarmendu dute Askapenak eta Eleak-ek. Asko izan dira jaso dituzten elkartasun eta atxikimendu mezuak, baita haien bizipenak kontatzeko gonbidapenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.