Udalek protokolo berria izango dute Gipuzkoan sexu erasoen kontra

Indarkeria matxistaren aurkako erantzuna bateratu nahi du diputazioak. Gasteizen gizon bat atxiki dute andre bati erasotzea egotzita
Diputazioko eta udaletako ordezkariak, atzo.
Diputazioko eta udaletako ordezkariak, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 19
Indarkeria matxistaren aurkako erantzuna «harmonizatu» nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak; sexu eraso bat gertatzean udal bakoitzak hartu beharreko neurriak koordinatu, erantzun instituzionala «argia, irmoa eta koherentea» izan dadin. Horretarako, sexu indarkeriaren aurkako protokolo bat ondu du diputazioak, lurralde osoko udalerrietan aplikatzeko. Markel Olano ahaldun nagusiak aurkeztu zuen agiria, atzo, 51 udalerritako alkateen eta beste hainbat hautetsiren aurrean.

Emakumeen aurkako indarkeria gizarteak duen «egiturazko arazo handienetako bat» dela ohartarazi zuen diputatu nagusiak; horri aurre egiteko, protokolo berriak «ekintza esparru eta erantzun estandarizatu komuna eskainiko ditu». Olanoren esanetan, agiria «erreferentziazko tresna» izango da, «Gipuzkoan fronte sinboliko komun eta kohesionatua» eraikitze aldera. «Gure garapena eta etorkizuneko ongizatea egun abiatzen ditugun berdintasun politika eta ekintzek zehaztuko dute».

Gipuzkoako Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak, berriz, erakunde horren eta udalerrien arteko «koordinazio lan zabala» azpimarratu zuen. Haren esanetan, udalerriek «protagonismoa» dute protokoloan; baita txikienek ere: «Baliabide nahikorik ez duten udalei tresnak eman eta bidea erraztea bilatu dugu».

Dokumentuak sexu indarkeriaren aurkako ekintzen «esparru juridikoa eta terminologikoa» arautu eta koordinatzen du, eta, gainera, erasoei aurre egiteko jarraibideak zehazten ditu, eraso bakoitzaren larritasunaren arabera. Erakundeen arteko koordinazio urratsak azaltzen ditu protokoloak, eta baliabideak eskaintzen dizkie udalei, adierazpen instituzionalak edota mobilizatzeko deialdiak egin ditzaten. Bestalde, erasoa sufritu duten emakumeen eta haien senideen esku jartzen ditu diputazioaren arreta eta informazio zerbitzuak.

Cabezudoren biktimak

Kote Cabezudoren biktimei baliabide instituzionalak eskainiko dizkie Donostiako Udalak. Bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzional bat onartuko du gaur, alderdi guztiek adostuta. «Sexu erasoen biktimei elkartasuna» helaraziko die, eta argazkilariak eraso egindako andreei laguntza eskainiko die, bai ikerketan, bai auzia jakinarazteko.

Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 44 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, bi alaba adingabeen aurrean emazteari eraso egitea leporatuta. Udaltzainen esanetan, dei bat jaso zuten larunbat gauerdian, etxebizitza batean «eztabaida gogor bat» piztu zela salatzeko. Senar-emazteen azalpenak entzunda eta andrearen zauriak ikusita, atxilo eraman zuten gizona, eta ospitalera eraman zituzten emakumeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna