BASERRITIK KALERAKO ZUBIA

«Azokak ez daitezela gal!». Hori eskatzen eta desiratzen dute baserritarrek eta erosleek. Azpeitian eta Donostian argi dute: baserriek bizirik irauteko beharrezkoak dira, eta kontsumitzaileentzat askoz osasuntsuagoak.

Baserritar bat Azpeitiko azokan bere produktuak saltzen, asteartean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdiak dira Azpeitiko berdura plazan, eta jende ugari dabil joan-etorrian. Batzuek baserritarren postuak jarri bezain azkar egin dituzte erosketak; besteek nahiago izan dute lasai gosaldu ondoren agertu. Azoka plaza guztiz berrituta dago, eta baserritarren postuen inguruan harategia, sukaldea eta bertako produktuen supermerkatua daude. Elikagunea da, tokiko produktuak bultzatzeko aurten martxan jarritako proiektua. Azpeitiko azoka eredutzat dute EHUk Gipuzkoako baserritarren azoken inguruan egindako ikerketan. Haren arabera, Gipuzkoako azoken eragin ekonomikoa 76,5 milioi euro da, lurraldeko barne produktu gordinaren %0,35.

Azterketak dio azokek 26.000 pertsona mugitzen dituztela astero. Horietako bat da Aurelio Aiertza, Errezilgo Lizarreta Errota baserrikoa. « Duela ehun urtetik-edo etorriko da gure familia hona». Etorkizuna ez du garbi, ordea: «Niretzat azokak jaitsiz joango dira. Azken hogei urtean beheraka doaz». Aiertzak dio lehen prezioak negoziatzen zirela, baina orain hori ere ia galdu dela.

Mahaietatik igaro ahala, produktu asko ikus daitezke, baina barazkiak dira nagusi. Barazkiz beteta dauka Azpeitiko Enparan Gain baserriko Ekaitz Agirrek ere postua. Hamar urte daramatza azokan, eta astean bi aldiz jaisten da. Asteartean eta ostiralean jende desberdina datorrela dio: «Asteartean, emakume helduak izaten dira gehienak. Ostiraletan, berriz, gizon gehiago eta jende gaztea». Azokan erosteko arrazoi ak ohitura eta jenero ona egotea direla dio.

Agirreren postuan erosi du Karmen Bordak. Astean lau aldizetortzen da, produktu oso onak daudelako eta baserritarrekin duen zuzeneko harremana gustatzen zaiolako. «Supermerkatuak oso hotzak dira: hartu, pisatu eta bazoaz». Ahal duen artean azokan erosten jarraituko du: «Hauek bultzatu beharra daukagu; bestela, Azpeitiko denda txiki asko bezala, itxi egingo dira».

Pixka bat aurrerago dago Errezilgo Aranguren baserriko Ignacia Zugasti. Berrogeita hamar urte inguruan etorri da azokara, eta asko aldatuta daudela dio: «Lehen, etiketarik gabe ekartzen genuen etxean sobran geneukan guztia. Oilaskoak eta konejuak ere bai, baina orain ezin da animaliarik saldu».

Batez ere erosle helduak

Erosleak ere zahartuz doazela dio: «Jende bastoiduna etortzen da». Salmentetan, berriz, boladak egoten direla dio: «Gaur lekakekarri ditut, eta, gosaldu eta etorri naizenerako, denak saldu dizkit auzokoak». Nabari da auzokoek elkarri laguntzen diotela. Alboko gizonak kanpora doala esan dio, eta Zugastiren kontu utzi du postua. «Etorri ere hauekin egiten naiz, autorik ez daukadalako».

Maria Luisa Irulegi azokan sartu berria da. Astean bitan etortzen da, beti hemen erosi izan duelako.«Ez dago konparatzerik baserriko porruak jan edo denda handietan erositako gogor horiek jan». Etxekoei ere azokan erosteko esaten die. «Askoz hobea da».

Azokako atetik ateratzean, mundu bat atzean utzi eta beste bat agertzen da. Fruta tropikalen eta munduko txoko askotatikekarritako arropen postuak daude hemen. Erabat desberdina.

Hirian ere bai

Ez dute zerikusirik Donostiako San Martin azokaren inguruan dauden bi munduek ere. Goian, arropa eta teknologia denda handiak daude; behean, berriz, supermerkatu bat. Hala ere, baserritarrek tinko jarraitzen dute beren postuekin.

Urnietako Errekalde baserriko Mari Karmen Oregik otarreetan txukun jarrita dauzka bere produktu guztiak: piperrak, letxugak, tomateak, tipulak, intxaurrak... Zazpi urte daramatza San Martineko azokara joaten, astelehenetik larunbatera.

Denetariko erosleak dituztela dio, baita turistak ere, baina jende gaztearen falta sumatzen du. Hala ere, baserritarren azokek iraungo dutela iruditzen zaio: «Guk behintzat jarraituko dugu etortzen. Ni kalekumea naiz, eta baserrira joan naiz. Iruditzen zait bizi daitekeela baserritik».

Haren ondoko postuan dago Tomas Imaz zubietarra. Imazek ere barazkiz betea du mahai guztia, eta berezia da haren alaba egiten ari den lana: lekak, azenarioak eta bestelako barazki batzuk puska txikitan egin, eta kaxetan sartzen ditu; gero, barazki mota bakoitza bere zorrotxoetan jarri, eta horrela erosten ditu jendeak. «Gero eta azkarrago ari da aldatzen guztia», dio Imazek.

Erostera joaten zaien jendea ere askotarikoa da: «Pertsona xumeak nahiz dirudunak etortzen dira, batez ere helduak. Azkenaldian gazteak ere gehiago etortzen direla dirudi». Gehienbat, elikadura pixka bat zaintzen duen jendea joaten zaie, produktu freskoak nahi izaten dituztelako.

Supermerkatua eta azoka uztartuta daude San Martinen: «Produktu freskoen bila guregana etortzen dira, eta gainerakoak supermerkatuan erosten dituzte». Salmentak beheraka doazen arren, etortzen jarraituko dutela dio: «Mantendu egin behar ditugu!».

Erosle asko

Jende ugari dabil San Martin azokan. Udako egun eguzkitsu bat da, eta jendeak eskertzen du bertan dagoen freskotasuna. Turistaren bat badago ere, batez ere bertako jendea ari da erosten. Mari Jose Goñi, Mari Karmen Goñi eta Geronima Gonzalez dira horietako batzuk. Eskuetan poltsa pila dutela doaz azokako sarrerara. «Bizi guztian hemen erosi izan dugu, eta 76 urterekin ere hemen jarraitzen dugu». Baserritarrei erostea gustatzen zaie, horrela badakitelako jaten dutena hemengoa dela: «Supermerkatuetan ez dakigu gauzak nondik ekartzen dituzten ere». Beti baserritar berari erosteko ohitura dute. «Hemen erosiz gero, badakizu osasuntsu jaten ari zarela. Ez ditzatela ken!». Beraiek ibiltzeko gai diren bitartean azokara joaten jarraituko dutela diote. Egungo erosleek eta baserritarrak prest daude azokan jarraitzeko, zalantzan dagoena da hurrengo belaunaldiek hori egingo ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.