Osakidetzako oposizioetan epaimahaiak zozketa bidez aukeratzea proposatu dute

Aditu batek 68 proposamen egin ditu hautaketa prozesuak berritzeko. Osakidetzak egitura aldatuko du Giza Baliabideen Zuzendaritzan

Aurtengo ekainean egindako Osakidetzako lan eskaintza publikoaren azterketa, BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Osakidetzako profesionalak aukeratzeko sistema berrikusi egingo du Osasun Sailak. Prozesu horretarako oinarri gisa, Jaurlaritzak berak Rafael Jimenez Asensio EHUko Zuzenbide doktoreari eskatutako txosten bat baliatuko dute. Txostenak 68 neurri ditu. Horien artean, lan eskaintzen epaimahaietarako zenbait neurri proposatu ditu adituak. Epaimahaikideen kopurua urritzearen aldekoa da: hiru edo bost. Azken enplegu eskaintzan zortzi epaimahaikide zeuden. Kide horien «profesionaltasuna, objektibotasuna eta inpartzialtasuna» handitzea egokitzat jo du. Horretarako, heziketaz gain, epaimahaikideak zozketa bidez aukeratzea proposatu du. Azkenik, epaimahaikideek jokabide kode bat «derrigor» onartu beharra jaso du.

Proposamen guztiak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean xehatu zituen Jimenezek berak, atzo, Jon Darpon Osasun sailburuarekin eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariarekin. Zehaztu zuen ekarpenak, hein handian, osasun sistema publikoko mediku espezialisten aukeraketara bideratuta daudela. Aurkeztutako proposamenen gainean eztabaidatuko dute datozen hilabeteetan Osakidetzako profesionalen hautaketa prozesua erabakitzeko. Hainbat eragilek izango dute aukera ekarpenak egiteko: Eusko Legebiltzarreko taldeek, sindikatuek, mediku elkargoek eta EAEko Arartekoak.

Txostengileak argudiatu du egungo enplegu eskaintzen eredua «tresna zaharra» dela, eta indarrean dagoen araudiaren ondorioz erabiltzen dutela oraindik. Hala ere, ohartarazi du araudi horrek aukera gehiago eskaintzen dituela. Haren arabera, aukera horiei heldu behar zaie «beste pauso bat» emateko. «Hautaketa sistema analogikoa da mundu digitalean; berehalako erantzunak behar dira gaur egun».

Halaber, azterketa ereduari dagokionez, test moduko galdetegiak gainditu beharraz aritu da Jimenez. Test horien ordez, sendagile espezialisten aukeraketan beste proba batzuk erabiltzearen alde egin du; adibidez, «jokabide elkarrizketa egituratuak».

Kontratazio unitate berezia

Txosten horretaz gain, neurri gehiago iragarri ditu Osakidetzak. Aldatu egingo dute Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren antolaketa: langileen aukeraketa prozesuetarako atal bat sortuko dute hiru hilabete baino lehen. Mugika zuzendariaren arabera, hautaketaz arduratzen diren profesionalak, oro har, legelariak dira egun, eta «beste profil bateko adituak» izan nahi dituzte: analista informatikoak, hautaketa prozesuetan adituak... Bertako profesionalak elkarlanean arituko dira beste aditu batzuekin.

Oposizioko taldeek salatu dute akatsak izan zirela aitortu gabe proposatu dituela neurriak Darpon sailburuak. Gaur, EH Bilduk ekinbide bat aurkeztuko du ikerketa batzorde bat abiarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.