«Presoak etxeratzeko» aldarrikatuko du Sarek Donostian, «festa giroan»

Abuztuaren 21eko mobilizazioarekin martxan jarritako 'Ibilian-ibilian, etxerako bidean' egitasmoari bukaera emango diote Gipuzkoan

Mobilizazioa aurkeztu zuten atzo, Artzain Onaren aurrean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
unai etxenausia
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk jarri zuen martxan Sarek Ibilian-ibilian, etxerako bidean egitasmoa. Gipuzkoan hasiera eman zioten egitasmo eta mobilizazio maratoi bati. Bi astean behin, eskualde bakoitzak aurrekoaren lekukoa hartuko du (Deba aldetik Buruntzara, Buruntzatik Goierrira, Goierritik Tolosaldera, Tolosaldetik Urolara, ondoren Oiartzualdera). Jarduera maratoi hau abuztuaren 21ean bukatuko da, Donostiara egingo den ibilaldiarekin eta Gipuzkoako eskualde guztiak batuko dituen mobilizazioarekin. Manifestazioa Donostiako Artzain Onaren katedraletik abiatuko da, 17:30ean; «festa giroan» izango dela iragarri dute. Bertan, euskal presoei «legeak berak dioen bidea irekitzea» eskatuko dute, neurri erantsirik gabe.

Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dute dinamika, «benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko», presoen etxeratze prozesua azkartzea helburu dutela. Sareren ustez, etxeratze prozesuetan azken hilabeteetan «pauso garrantzitsuak» emateak fase zahar bat ixtea eta beste bat irekitzea ekarri du: «Bakartzea, lehen graduak eta urrutien dauden espetxeak atzean utzi ditugu behingoz, baina egoera berri honetan oraindik ere badira hamaika oztopo. Bigarren graduan egonik ere, baimenak jasotzeko edota hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik oraindik». Gainera, salatu dute, beste hainbat salbuespen neurri bezala, euskal presoei oraindik ez zaiela uzten legeak dioen ibilbidea jorratzen.

Sareren hitzetan, euskal presoak gerturatzea «lortu» bada ere, eskatzen dute guztiak Euskal Herriratzea: «Euskal presoak gerturatzea lortu badugu ere, argi dago Euskal Herrira ekarri behar ditugula, gaixo larriek etxean egon behar dutela, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaiela, 85 haur motxiladunek oraindik ezin dituztela besarkadak normaltasunez jaso...». Salbuespen neurri guztiak «bertan behera» geratzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatuko dute.

Abuztua bitartean, Hego Euskal Herriko beste bi hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte: abuztuaren 3an, Gasteizen, eta abuztuaren 27an, Bilbon. Aurretik, uztailaren 3an Iruñean egin zuten. Urriaren 23an emango diote amaiera dinamikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.