joxerra senar
ANALISIA

Navarra Suma gehiago edo gutxiago

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Gu gara Navarra Suma. Hor harmailetan gauden hogei parlamentari horiek». Osteguneko osoko bilkuran, horrela mintzatu zitzaion Maria Jesus Valdemoros parlamentaria PSNri, hark UPN bide okerretik zihoala adierazi nahi izan zionean. Anekdota horrek adierazten du uneotan UPNko hamabost parlamentariak koalizioaren barruan urtuta daudela, eta oraingoz proiektu komun horrekin identifikatzen direla osorik.

Alta, diskurtso ofizialetatik harago, sakonean borborka dagoen alderdia izan behar du uneotan UPNk. Iruñeko Udala eta Nafarroako beste hainbat udal garrantzitsu berreskuratu ditu, bai; baina Nafarroako Gobernurik gabe geratu da, eta iraganean boterea ziurtatu dien gaztatxoaren beste zatia, PSN, eurengandik gero eta aldenduago dago. Madrilgo bi alderdi nagusien eskutik, are eskuinerago joateko bidaia hartu du, eta PSNk zentraltasuna bereganatu die. Sozialisten kontraesanak azpimarratuz, gobernua higatzen dihardu buru-belarri eskuineko koalizioak, baina legealdia aldatu dela ez da jabetu: gauza bat da Barkosen aurka egitea eta beste bat etorkizuneko balizko solaskide izan behar lukeena goiz eta egun kritikatzea. PPri bost axola, baina... eta UPNri?

Oso ongi adierazi zuen hori Miguel Sanzek duela gutxi: «UPNren irudia apur bat nahasita dago Navarra Suman». Denborak aurrera egin ahala, gero eta lausoagoa izango da UPNren marka. Bidegurutze horretan dator orain batzarra. Zer egingo du: marka berria sendotu, euren proiektua arriskuan jarriz, ala bide propio bat hartu? Hain garai aldakorrean, ez du hautu erraza: Navarra Suma gehiago... edo gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.