Genero bortxaren aurka, prebentzioa landuko du EHUk protokolo berrian

2012koa moldatu du. Ingurune seguru bat eraikitzea eta mantentzea du helburu. Neurri berrien artean, batzorde berezi bat eratuko da

Protokolo berria aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Leioa
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurka 2012an sortutako protokoloa eguneratu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Prebentzioan jarri nahi dute indarra, «ingurune seguru bat eraikitzean», baina erasoei erantzuteko ere prestatu dira: genero indarkeria kasuez arduratuko den batzorde bat eratuko dute. Neurrion bidez, EHUk konpromisoa hartu du bortxa hori pairatu duten pertsonei laguntza eskaintzeko, behar diren baliabideak jarriz eta irtenbide zehatzak bilatuz.

Leioako campusean (Bizkaia) aurkeztu zuten atzo protokolo berritua. Han izan ziren Leire Imaz Zubiaur EHUko Berdintasun zuzendaria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Nekane Balluerka EHUko errektorea. 300 lagun baino gehiagoren parte hartzearekin moldatu dute protokoloa: ikasleak, irakasleak, ikertzaileak, langileak... «Tresna garrantzitsua izango da unibertsitatearen espazio fisikoan zein birtualean gertatzen diren genero indarkerien aurka egiteko, baita horiek pairatu dituzten kideei laguntza eta babesa eskaintzeko ere», esan zuen Imazek.

Honela definitu du protokoloak genero indarkeria: «Genero arrazoiengatik eginiko indarkeria fisiko eta psikiko ekintza oro, sexu abusuak eta erasoak barne, baita sexu jazarpena eta sexuagatiko, genero identitate eta adierazpenagatiko edo sexu orientazioagatiko jazarpena ere». Hala, EHUk bortizkeria horiekin lotutako jarrerak desagerrarazteko helburua jarri du. Batetik, berebiziko garrantzia emango dio prebentzioari, indarkeriari aurrea hartzen saiatzeko: informazioa, prestakuntza, sentsibilizazio kanpainak... Bestetik, batzorde berezi bat sortuko dute; hainbat neurri hartu ahal izango du, bortxa pairatu dutenen segurtasuna bermatzeko, salaketa jartzeko erabakian laguntzeko edo erasotzaileari espediente akademikoa zabaltzeko. Intimitatea bermatzeko neurriak ere eskainiko ditu.

Espedientea irakasle bati

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioen harira, Leioako unibertsitateko Mugimendu Feministak salatu zuen irakasle batek bi ikasle makila batez jo eta beste batzuk iraindu zituela. BERRIAk jakin ahal izan duenez, irakasle horri diziplina txostena ireki diote. «Instruktore batek darama kasua, eta ebazpena ateratzen denean jakingo dugu zer ondorio egongo diren», adierazi dute berdintasun batzordeko iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.