Produkzioa ez da errenta

Nahiz eta biztanleko BPGrik handiena Arabako Errioxak izan, eskualde horrek du batez besteko errentarik txikiena. Krisi hasieran baino bi eskualde gehiago daude EAEko batezbestekotik behera

Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Eskualde berbera izan daiteke, aldi berean, aberatsena eta pobreena. Izan daiteke, eta da. Ezinezkoa badirudi ere, kontraesan ugari daude errealitatean, eta gakoa begiratzeko moduan dago, errealitatea neurtzeko moduan. Eustaten azken datuen arabera—2016koak dira—, Arabako Errioxak dauka biztanleko BPG Barne Produktu Gordinik handiena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aintzat hartuta: 62.120 euro pertsonako. Hala ere, fokua produkzioan jarri beharrean diru sarreretan jarriz gero, Arabako Errioxa da EAEko eskualderik pobreena: 16.689 euroko errenta, batez beste, biztanleko. Gauza bat aberastasunaren sorrera da, eta beste bat, ezberdina, aberastasunaren banaketa; ez baita lurraldean bertan geratzen han sortutako ondasun guztia.

Biztanleko BPGa aberastasunaren sorrera neurtzeko neurgailu bat da, produkzioarekin lotuta dagoena; horren ondorioz, handiagoa da industria eta zerbitzu sektore indartsuak dauzkaten eremuetan. Aldiz, biztanleko batez besteko errentak pertsonekin eta bizilekuekin dauka lotura.

Industriaren garrantzia

Ez da kasualitatea, beraz, industriak sekulako pisua izatea per capita BPGrik handiena daukaten hamar udalerrietan: Olaberrian, Ajangizen, Etxebarrian eta Izurtzan, esate baterako, %80tik gorako pisua dauka. BPGari dagokionez, udalerri aberatsena Zamudio da (Bizkaia), eta han orekatuagoa da industriaren (%42) eta zerbitzuen (%54) arteko aldea: zuzeneko eragin dauka bertako parke teknologikoak, zeinak ingeniaritza zerbitzudun enpresak baititu, eta aeronautikari lotutako industria. Guardia (Araba) da udalerri aberatsenetan hamargarrena, eta han ere orekatuta daude industria (%49) eta zerbitzuak (%40), nagusiki ardoaren industriari eta haren inguruko turismo eta ostalaritza jarduerei esker.

EAEn 32.771 eurokoa zen biztanleko BPGa 2016an, baina batez besteko errenta 12.328 euro urriagoa zen, 20.443 eurokoa; hau da, ia %38 apalagoa. Eta aldeak aldeago dira emakumeentzat: 2016an gizonezkoen batez besteko errenta 25.696 eurokoa bazen EAEn, emakumeena 15.578 eurokoa zen. Beste era batera esateko: soldata arrakala 10.118 eurokoa zen, %39koa.

Oso interesgarria da eskualdeen sailkapenak konparatzea, BPGarena eta errentarena, ez datozelako bat. Produkzioari lotutako indizeari erreparatuta, Arabako Errioxa da aberatsena (62.120 euro pertsonako), eta Arabako Ibarrak (56.420) eta Gorbeialdeak (42.894) jarraitzen diote. Errentaren zerrendako lehen hiruen artean soilik Gorbeialdeak eusten dio, bigarren postuan (23.259); per capita errentarik handiena Debagoienak du (23.323), eta hirugarrena Plentzia-Mungia eskualdea da (22.933).

2016an, hamar eskualde zeuden EAEko biztanleko batez besteko BPGaren gainetik, eta beste hamar azpitik. Emaitzek txarrera egin dute, 2008an hamabi eskualde baitzeuden batezbestekotik gora, eta, 2000n, hamalau.

Biztanleen %35 hiriburuetan bizi dira, eta hirurak daude EAEko batezbestekotik gora. 2016an, Donostiak zeukan per capitaBPGrik handiena (39.337 euro), Gasteizen (34.525) eta Bilboren (32.986) aurretik. Sektoreei dagokienez, Gasteiz da orekatuena: zerbitzuek %67ko pisua dute, eta industriak %28koa. Donostian %89 dira zerbitzuak, eta Bilbon, %90.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.