Mayk ohartarazi du adostasun faltak 'brexit'-a atzeratuko duela

Erresuma Batuko lehen ministroak onartu du ez duela babesik EBrekin egindako akordioa aurrera ateratzeko Komunen Ganberan. Gobernuak ez du konpromisorik hartuko beste bozketekin

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan hitz egiten. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Komunen Ganberak bitan eman dio ezezko nabarmena Londresek eta Bruselak duela lau hilabete brexit-erako lortutako akordioari. Theresa Mayren asmoa da diputatuek itun hori bozkatzea eta onartzea, eta dibortzioa EB Europako Batasunarekin lehengo astean adosturiko data berrian egitea, apirilaren 12an. Baina Erresuma Batuko lehen ministroak berriro frogatu du bere alderdiko—Alderdi Kontserbadoreko— brexiter euroeszeptikoenak ez daudela prest ituna babesteko, eta ezin izan dituela konbentzitu. Komunen Ganberan mintzatu zen atzo, eta onartu zuen ez duela nahikoa babesik akordio hori ganberan aurrera ateratzeko. Beraz, itun hori bozketara eramatea baztertu du oraingoz.

Parlamentuak EBtik akordiorik gabe ateratzearen aurka bozkatu zuen lehengo astean, eta hori gogorarazi zien Mayk parlamentariei, Bruselarekin joan den astean adostutako data aldaketa azaltzeko egindako agerraldian. Erresuma Batuko lehen ministroak jakinarazi zien, horrenbestez, «ondorio» batera heldu dela, eta ohartarazpen bat egin zien diputatuei: «Luzapen luzeago bat bilatu beharko dugu». Hau da, maiatzaren 22tik haragokoa. Izan ere, Komunen Ganberak azkenean onartzen badu Bruselaren eta Londresen arteko dibortziorako ituna, Erresuma Batuak data horretan utziko du batasuna, Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik.

Gaur-gaurkoz ez dirudi ganberak ituna onartuko duenik.DUPek ezetz dio, eta tory euroeszeptikoenek ere urtarrilaren 15ean eta martxoaren 12an bozkatutakoari eusten diote. Mayk nabarmendu zuen, halere, hori aurrera ateratzeko behar duen babesa lortzen ahaleginduko dela datozen orduetan. Denbora kontra dauka, ordea. «Dibortziorako akordioa aldatzea ez da aukera bat», zehaztu zuen, badaezpada ere. Bruselak behin baino gehiagotan errepikatu du, gainera, ez duela akordioa berriro negoziatzeko intentziorik. Reuters berri agentziak Bruselako funtzionarioak aipatuz kaleratutakoaren arabera, EBrentzat geroz eta gertagarriagoa da akordiorik gabeko brexit-a.

Bestalde, hainbat alderditako parlamentariz osatutako talde batek beste bide bat erabiltzea proposatu du. Oliver Letwin eta Dominic Grieve tory-ak eta Hilary Benn Alderdi Laboristako parlamentaria buru dituen taldeak zuzenketa bat aurkeztu zuen —edizio hau ixteko orduan emendakinaz bozkatu gabe jarraitzen zuten—, eta horren helburua da bozketa adierazgarriak deitutako prozedura bultzatzea, bozketa horien emaitzen bidez zehazteko zer pauso eman behar diren brexit-ari dagokionez. Zuzenketa onartuz gero, gobernuak dibortzioaren baldintzei buruzko eztabaidaren kontrola galduko luke, eta auzia korapilatu egingo litzateke. Halere, balizko bozketa adierazgarri horiek ez dira lotesleak, ezta horietako batek ganberaren babes nabarmena edukita ere.

Mayk azpimarratu zuen «eszeptikoa» dela bozketa horien erabilgarritasunaren inguruan, eta ez duela konpromisorik hartuko horien emaitzekin. Haren esanetan, prozedura hori erabili izan dutenean ondorioak «kontraesanezkoak» izan dira, edo ez dute ezer argitzeko balio izan.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako liderrak leporatu zion Mayri parlamentariek auziari irtenbide bat emateko proposatutako «alternatibak» blokeatu nahi dituela. Azpimarratu zuen bozketa adierazgarriak ahalbidetzearen alde bozkatuko zuela. Lehen ministroari oroitarazi zion, gainera, lehengo larunbatean milioi bat lagun inguru atera zirela kalera Londresen, brexit-ari buruzko bigarren erreferendum bat eskatzeko. Alderdi Laboristak bigarrenez galdetzea babesten du, baina Mayk atzo ere adierazi zuen 2016ko ekainaren 23an egindako erreferendumaren emaitza errespetatu behar dela.

Badira, ordea, dibortziorako prozesua eteteko eskatzen duten herritarrak. Margaret Anne Georgiadou britainiarrak bertan behera utzi brexit-a ekinbidea abiatu zuen joan den astean, eta jada bost milioi herritar baino gehiago dira Erresuma Batuko Parlamentuaren webgunean erregistratutako eskaera hori sinatu dutenak. Ekinbide batek 100.000 sinaduratik gora biltzen dituenean, Komunen Ganbera behartuta dago horri buruz eztabaidatzera.

Dimititzera behartuta

The Sunday Times egunkariak adierazpen anonimo batzuk jasoz herenegun argitaratu zuenez, Erresuma Batuko Gobernuko hainbat ministrok dute asmoa May dimititzera behartzeko. Halere, zenbait ministrok informazio hori gezurtatu zuten. Atzo inork ez zion dimititzeko eskatu. Igandean, lehen ministroa tory euroeszeptiko nabarmenekin bildu zen Chequersen, bere udako bizilekuan, haien babesa bilatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.