Ez dute gaur hilko

Heriotzara zigortutako Melissa Lucioren exekuzioa eten du Texasko auzitegi batek. Ebazpenaren arabera, defentsaren argudio batzuk aintzat hartu behar dira. 2007tik dago kartzelan, alaba hiltzea egotzita

JORGE FUENTELSAZ / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Exekuziorako ezarritako data baino bi egun lehenago lortu du Melissa Lucio presoak heriotza zigorra bertan behera uztea. Kasuak oihartzun handia lortu du azken asteotan, eta Texasko Cameron konderriko Helegite Kriminalen Auzitegiak heriotzaren korridorean zegoen emakumearen exekuzioa geldiarazi zuen herenegun.

2007an hildako urte biko alabaren heriotzagatik errudun deklaratu eta hiltzera zigortu zuten Lucio. Uneko shockean egindako konfesioa izan zen horretarako froga bakarra, nahiz eta gerora behin eta berriz berretsi errugabea zela. Hiru orriko ebazpenean, gaurko iragarritako exekuzioa bertan behera uzteaz gain, helegite kriminalen auzitegiak esan du Lucioren abokatuek argudiatutako eskaeretako batzuk aintzat hartu behar dituela. Horien artean dago ea fiskalek lekukotza faltsua erabili ote zuten, gatibuaren mesedetan izango ziren froga batzuk bazterrean utzi izana, eta lehen ez zeuden froga zientifiko berriek zigorra zalantzan jartzen zutela.

Froga horien arabera, Mariah haurraren heriotza, Melissa Lucioren hamalau seme-alabetako bat, eskaileretatik erortzeak eragin zuen, istripua gertatu eta egun bira, 2007an. Gertaera haren osteko saminean egin zioten galdeketan, Poliziak ordu luzez galdekatu zuen Lucio, eta, haren abokatuen arabera, azkenean, presiopean, heriotzaren erantzule zela esan zuen. Aitortza hori hilketaren konfesiotzat hartuta, auzipetu eta hiltzera zigortu zuten. Ordutik abokatuek epailea gaitzetsi dute, ez zuelako baimendu buruko osasuneko profesionalek epaimahaiari azaltzea nola Luciok, sexu-erasoen eta indarkeria matxistaren biktima urte luzez, erruduntasun aitortza faltsua egin zuen. «Beste seme-alabak Mariahren istripuaren lekuko izan ziren, baina ez zituzten epaiketara deitu» gogorarazten du Melissa Lucioren aldeko plataformak.

«Banekien leporatzen zidatena ez zela egia. Nire haurrak beti izan dira nire mundua, eta, bizitzan egin ditudan hautuak onak izan ez arren, sekula ez nioke nire umeetako bakar bati era horretan kalte egingo», idatzi zien Luciok Texasko legebiltzarkideei. Azken asteotan, alderdi bateko zein besteko ordezkariek ezohiko agiria plazaratu zuten, exekuzioa bertan behera uzteko eskatzeko. Apiril hasieran, espetxean bisitatu zutenen artean izan zen Rafael Anchia Texasko legebiltzarkide euskal-amerikarra ere. «Itxaronaldia tortura hutsa izan da Melissarentzat eta haren familiarentzat, baina erabaki honek itxaropena ematen digu. Orain epaiketa justu baterako aukera du Melissak»,adierazi zuen Anchiak.

Babes zabala

Seme-alabak amaren aldeko kanpainan buru-belarri izan dira urteotan. Michelle Luciok hala deskribatzen du astelehenean exekuzioa geldiarazi zuten unea: «Abokatuekin hitz egin dugu, elkar besarkatu eta negar egin dugu. Barruan ere, berak eta guk eskua kristalean jarri eta negar egin dugu. Itxaropena genuen, horretarako ari ginen otoitzean, eta, tira, orain ez diogu apirilaren 27ari beldurrik izan behar, estatuak ez du hilko. Eta bere alde borrokan segituko dugu, seme-alaba guztiek egin dugun bezala, etxean izan arte».

«Eskerrak ematen dizkiot auzitegiari, bizitzeko eta nire errugabetasuna frogatzeko aukera eman didalako. Esker oneko naiz nire umeen ama eta biloben amona izateko egun gehiago ditudalako». Lucioren seme-alabek barkamen eskaera egina zioten George Abbott Texasko gobernadoreari, hura baita aurreko helegiteek kale eginez gero indultua eman dezakeen bakarra. Urrats horren aurretik lortu dute exekuzioa geldiaraztea; gobernadore errepublikanoaren agintaldiko zazpi urteotan 56 lagun exekutatu dituzte Texasen, eta behin baino ez du erabili karguak ahalbidetzen dion indultua pertsona baten exekuzioa geldiarazteko.

Seme-alabenaz gain, Texasko eta Ameriketako Estatu Batuetako sektore zabal baten babesa jaso du Luciok, eremu politikotik bezainbat gizarte zibiletik eta beste hainbat eremutatik: Kim Kardashian pertsonaia ezaguna, esaterako, buru-belarri sartu da espetxeratuaren aldeko kanpainan, baita Italian lau urte preso eman eta gero errugabetzat jo zuten Amanda Knox kazetari eta ekintzailea ere.

Texasko Estatua Melissa Lucioren aurka dokumentala izan da hainbeste jenderengana iristeko giltzarrietako bat. Sabrina van Tassel zuzendaria Lucioren seme-alabekin batera agertu zen astelehenean, heriotza zigorra kendu izana ospatzeko, baina baita gertatutakoa salatzeko ere: «Herrialde honetan jende errugabea libre geratzen da hilabetero, 20-30 urte preso egin eta gero. Melissa Luciok hamabost urte egin ditu espetxean, ez ditu seme-alabak hazten ikusi, berari leporatutako krimenaren ezaugarriengatik. Hau da, atxilotu zuten eguna izan zen haurrak ikusi zituen azkena. Eta zertarako? Horrelako kasu makal baterako?». Kasu guztietan dagoen ezaugarria da kondenatuak pobreak eta beltzak edo beste gutxiengo etniko bateko kideak direla. Melissa Lucio heriotzara zigortutako lehen emakume latinoa izan da Texasen. «Armando Villalobos barrutiko fiskalak kargua berritzeko hauteskundeak zituen, eta emakume behartsu bat eta haren familiako tragedia bihurtu zuen horretarako bide». Villalobos, kasuko fiskala, egun espetxean dago, ustelkeriagatik hamahiru urteko espetxealdira kondenatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.