Turkiak begira jarraituko du

Baztertu egin du Kobanera armada bidaltzea.

Siriako mugako babesguneaz uzkur dago NATO
Turkiako armadako soldaduak, ibilgailu blindatuetan, Kobane hiri kurduaren ondoan Siriako muga zaintzen.
Turkiako armadako soldaduak, ibilgailu blindatuetan, Kobane hiri kurduaren ondoan Siriako muga zaintzen. TOLGA BOZOGLU / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 10
Kobanen IS Estatu Islamikoaren erasoaldiari eusten ari zaio YPG Herriaren Babeserako Unitateak milizia. Siriako kurduek hiriaren zatirik handiena oraindik kontrolpean dute, AEBetako Aginte Zentralak adierazi duenez; baina, duela 24 egun arma astunekin hasitako erasoaren ondorioz, hiriaren laurdena ekintzaile jihadisten esku dago. Hiru frontetatik ari zaio Estatu Islamikoa Kobaneri erasotzen, eta, ekialdean, ISko ekintzaileak hiri barruan kilometro bat sartu direla jakinarazi zuen atzo Anuar Muslemek, Kobaniko Administrazio Autonomo kurduko presidenteak: «Baina oraindik ez dira hiri erdira iritsi».

AEBak Turkia estutzen ari dira aspaldian, NATOk eskualdean duen bazkidea eta aliantzako bigarren indar militarra izaki, esku hartze handiago bat izan dezan Iraken eta Sirian Estatu Islamikoari aurre egiteko osatu duten koalizioan. Ankarak, baina, ez dauka presarik, eta Sirian ez duela bakarrean lurreko operazio bat hasiko argitu du Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroak: «Halako operazio bat ez litzateke errealista».

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusi berria Turkiara joan zen atzo, baina ez zuen jarrerak bateratzea lortu. Turkiak aurrez eskatua zuen —eta Frantziak ere bai— Siriako mugaldean «babes eremu bat» sortzea. Baina Stoltenbergek argitu du NATO ez dela ari «aire eremu debekatu bat edo Siriako lurretan babes eremu bat» ezartzea eztabaidatzen: «Ez dago aterabide sinple bat». John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Turkiaren eskaera aztertzea merezi zuela esan zuen bezperan, baina Pentagonoko iturriek nabarmendu zuten «kostu handiak» izango lituzkeela. Turkiak, berriz, luzamenduekin jarraitu du: NATOk «erabaki partekatu bat» hartzean, Ankarak «dagokion zatia» jarriko duela esan du Cavusogluk. Nazioarteko koalizioak Kobanen ISren posizioak bonbardatzen jarraitu zuen atzo.

Kurduek ere ez dute egoki ikusten Turkiak eskatutako babes eremu hori. Izan ere, Recep Tayip Erdogan presidenteak IS lagundu duela uste dute, Siriako aldean kurduen autonomia eragotzi eta Turkiako kurduen aldarrikapenak ez areagotzeko. Baina Kobane «salbatzeko», Turkiako kurduekin «eskuz esku» lanean hasteko eskatu dio Selahattin Demirtas HDPko presidenteak Erdogani.

Turkiak lurreko operazio militar bat hastearen kontra azaldu zen Demirtas —«Siriako gerratik kanpo mantendu beharko luke»—, baina Kobaneko indarrei laguntzeko eskatu zion. Buruzagi kurduak nabarmendu du Baxar al-Assad Siriako presidentearen kontra borrokatu diren talde armatu guztiak babestu dituela Ankarak, eta Erdoganek, kanpo arazo barik, interes nazionaleko auzitzat jo izan duela gatazka hori: «Baina Kobanen sarraski baten arriskua sortu dutenean, atzerriko arazo bihurtu da».

Kurduek ere gogor salatu dute Turkiak Kobaneri bizkarra eman diola, eta protesta jendetsuak egin dituzte. Turkiaren menpeko Kurdistanen izan dira istilu gogorrenak, eta Diyarbakirren eta beste bost probintziatan atzo indargabetu zuten etxeratze agindua. Liskarrak bereziki burujabetzaren aldeko kurduen eta Kausa Askeko —nagusiki kurduek osatzen duten muturreko talde islamista bat— jarraitzaileen artean izan dira. Gutxienez 25 lagun hil dira protestetan; beste 43 ospitalean dauzkate. Atzoko istilurik larrienak Mardinen gertatu ziren. Asteartean hildako bi kurduren hileten ostean, manifestazioan bilduta, jendarmeen kuartel bati eraso egin zioten. Militarrek manifestari bat hil eta beste sei larri zauritu zituzten tiroz.

Iraken kolpea ISri

Gutxienez Estatu Islamikoko 220 ekintzaile hil zituzten atzo Iraken, nazioarteko koalizioaren bonbardaketa batean, Ninive probintziako Segurtasun Batzordeko buru Mohamed Ibrahim al-Bayatik jakinarazi duenez. Mosul hiriaren mendebaldetik Ramadira armaz beteta zihoan 25 ibilgailuko konboi bati egin zioten eraso gerra hegazkinek. Mosul hiriaren inguruan ere aire erasoei ekin die berriro nazioarteko koalizioak, Eid al-Adha ospakizunagatik egindako etenaren ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna