ARKUPEAN

Egungo heroina

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko urtarrilak 31
Etxe ondoko kalean asteak eman zituzten lokal batean lanak egiten. Egunero pasatzen ginen bikotekidea eta biok parketik edo eskolatik bueltan haurrekin etxerako bidean, eta egunero espekulatzen genuen: «Zer izanen ote da?». Hasieran, gustatuko litzaigukeenaren inguruan hitz egiten genuen, taberna nahikotxo ditugu Antsoainen, baita ile apaindegiak ere... Egia esanda, Antsoainek badu komertzio txikia ere, baina beti sortzen du poztasuna beste gertuko denda bat irekiko dutela pentsatzeak. Junek, gure 4 urteko alabak, ia egunero galdetzen zigun zertan ari ziren lanean, azkenean galdetu genion, «eta zuri, zer gustatuko litzaizuke izatea?», «liburu denda bat ama!».

Asteek aurrera egin zuten eta lanak forma hartzen zuen neurrian ohartu ginen ez zela liburu denda bat izanen, ezta barazki denda bat edo arrandegi bat ere. Kolore eta itxurarengatik taberna baten edo diskoteka baten antza zeukan. Tira, pentsatu genuen, baditugu taberna nahikotxo, baina ikus dezagun zein motatakoa izanen den hau. Azkenean, kartela irakurri genuenean iritsi zen dezepzioa, Pamplona Azar, apustu etxe bat ireki behar zuten gure etxe parean. Azkeneko urteetan Antsoainen irekitzen duten bigarren apustu etxea da hau, handik 300 bat metrotara badago beste bat, hura ere distiratsua barrutik eta opakua kanpotik, barruan gertatzen dena kanpotik ez ikusteko. 10.000 biztanle dituen herri batean bi apustu etxe ditugu eta horri gehitu beharko genioke ia herriko taberna guztietan jokatzeko makinak ditugula.

Irakurri berri dut Arrasaten eta Bilbon gazte mugimenduak apustu etxe hauen aurrean kartelak jarri dituztela udalari neurriak eskatuz. Atzo bertan sakelako telefonora Antsoaingo gazteek burututako ekintzaren bideoa pasatu zidaten, aipatutako apustu etxearen kontrako pintaketa, Larrialdi egoeran gaude, ustelak kanpora! lelopean. Garai batean Galiziako amak ziren droga saltzen zuten tabernen aurrean kokatzen zirenak kartelekin han gertatzen zena salatzeko, euren gazteriaren etorkizuna lapurtzen ari zirela salatzeko. Eta hemen, Euskal Herrian, pasatu den mendeko 80ko hamarkadan heroinak suposatutako sarraskiaren aurrean ere gazte mugimendua zen Estatuaren estrategia salatzen zuena, garaiko trafikanteak eta txakurrak kanpora leloa zeramaten pegatinak taberna guztietan kokatuz.

Adituek salatu dute apustuak eta online jokoak gazteen artean izugarrizko mina zabaltzen ari direla. Irakurri izan dut artikuluren bat gure gazteriaren artean ludopatiak izandako igoera 80ko hamarkadako heroinak gazteen artean izandako zabalkundearekin alderatzen duena. Eta, orain dela 30 urte bezala, gaixotasun hau klase baxuen artean eragin gogorragoa izaten ari omen da. Ez da noski kasualitatea Madrilgo Vallecas bezalako auzo batean 100 metroka apustu etxe bat ireki izana. Krisi ekonomikoak indartsuago jo duen auzoetan jarri dute beraien helburua, ez Salamanca bezalako auzoetan, badakite non arrantza egin.

Kontua da gure instituzioek ezer eginez gero arazoa geroz eta larriagoa izanen dela. Codere eta enpresa handi guzti hauek badute iraganean drogak izan ez zuen abantaila potente bat: prestigio soziala. Imaginatzen duzue Cristiano Ronaldo edo Messiren mailako futbolari bat, Maradona esate baterako (bere bizio pertsonalei buruz gaur egun dakiguna alde batera utziz), heroinaren aldeko iragarki bat egiten telebistan 80ko hamarkadan? Pentsaezina, ezta? Ba. gaur egun gure gazteak hori jasaten ari dira, telebistako aurkezle ospetsuenak, futbol taldeak, kirolari trebeenak euren aurpegi eta reputazioa lotsa honen alde saltzen dute egunero telebistan, egunkarietan eta irratietan. Milaka gazteren ekonomiari, osasunari eta etorkizunari esker euren poltsiko beteen gosea asetzen. Ezin dezaket imajinatu zenbat interes politiko eta ekonomiko dauden enpresa hauen atzean orain arte inongo mugarik jaso ez izateko. Lotsagarria benetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna