Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Ez dut moztuko bizarra

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Joan den astean frantziar telebistan Demis Roussos greziar kantariaren ibilbidea gogorarazten zuen emankizunari begira egon nintzen, eta deigarria egin zitzaidan gizonaren itxura berezia. Bilo luze kuskuilatuak, bizarra mateletan gaindi eta begietaraino joaki, bekain lodi bakarra kopeta zeharkatzen, eta atorra loredun irekitik ihesi bularraldeko ile beltz usua. 70eko hamarkadan iletsu izatea gizontasun marka izanen zen, hain segur, eta Euskal Herrian ere kantari zenbaitek moda huraxe segitu zuen 1975etik goiti: Lertxundik, Letek eta Imanolek, besteak beste...

Emankizuna ikustearekin betan, ekain hasiera honetan depilatzen hasi beharko nuela pentsatu dut. Urteroko lana hasten... Neguan besapeak noizbehinka arrasean moztearekin aski izaten dut, baina udarako zangoak ere egin behar... eta ez naiz kexatzen, suertez ez bainaiz ile ugarikoa, eta, ondorioz, denbora gutxi jaten baitit bikini operazioak!

AEBetako talde feminista batek sare sozialetan kanpaina bat abiatu zuen duela pare bat urte, non emakumeek depilatzeari uko egiten baitzioten, besape eta zango iletsuak agertuz, libreki, eta, harrigarriago edo, haietako batzuk bibotea zaintzen zuten, luzatzen utzirik. Gogoetarako gaia eman bazidan ere, aitortu behar dut ez naizela oraindik horretarako prest, depilazioak uzten duen larruaren eztitasuna gogoko baitut halere, baina gustu hori pertsonala den edo kulturak eragin duen jakitea ez da erraza.

Hori argitzearren, depilazioaren historiari buruzko informazioa bilatzen hasi naiz. Historiaurrean jadanik ilea kentzeko oinarrizko pintzak erabiltzen ziren, eta Kristo aurreko bigarren milurtekoan errege eta erreginak depilatzen omen ziren. Babiloniako jauntxoek kokotxa depilatzen zuten, eta bizar faltsua itsasten zioten, jainkoen atributu gisa ikusia baitzen.

Egipton berriz, faraoiek, bere emazteek, apaizek nola aristokratek gorputz osoa depilatzen zuten. Ilegabe egotea garbitasunaren sinboloa zen, eta, alderantziz, iletsua izatea animaliari konparatua zitzaion, zikintzat hartua nonbait. Greko-erromatarren munduan, depilatzea gauzarik normalena zen, bai aberatsentzat zein esklaboentzat. Bizargileek korporazio indartsua osatzen zuten, eta etxez etxe edota beraien dendetan praktikatzen zuten.

Erromatar inperioaren erortzearekin batera, sei mendeko etena ezagutu du depilatzeak Mendebaldean, eta XI. mendean berrabiatu da ohitura, Ekialdera eta Afrikara gurutzadetara joan ziren zaldunek emakume depilatuak aurkitu baitzituzten bertan, eta handik ekarri zituzten hammam bainuak eta depilazioaren teknika berriak; argizari beroarena, batez ere, gaur egun ere erabiltzen dena.

XX. mendean, lehen mundu gerraren ondoren, modak emakumearen gorputza askatu du azkenean: eskoteak zabaldu dira, besoak agertu, gonak laburtu. Janzkera aldaketarekin batera, aisialdia hedatu da, emakumeak bainatzen hasi dira, eguzkia hartzen, eta arrunt baztertua zuten depilazioari berriz lotu dira. Gaur arte. Hementxe nago ni paperezko xafla meheak eskuen artean berotzen ari...

Ez dakit ohartu zaren, irakurle, gizonezkoen itxurak berriki eman duen aldaketaz. Bizarra modan jarri da berriz, baina arrunt zaindua, mugatua, diseinatua da gaurkoa. Eta orrazkeraz zer erranik ez: marra zuzena, belarri inguruak garbi. Bizarra luzatzen ari den neurrian, gorputzeko ilea desagertzen ari da, gero eta arruntagoa bilakatzen ari baita gizonezkoentzat besape, bular, zango eta zangarteko depilazioa.

Gaurko gizonezkoak faraoien antza hartzen ari dira, Demis Roussosetik urrunago eta emazteongandik hurbilago. Argizari beroa gustura partekatuko dugu, eta etxeko lanak gisa berean banatzerik izango badugu, geure ilera egonen gara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.