Suitzak sexu berekoen arteko ezkontzak onartu ditu

Parlamentuak lege proiektu bat onartu du, ezkontzak baimentzeko. UDF alderdi ultraeskuindarra aurka azaldu da, eta gaia erreferendumera eramango duela iragarri du

LGTBIQ komunitatearen aldeko martxa bat, iazko ekainean, Suitzako Geneva hirian. MARTIAL TREZZINI / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Suitzako Parlamentuaren bi ganberen baiezkoa du sexu berekoen ezkontzak baimentzen dituen lege proiektuak, atzoko bozketen ondoren. Zazpi urte behar izan dira horretarako, lege proiektuak oinarritzat hartu duen testua 2013an aurkeztu baitzuen PVL Alderdi Berde Liberalak.

Kontseilu Nazionalean —behe ganberan— aldeko 136 boto, aurkako 48 eta bederatzi abstentzio jaso ditu lege proiektuak, eta Estatuen Kontseiluan —goi ganberan—, berriz, 24 diputatuk egin dute haren alde, 11 diputatuk kontra, eta zazpi abstenitu egin dira.

Suitzako LGTBIQ komunitatearen eskakizun historiko bat aintzat hartu du parlamentuak, eta pozez hartu dute berria komunitate horren aldeko lanean jarduten duten erakundeek. Ildo horretatik mintzatu da Amnesty International erakundearen Suitzako delegazioa. Twitterren zabaldutako mezu batean, adierazi du «garaipen historiko bat» izan dela LGTBIQ komunitatearentzat.

Sexu berekoen bikoteak gehienez ere «erregistratutako bikote» gisa jasotzea baimentzen du Suitzako legediak 2007az geroztik, baina onartutakoak hori aldatzea aurreikusten du, eta legezko ezkonkidetzat hartzea hala eskatzen duten sexu bereko pertsonak ere. Eskaera berriak egiten dituztenek, zuzenean, egoera zibil berrira pasatzeko aukera izango dute lege proiektuaren arabera, eta orain arte administrazioan «erregistratutako bikote» moduan izena emandakoek egoera zibila eguneratu ahalko dute. Herritartasunari eta haurren adopzioari loturiko agiriak eskuratzea errazago izango dute hori egiten dutenek.

Homosexualen bikoteek esperma donazioan jasotzeko aukera ere jasota dago, eta hori izan da punturik gatazkatsuena. Eskuineko alderdiak aurka azaldu dira, eta gai horren inguruko eztabaida korapilatu egin da bi ganberetan. Sexu berekoen bikoteek donazio bidez haurrak izateko aukera jasota geratu da, azkenean, lege proiektuan.

Parlamentuaren baiezkoak lege aldaketa aplikatzeko aukera ematen badu ere, baliteke azken erabakia herritarrek izatea. Lege proiektuaren aurka bozkatu du UDF Batasun Demokratiko Federala alderdi ultraeskuindarrak, eta erabakia erreferendum bidez hartzearen aldekoa da. Galdeketarako prozedura legalak abian jarriko dituela jakinarazi dute orain alderdi horretako iturriek.

LGTBIQ komunitatearen aldeko Famille Arc-en-ciel erakundeak ere esana du erreferendum baterako prestatzen ari dela. Elkarteko batzorde nazionaleko presidenteorde Matthias Erhardtek hil honen hasieran egin zituen horren inguruko adierazpenak: «Herritarren %82ren babesa dugu, eta, LGTB komunitatearen indar mobilizatzaileari eta babesten gaituzten alderdiei esker, babes hori are gehiago handitu ahalko dugu, bozketa kanpainan».

Urratsak, kostata

Sexu berekoen ezkontza baimentzen ez duen Europa mendebaldeko herrialde bakanetarikoa da Suitza. Alderdi kontserbadoreek eta Elizak sarritan blokeatu dituzte LGTBIQ komunitatearen eskubideen aldeko urratsak.

Ez zen hala gertatu joan den otsailean, herrialdeak homofobiaren aurkako lege bat onartu baitzuen, erreferendum bidez. Ondorioz, gorrotozko delituak zigor kodean sexu aniztasunaren aurkako erasotzat jaso zituzten, eta halakoei lotutako zigorrak gogortu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.