Eritreak erretiratu egingo ditu Tigray eskualdean dituen tropak

Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek eman du akordioaren berri. Eritreako armadak atzera egindakoan, Addis Abebaren esku geratuko da mugako segurtasuna

Tigrayko gatazkatik ihesi joandako herritarrak Sudango Um Rakuba kanpalekuaren kanpoaldean, laguntza jaso zain. ALA KHEIR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Oraingoz iragarpen bat besterik ez da; beste batek egindakoa, gainera. Baina Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek esandakoa bete eta Eritreak Tigray eskualdean dituen militarrak erretiratzen baditu, lehen urratsa izan daiteke iaz eskualdean piztutako gatazka amaitzeko. «Asmaran Isaias Afwerkin presidentearekin egindako bileran, Eritrea ados agertu da Etiopiako mugatik tropak erretiratzearekin», esan zuen atzo Abiyk. Horren ostean, Etiopiak hartuko luke bere gain mugako segurtasuna.

Iragarpena Eritreak Tigrayn militarrak zituela aitortu eta egun gutxira heldu da. Abiyk berak joan den asteartean onartu zuen lehen aldiz Eritreak militarrak bidali zituela Etiopiaren menpeko eskualdera. Abiyren esanetan, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak Asmara eraso ostean hartu zuen Eritreak erabakia, «eraso gehiago ekidin eta herrialdeko segurtasuna bermatzeko» —lekukoek ukatu egin dute halakorik, eta salatu Etiopiarekin batera sartu zela Eritrea gatazkan—. Orain arte, baina, bi aldeek ez dute baieztatu bi armaden arteko elkarlana.

Addis Abebak eta Asmarak ez dute zehaztu Eritreak zenbat soldadu bidali zituen Etiopiara, baina, lekukoen arabera, baliteke milaka izatea. Abiyk iradoki du, ordea, litekeena dela Eritreako tropek giza eskubideen urraketak egin izana. Gobernuz kanpoko erakundeek milaka zibil hiltzea egozten diete militar eritrearrei, eta gero eta gehiago dira ikerketa independente bat eskatzen dutenak. Hain zuzen ere, herenegun Etiopiak eta NBEk adostu zuten elkarrekin ikertuko dituztela «alde guztiek egindako giza eskubideen urraketak». Aurrez, NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatari Michelle Bacheletek alde guztiei egotzi zien Tigray eskualdean gerra krimenak egin izana: «Iturri sinesgarrietatik salaketa larriak jasotzen ari gara: generoan oinarrituriko sexu indarkeria, epaiz kanpoko hilketak, suntsiketa orokorra eta jabetza publiko eta pribatua harrapatzea».

Urraketak salatu dituzten gobernuz kanpoko erakundeen artean daude HRW Human Rights Watch eta AI Amnesty International. Nazioarteko bi erakundeek salatu zuten Eritreako soldaduek milaka zibil eta adingabe hil zituztela iazko azaroan.

Erasoaldia iazko azaroan hasi zen, Etiopiako lehen ministroaren aginduz Bakearen Nobel sariduna da, argudiatuta miliziek «arriskuan» jartzen zutela ordena konstituzionala eta herrialdeko segurtasuna. Hain zuzen ere, hainbat urteko mugako gatazka amaitu eta Eritrearekiko bake akordioa sinatu izanagatik eman zioten Abiyri Bakearen Nobel saria.

Krimen larriak

TPLFren aurkako erasoaldia hasi zutenetik Tigray eskualdea ia erabat bakartuta egon da, giza laguntza bera ere eteteraino. Ondorioz, zail da jakitea borrokek zenbat hildako utzi dituzten eta zenbat desplazatu eragin. Azken astean Etiopiako Gobernuak onartu egin du eskualdeko herritarrei giza laguntza helaraztea, baina gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute heltzen den laguntza oso eskasa dela.

Hain zuzen ere, erasoaldia hasi zenetik lehen aldiz Tigrayko errefuxiatu guneetara sartu ahal izan zen atzo UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren ordezkaritza bat. Shimelba eta Hitsatseko kanpalekuetan izan ziren erakundeko kideak, non 20.000 errefuxiatu aterpetzen ziren. «Kanpalekuak erabat suntsituta aurkitu ditugu, eta giza laguntza gordetzeko erabiltzen ziren edukiontziak arpilatuta», azaldu zuen UNHCRko bozeramaile Boris Txexirkovek. Eritrea eta Etiopiaren arteko gerratik ihesi joandako herritarrak babesten ziren kanpaleku horietan, baina Tigrayko erasoaldiaren ostean haietatik ia erdiek beste hiri batzuetara egin behar izan zuten ihes: «2.000 errefuxiatu inguruk Shiren, Mekelen, Afarren eta Addis Abeban hartu zuten babes, eta beste 7.000 inguruk Mai Aini eta Adi Harushen dauden kanpalekuetan hartu zuten aterpe. Ondorioz, azken horiek dagoeneko ez dute baliabiderik jende gehiagori laguntzeko». UNHCRko ordezkaritzak uste du gainontzeko 10.000 errefuxiatuak beste toki batzuetara ihes egin dutela, baina oraingoz ez dituzte aurkitu.

Nazio Batuen Erakundeak beste 500 lagunentzako behin-behineko dendak jarri ditu Mai Ainin eta Adi Harushen, baina dagoeneko ohartarazi dute seguruenik ez direla nahikoa izango, eurite garaiarekin batera jende gehiago helduko delako laguntza eske. Horiez gain, milaka etiopiarrek euren etxea utzi behar izan dute Tigrayko gatazkaren ondorioz. Haietako askok Eritrearen menpeko lurretan hartu dute aterpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.