ARKUPEAN

Alcasser

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko ekainak 20
Toñi, Desiree eta Miriam desagertu zirenean ia 11 urte nituen. Oso ongi gogoratzen dut garai hura, eta baita gorputzak agertu ziren eguna ere. Epaiketa hasi zenean, berriz, 1997. urtean, 15 urte nituen. Nire nerabezaroaren eta lehen gaztaroaren urteak Alcasserreko nesken desagerpenaren eta hilketaren ikerketa, epaiketa eta ondorioen inguruan eman ziren. Nire oroimenean nahiko ongi grabatu zen ere komunikabideen paper lotsagabea eta krudela zein izan zen. Istripu baten aurrean bezala, begiak ezin kendu, garai hartako gizarteak komunikabide gehienek eskaintzen zizkieten hiru neskatila horien bahiketa, bortxaketa, tortura eta hilketaren detaile guztiak irentsi zituen. Ni neu ere, nire nebarekin batera, Estatuko kate nagusi bateko gaueko programa ikusten geratzen ginen auzi honen inguruan ematen ziren teoria konspiranoikoak aho zabalik entzuten.

Oroimenean oso garbi daukat grabatuta ere Alcasserreko auziak nire baitan, nire inguruko lagunengan eta inguruko helduengan izan zuen eragina. 14 urte inguru genituen, Toñi, Desiree eta Miriamen adina desagertu zirenean, gure etxeetan lehen irteeren inguruko negoziazioa eman zenean. «Zein ordutan itzuliko da Leire?» edo «ama, Itziarri ordu erdi gehiago uzten diote». Azken autobusa arte uzten zidaten niri, eta «Kontuz norekin ibiltzen zareten, ez egin auto-stopik, ez itzuli etxera bakarrik» eta horrelakoak botatzen zizkidaten etxetik ateratzerakoan. Leirek Alcasserreko neskei gertatutakoarengatik beldur handiena adierazten zuen gure lagunen artean, eta arren eskatzen zigun bere portaleraino laguntzeko. Hiru lagun baginen, gogorarazten zigun: «Alcasserreko neskak hiru ziren».

Gaur, 37 urte ditut eta Nerea Barjolaren «Microfísica sexista del poder» (Boterearen mikrofisika sexista) gaiaren inguruko hitzaldi bat entzun nuen arte ez nintzen ohartu zenbateraino eragin zuen nire gaztaroan Alcasserreko auzi horrek. Komunikabideek berehala neskatilengan jarri zuten ardura, gauean auto-stopa egitea erruleta errusiarrera jokatzea bezain arriskutsua zela esanda edo arduragabeak izan zirela azpimarratuz. Bortxaketak biktimaren errua direla esaten denean bezala, gauean kalean bakarrik zihoalako, mozkorturik edo ezezagun batekin hitz egin zuelako. Kasu honen inguruan Netflixek emititu duen dokumentala ikusi berri dut, eta perspektiba handiagoa eman dit oraindik. Beldurpean hezi gaituzte emakumeak, gure nerabezaroan, neskatilak izatetik emakumeak izatera pasatzen garen garai horretan jasotzen ditugun mezuak behin eta berriro geure burua zaindu edo errespetarazi behar dugula errepikatzen dutenean.

Gaur, emakume heldu baten begiradarekin, 90eko hamarkadan gure lehen harreman sexualak bizitzen ari ginen garaira begiratuz, besteekin harremantzeko moduak eraikitzen diren garai sentsible hori aztertuz, ohartzen naiz zenbat mezu ezkor, beldurgarri eta errudungarri jaso genituen. Orduan babesak askatasunari lasterketa irabazi zion eta Alcasser bezalako errelato ikaragarri haiek gure buruen autokontrola bilatu eta lortu zuten. Beldurrez eta arrotz bizi genituen gure hiri eta herrietako kaleak. Edonon eta edonorengatik erasoa jaso genezakeela sinistu genuen, eta kontuz ibiltzen ez baginen, zerbait gertatuz gero gure errua izanen zela sinistu genuen.

Nerea Barjola eta beste aditu, ikerlari eta feministen lanei esker diskurtsoa deseraiki dugu. Dagoeneko badakigu ardura ez dela gurea, erasotzaileak ez garela emakumeak, eta hamarkada erdi batean 1.000 emakume erail dituztenean (Espainiako Estatuko datuak) fokua beste nonbaiten jarri behar dugula. Nik ez dut nahi nire alabek nire autozentsura eta beldurra bizitzea, eta nerabezarora iristen direnean ez diet kontu beldurgarririk aipatuko, askatasunez eta pozez kaleak beraienak direla azpimarratuko diet.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna