Ameriketako Goi Bilera. Nestor Restivo. Kazetari eta irakaslea

«AEBek 'hemen ez zara sartuko' esanda ere, Txinak ez du etsiko»

Washington kezkatuta dago Pekinek geroz eta influentzia handiagoa duelako Latinoamerikan. Kasurako, Asiako potentziak harreman estua du Argentinarekin: otsailean 50 urte bete ziren harremanetan hasi zirenetik.

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Argentinak eta Txinak geroz eta harreman handiagoa dute. Asiako potentzia Latinoamerikako herrialde horren bigarren bazkide komertziala bilakatu da jada, eta horrek kezka piztu die AEB Ameriketako Estatu Batuei; hori horrela, egunotan Los Angelesen egiten ari diren Ameriketako Goi Bilera baliatu nahi du Washingtonek Pekinen influentziari aurre egiteko.

Nestor Restivo (Buenos Aires, 1960) kazetari eta irakasle argentinar bat da, eta, 2011z geroztik, Dang Dai aldizkariaren zuzendarietako bat —Argentinaren eta Txinaren truke aldizkari bat—. Horrez gainera, albiste atari bat ere badauka.

Zer harreman dute Txinak eta Argentinak?

Txina Argentinaren lehen bazkide komertziala izateko bidean dago. Harremana defizitarioa da: saldoa negatiboa da kantitatean, baina baita kalitatean ere. Argentinak Txinari lehengaiak saltzen dizkio gehienbat, eta Txinak Argentinari, berriz, gailu elektronikoak eta industrialak.

Argentinak merkataritza defizita du bere bazkide garrantzitsu guztiekin —AEBak, Europako Batasuna, Brasil...—; hala ere, azken urteotan superabit komertzial handia izaten ari da, egungo gobernuaren politikaren ondorioz, baina hori ez da bazkide garrantzitsuekin gertatzen ari, baizik eta gainerakoekin, merkataritza oso dibertsifikatua baitu.

Dena den, Txinarekin defizita izatea ez da egokiena, ezta lehengaiak esportatzen dituen herrialde bat izatea ere.

Bere garaian, eskualdeko «ezkerreko» gobernuen arteko harreman onari esker, AEBek gutxiago oztopatzen zituzten Txinaren negozioak. Txinak ba al du eskualde estrategiaren bat Latinoamerikarentzat?

Maila globalerako duen estrategia bera du Latinoamerikarentzat, haiek garapen baketsua esaten diotena. AEBei ez zaie gustatzen Txinak aurrerapausoak ematea, batez ere beren eraginpekotzat jotzen dituzten eremuetan, hala nola Latinoamerikan. Txina bide onetik zihoan, baina, orain, Ukrainako gerra dela eta, gehiago kostako zaio aurrera egitea hautsia den mundu honetan. Nire ustez, NATOk eragin du gerra hau; besteak beste, Txinari eta Errusiari hedatzen jarraitzea eragozteko.

Hasieran, hau da, duela hamar-hamabost urte, Txinako enpresak Argentinara iristen hasi zirenean, Txinak eskualdeari buruzko ikuspegi globalago eta nahasiagoa zuen, baina, gero, enpresa horiek gero eta gaitasun handiagoa lortu zuten, eta hobeto ulertu zuten dena.

Orain dela urte batzuk, Txinak merkataritza akordio integral bat proposatu zion Mercosurri, eta Mercosurrek ez zion erantzun. Celac komunitatean bada Celac-Txina izeneko talde bat, eta Txinak batera lan egiteko agenda bat eramaten du beti bileretara, baina Latinoamerikak ez du kasurik egiten —herrialde bakoitzaren eztabaidetan kateatuta dabil, eta bertako herrialdeen artekoetan—.

Zer falta zaio?

Latinoamerikan adimena falta da hori egiteko; XXI. mendearen hasieran, gobernu popular batzuk batera etorri zirenean, aukera ederra izan zen, baina ez zen aprobetxatu. Latinoamerikak erretorika integrazionista handia du, baina aurrera ateratzea falta zaio.

Orain dela egun batzuk, AEBetako Estatu Departamentuaren isilpeko ordezkaritza batek bisita egin zion Argentinari, eta eskatu zion ez erosteko Txinako erreaktore bat…

Txina oso lanpetuta dabil, mundu osoan egon nahi baitu, eta, kontuz badoa ere, ez da gelditukoAEBek «hemen ez zara sartuko» esanda ere. Txinak Latinoamerikan egin dituen inbertsio guztien artean, energian egindakoak dira garrantzitsuenak —petrolioa, presa hidroelektrikoak, parke eolikoak, eguzki parkeak eta abar—. Arlo nuklearrean, orain arte ez da inbertsio handirik egin, baina, joan den otsailean, Fernandez presidenteak berretsi egin zuen Argentinan laugarren zentral nuklearra egiteko akordioa.

Azken hilabeteetan, bost edo sei funtzionario estatubatuar etorri dira ohartaraztera horretan aurrera ez egiteko, baina hori historikoa da: Argentinak aurrera egin nahi izan duen bakoitzean proiektu aeronautiko, aerokomertzial, farmakologiko, misilen edo nuklearren arloko batekin, ezetz esatera etorri dira, 40ko hamarkadatik hona.

AEBak Argentinaren lehiakide zuzenak dira, eta Argentina Hego Amerikako herrialderik aurreratuena da garapen nuklearrean, Brasilen atzetik. Argentinako komunitate zientifikoa oso haserre dago, arlo horrek ez baitu aurrera egiten, finantzaketan inplikatuta dauden Argentinako sektoreen arteko desadostasunengatik.

Oso inbertsio handia da: 8.500 milioi dolar dira; Txinak Argentinan inoiz egin duen inbertsiorik handiena, alde handiz.

Uste duzu AEBek badutela Txinaren hedapena geldiarazteko aukerarik?

Ez, baina badute oztopatzeko gaitasuna. Haien eraginpeko gobernuak daudenean, proiektuak trabatu egiten dituzte, edo atzeratu, baina Txinak pazientzia handia dauka bere proiektuei dagokienez, eta epe luzekoak izaten dira.

Imajinatu AEBek Ukrainakoa bezalako gatazka bat sortzen dutela Taiwanen; zaila da hori gertatzea, baina horrelako zerbaitek Txinaren arreta desbideratuko luke urteetan. AEBek zaildu egingo dute Txinarentzat periferikoa izan daitekeen guztia, ahal duten neurrian. Geldiarazi ez dut uste; adierazle ekonomiko guztien arabera —mundua nola banatzen den adierazten duen edozein—, nabarmena da Mendebaldearen gainbehera, Europarena batez ere, eta AEBena ere bai, neurri batean.

Asiaren gorakada, berriz, oso handia da; Txinarena batez ere, baina baita Indiarena eta beste herrialde batzuena ere. Hori geldiezina dela uste dut.

Zuk idatzitako artikulu bat parafraseatuz, Txinakoa zer da, estatu kapitalismo bat edo merkatu sozialismo bat?

Nik uste dut Txina oso eredu berezia dela, bitarikoa. Txinak asko edan zuen kapitalismotik Deng Xiaopingen erreformetatik aurrera, baina prozesu hori guztia gidatzen duena ideia marxisten alderdi bat da, ez burgesia.

Orduan, burgesiak estatua gidatzen ez duen heinean, ezin da estatu kapitalismoaz hitz egin; kapitalismoaren gauza batzuk hartu zituen bezala, doktrina marxista guztia ere hartu zuen—eta biak dira Mendebaldeko produktuak, kapitalismoa eta marxismoa—. Txinak zera egiten du, atzerritik hartu baliagarri zaiona.

Horrek ez du esan nahi Txina herrialde komunista edo sozialista bat denik, baina uste dut haiek duten definizioa dela egokiena, hau da, Txinako ezaugarri batzuk dituen sozialismo bat dela, edo merkatu sozialismo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.