Inaki Galdos
ARKUPEAN

Broadway Donostian

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Pentsatzekoa da pulamentu handiagoko beste zerbait ere esango zuela, baina bideo zati bat, esaldi bat geratu zaigu guztioi grabatuta Ernesto Gasco sozialistak alkaterako bere hautagaitza publikoki aurkeztu zuenekoa: musikalen hiri bihurtu nahi du Donostia, Broadway berri bat, alegia.

Ohituta gauzka horrelakoetara Gascok. Txakur bati zapia jartzen ez bada, Eurovision jaialdiaren eguneko argazki deskribaezinak —kitsch-ak agian?— izango dira, baina beti gugan horrelako erreakzio bat sortzen, algaratik auzo-lotsara doana; amorru edota errukizkoa ere bai batzuengan. Bada, iruditzen zait izugarri gustura egongo dela azken ateraldi honekin (ere) sortu duen saltsarekin, disfrutatu egiten duela inoiz botoa emango ez diotenen artean era honetako hautsak harrotzen.

Ez dakit azken udal hauteskundeen atarian askok espero zuten Eneko Goiak Juan Karlos Izagirreri irabaziko ziola, baina esango nuke inork ez zuela iragarriko Gascok ere orduan alkate zenari aurrea hartuko zionik, agian berak bakarrik. Baina argia da oso Donostiako sozialisten burua, hiria izugarri ondo ezagutzen duena eta emaitza onak lortzeko zer esan eta egin behar duen bikain dakiena. Ez beza inork pentsa gugan aipatutako erreakzioak sortzen dituzten gascokeriak ez daudenik ondo pentsatu eta neurtuak. Oso hanka-sartze larriak izan zituen bere twitter kontutik txiokatutako mezu onartezin batzuk zirela medio, baina ondo saihestu zituen, errua bere laguntzaile bati botata. Gobernuan egoteak ematen dizkion abantailak baliatu, baina komeni zaionean, inolako lotsarik gabe bere burua oposizioan kokatu. Horra hor, datorren urteko hauteskundeetarako ondo kokatuta utzi duen politikariaren errezeta, Donostian askok erraz erosten dizkioten proposamen eta jokamolde bitxiez lagundua.

Euskal Telebistako DantzanGo! programa izan dezake Gascok bere ametsa betetzeko abiapuntu egokia, Donostiako euskal Broadwayrako harrobia osatzeko alegia. Baina hori ere ez da erraza. Egunkari honetako bere Ekografia batean jaso zuenez, Lander Arretxeari Bartzelonako metroan donostiar batek esandakoaren antzerakoak esan dizkidate niri ere zenbaitzuek programa horri buruz, auzo-lotsarena lehenengo eta gure telebista publikoak horrelakoak ematearen inguruko kritikak ondoren. Nahiz eta behingoz gure nerabe eta gazteak euskaraz kontsumitzen jartzea lortzen ari diren horrelako eta antzerako programei esker. Onartzen dut gero eta harridura handiagoz ikusten dudala hainbat ekimenen inguruko jarrera hiperkritikoa.

Ulergarriak bezain eskergarriak dira gure erakundeen kultur politikei egindako kritikak, gure sortzaile askoren aldarrikapenak, ekimen batzuetan zein besteetan gastatzen diren diruen arteko diferentziagatik salaketak... baina aspaldion irakurtzen ari naizen hainbat gauza irakurrita iruditzen zait zenbat jarrera beste gauza bat direla, niri kezkagarria iruditzen zaidan ideologia baten fruitu. Duela ehun eta piku urte trenak hona akordeoi diatonikoa ekarri zuenean batzuek hura infernuko hauspoa zela esaten zuten bezala, infernu berriak aurkitu dituztela gure artean beste batzuek.

Datorren hilaren 18an botoa ematera joango gara Donostiako milaka hiritar, gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera. Ernesto Gasco ez da joango, baina garbi izan beharko genuke egunen batean independentziaren atarian jartzen bagara izango dela Eurovisionzaleak, Broadwayzaleak ere alde daudelako eta Euskal Herri berri horretan MTVk eta Donostiako galdeketaren bezperan Durangon kantatuko duten Andy & Lucas-ek ere tokia izango dutelako. Inguruko gazteekin sermoilari izateko garaia agortu zait dagoeneko eta orain nahiago dut ulertzen saiatu ea zergatik gustatzen zaien gustatzen zaiena. Baina gustatzen zaien gehiena zaborra dela esaten jarraitzen badut, euren erantzunak entzutean areagotu egingo da nigan porrot handi baten aurrean egon gaitezkeen susmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.