Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Laztana

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Euskal gizartea zahartuz doa. Bizitza-esperantza dezente luzatu da azken hamarkadetan. Adin-piramidea zeharo aldatu da. Orain gizon bat, Euskal Herrian, batez beste, 80 urte inguru bizi da. Emakume, 86 pasatxo. Laster barru (sei/zapi urte), euskal populazioaren laurdena 65 urtetik gorakoa izango da. Egoera horrek erronka ugari planteatzen ditu, maila instituzionalean zein pertsonalean. Nola ari gara egoera hori kudeatzen? Martxoaren 8ko grebak zaintza-lanen ardura agendaren erdian kokatu zuen. Bete-betean asmatu duelakoan nago.

Euskal literaturan ere gaiak arrastoa utzi du. Zaintza-lanen ardura, zuzen ala zeharka, presente egon da gure idazleen obretan ere. Horra hor, besteak beste, Anjel Lertxundiren Zu (2015) eta Horma (2017) nobelak, Pako Aristiren Rosa itzuli da (2018) eleberria (protagonistaren ama Maritxuren bitartez), Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (2017) ipuina edota Karmele Jaioren Amaren eskuak obra (2006). Pantaila handian ere aipagarria da, nola ez, Telmo Esnalek 2011n maisuki landu zuen Urteberri on Amona tragikomedia gogoeta sortzailea. Berripaper honetan ere, orain gutxi (hilaren 20an) Edorta Jimenezek ohikoa duen zorroztasunez dianaren erdian kokatu zuen gaia: «Zaharrak dira orain negozioa. Eta nortzuk egin dira negozio horren jabe?» galdetzen zion bere buruari. Haren ustez, «Erdi Aroan bizi gara postmodernitate honetan». Horren adibide modura jartzen zuen gure zaharren ipurdiak garbitzen dituzten langile etorkinen egoera.

Zaintza-lanetan, gizonezkoon inplikazio falta nabarmena da. Jasotako heziketa, ohiturak... edozein aitzakia da ona gure ardurak saihesteko, gure miseriak mozorrotzeko. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, berriz, amari dedikatzen dio orain denbora asko. Urtarrilaren 11n Maite Artolak Faktoria irratsaioan egindako gertuko elkarrizketan, honela azaldu zuen: «Orain, zaintzaile, erizain eta semea naiz aldi berean. Eta ikasten ari naiz asko. Gogorra da, baina ikasbide zoragarria. Egunkariak irakurtzen dizkiot, filmak ikusten ditugu —azkena, Tiburón 1— eta zine-foruma egiten, fardela aldatzen diot... Gogorra da. Baina ederra». Txalogarria da Ibarretxeren aitortza. Hala ere, jakitun gara denok egun dagoen Ibarretxe bakoitzeko ehun bat emakume egongo direla egoera berean. Eta horiei, tamalez, ez zaie mikrofonoa aurrean jartzen. Dena den, Ibarretxeren lekukotasuna baliagarria eta eredugarria da, batik bat berdintasunerakobidean zenbat falta zaigun ilustratzen duelako. Adinekoak zaintzeak ez du distirarik, ez du koskarik gehitzen zure curriculumean, ez zaitu esfera publikoan kokatzen (Ibarretxe ez bazara).

«Gaixo batentzat bere gaixotasuna da mundua. Gainerako guztia osasuntsuek asmatutako fantasmagoria bat da», dio Lertxundik Zu obran. Gaixoak pankreako minbizia zuen. Aristiren azken nobelako protagonista Rosak, bere ama egoitzara eraman aurretik, honela azaltzen du egoera: «Egia esan beharko diot, laster ahaztua izango duen egia Maritxuk matxuratuta daukan oroimen proiektagailuaren areto itsuan».

Nago bizitza-esperantzatik bizitza-kalitatera egin behar dugula jauzi. Izan ere, dementziak eta Alzheimerrak jota dauden gaixo askok eta askok denbora larregi ematen dute etzanda, lotuta edota gurpil aulkietan, apenas mugitu gabe. Lotura horien bitartez «zero arriskua» lortu nahi dute. Zorionez, badira horren aurka lan dezente egiten ari diren mediku eta profesional taldeak. Gero eta gehiago dira «lotura fisikoetatik aske» deklaratzen diren zaharren egoitzak. Haien iritziz, ez dago «zero arriskua» bermatzen duen bizitzarik pertsonaren duintasuna murriztu gabe.

Zaintza-lanak erdigunean jarri behar dira; bai, zalantzarik gabe. Laztan batekin bada, askoz hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.