Venezuela. Krisi politikoa

Madurok dio armadak «inoiz baino batuagoa» behar duela

Guaidoren jarraitzaileak kuartelen aurrean manifestatu dira. Errusiako Atzerri ministroa Venezuelakoarekin batzartuko da gaur

ander perez zala
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Venezuelako armada krisi politikoaren arretagune nagusi bilakatu da, eta horren babesa izatea ezinbestekoa dela agerian utzi zuten atzo agintari politikoek. Batetik, trebatze zentro batean zegoela, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak adierazi zuen armadak «inoiz baino batuagoa» behar duela Ameriketako Estatu Batuei (AEB) aurre egiteko; eta, bestetik, Juan Guaido oposizioaren buruzagiak deituta, milaka venezuelar Caracasko kuartel batzuen aurrean manifestatu ziren, soldaduei eskatzeko gobernua babesteari utz diezaiotela.

Maduroren arabera, indar armatuak «konstituzioa eta subiranotasun nazionala» defendatzeko prest daude, AEBen aginduetara dauden «traidore andana» batzuen aurrean. Guardia Nazional Bolivartarraren (GNB) zentro batean zegoela egin zituen adierazpenok, eta salatu zuen «Amerika guztia gobernatu nahi duen inperio iparramerikar bat» dagoela egunotako estatu-kolpe saialdiaren atzean. Horregatik, Venezuelako presidenteak soldaduei eskatu zien «adi» egon daitezela, «aberria saltzen duten» pertsonak daudelako herrialdean: «Leialtasun aktiboa izan behar duzue».

Iragan asteartean, Guaidok jakinarazi zuen Askatasuna Operazioa-ren «azken fasea» abiatu zuela, eta Leopoldo Lopez oposizioko liderra eta alderdikidea etxeko atxiloalditik atera zuen Espainiako enbaxadan dago orain—; horrekin batera, iragarri zuen militarrek harekin bat egiteko «pausoa» eman zutela:«Asko dira militarrak». Baina mugimendu horrek ez zuenizanespero zen ondorioa, Madurok presidente karguan jarraitzen baitu.

Egoera hori ikusirik, Guaidok etenik gabeko mobilizazioan oinarrituriko estrategian sakondu du asteon: mezu publikoak, elkarretaratzeak, greba orokorrerakoeta, atzo, kuartelen aurrean manifestatzeko deia. Hari jarraikiz, milaka venezuelarrek oposizioaren aldarrikapenekin bat egiteko arrazoiak azaltzen dituzten liburuxkak eman zizkieten soldaduei.

Egun berean, Tarek William Saab fiskalak jakinarazi zuen joan den astearteko estatu-kolpe saialdian ustez parte hartu zuten hemezortzi pertsona atxilotzeko agindua eman zuela; halere, gehitu zuen «ziurrenik» hogei pertsona baino gehiago hartuko dituztela atxilo datozen egunotan.

Nazioartea, adi

Venezuelako krisi politikoaz aritzeko, Jorge Arreaza Atzerri ministroa Sergei Lavrovekin batzartuko da gaur —Mosku da Caracasen nazioarteko aliatu nagusia—; bihar, berriz, Lavrov Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin elkartuko da AEBak dira oposizioaren aliatu nagusia—. Kremlinak Donald Trump AEBetako presidentearen eta Vladimir Putin Errusiakoaren arteko hizketen berri eman du asteon, eta litekeena da bi herrialdeek hitzordu gehiago adostea Venezuelako egoeraz aritzeko.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, gainera, bi eguneko bilera hasiko du bihar; Europako Batasuneko zortzi herrialdek eta Latinoamerikako lauk parte hartuko dute, Venezuelako krisi politikoari irtenbide bat ematea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.