martxelo otamendi
ANALISIA

Ba ote dago ezkerreko taxilaririk?

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bururatu ote zaio inori mundu osoko unibertsitate eta ikerketa guneetan urtero egiten diren milaka ikerketen artean bat egitea taxilarien ideologia politikoaz?

Kuban, Habanan zehazki, oposizio ibiltaria deitzen genien taxilariei, denak oso kritiko zirelako, ez zen urteotan asko aldatuko egoera, Kubako Gobernuarekin. Gauza bera Caracasen Chavez presidentearen garaian. Egokitu al zaio inori Madrilen ezkerrekoa den taxi gidaririk, edo eskuineko irratia piztuta ez daukanik? Eta Bartzelonan Kataluniako independentzia prozesuaren aurka sutsuki ez dagoenik?

Bogotako taxilariek bakarrik emango balute botoa Kolonbiako presidentea erabakitzeko igandeko hauteskundeetan, sekulakoa izango litzateke azken hilabeteotan inork espero ez zuela indar handia hartu duen Rodolfo Hernandez enpresari eskuindarraren garaipena.

Biztanle kopurua kontuan hartuta, Euskal Herria halako bi den Bogotak metrorik ez daukanez, lurgaineko garraioa oso gertu dago kaotikoa izatetik. Hiribusak eta taxiak, azken horiek txikiak eta horiak. Taxilari armada oso bat dabil hirian batetik bestera, nor baino nor gogorragoa Gustavo Petro lehendakarigai ezkerrekoarekin. Leunenek «apolitikotzat» jotzen dute beren burua; ia beste guztiak Hernandezen aldekoak dira. «Erradikala», «ezker muturrekoa», «gerrillaria», «bolivarianoa», «chavista»... dira Petro definitzeko orduan taxilari horiek erabiltzen dituzten kontzeptuak. Bogotako alkatea izan zen Petro 2012tik 2015era. Ez du ematen taxilariek oso balorazio ona egiten dutenik alkatetzan egon zen tartean egindako lanaz. Oso bestelakoa da, aitzitik, bogotarrena, presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian aise nagusitu baitzen hiriburuan, maiatzaren 29an egindako lehen itzulian: %47.

Kanpaina bukaeran ia kale presentzia batere ez dagoela ikusita, auzitegi batek giroa berotzea pentsatu du, kazetariok sekula nahiko eskertuko ez diogun erabakia hartuta. Ezaguna da Rodolfo Hernandez ez dela batera eztabaida zalea, nahiko lan badauka ematen dituen elkarrizketa eskasetan hanka modu larrian ez sartzearekin. Denek uste zutenean Hernandez libratu egingo zela iganderako txartela irabazi duten bi hautagaien arteko eztabaidatik, auzitegi batek, Bogotako Auzitegi Nagusiak, «agindu» egin die bi hautagaiei hauteskunde eztabaida egitea, egin nahi ez zuen Hernandezi eta garaipena eskuratzeko falta zitzaion azken tresnaren bila zebilen Petrori.

Zazpi herritarrek eraman zuten eskaera auzitegira, eta horrek arrazoia eman die, dudarako tarterik utzi gabe: «Herritarrek botere politikoaren osaketan parte hartzeko daukaten eskubidea oinarrizkoa da, eta eztabaidek eskubide hori ahalbidetzen dute [...] eztabaida hautagaiak bere ideien berri emateko daukan eskubidea da, eta era berean betebehar bat gizartearen aurrean [...] bi hautagaiak adostu beharko dira eta 48 orduko epean egin beharko dute hedadura nazionaleko komunikabide batean». Epaileek ez dute zehazten komunikabideak publikoa edo pribatua izan beharko duen.

«Ez dut eztabaidetan parte hartuko polarizatzaileak direlako eta gorrotoa sortzen dutelako [...] nire ideiak eta proposamenak sare sozialetan eta eskainiko ditudan elkarrizketetan azalduko dizkiet herritarrei», zabaldu zuen duela gutxi Hernandezek txio batean.

Auzitegi Nagusiaren erabakiak oso eztabaida juridiko interesgarriari zabaldu dizkio ateak. Behartu liteke hautagai bat eztabaida batean parte hartzera ez badu nahi? Behartu liteke hauteskunde legeak ez badu zehazten derrigorrezkoa dela parte hartzea? Orain arte, gure herrian, justu alderantziz gertatu izan da, alegia, alderdi sortu berriek auzitara jo izan dute telebistetako eztabaidetan parte hartzeko aukerarik eskaintzen ez zietelako. Baina ez inor parte hartzera behartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.