urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Erreferendum kolonial bat

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Kaledonia Berriko erreferendumak agerian utzi ditu XXI. mendean mahai gainean izango ditugun gaietako asko. XIX. eta XX. mendeetatik datorren auzi bat du abiapuntu, noski, kolonialismoaren eta haren ondoriorik lazgarrienen memoria gordetzen baitu kanak herriak, baina horrekin batera munduaren interesgune estrategikoak ia gure antipodetara aldatu direla ere adierazten du.

AEBen eta Txinaren artean gorantz doan lehiak Ozeano Barea du jokaleku nagusi; eta gatazka hotz berri honek oso ahaztuta zeuden lurralde, uharte eta herriei aspaldi ez bezalako protagonismoa ekarri die. Pekinen eta Washingtonen aurrean Parisek ere rol garrantzitsua jokatu gura zuen Melanesian, Polinesian dituen hiru lurraldeekiko subiranotasunak ematen omen dion zilegitasunetik. Emmanuel Macronen handinahikeriak AUKUS akordioaren belarrondokoa jaso zuen, ordea: kolpera, bazterrean uzten zuena ez zen Txina, Australia eta AEBak ustezko aliatu anglosaxoniarrak baizik. Umiliazioaren ostean, frantses nortasun zaurituari nortasun krisi sakona eta populismo arrazista gehitu zaizkio, presidentetzarako hauteskundeen atarian. Frantses nazionalismoaren argudio itsusienetako batek Frantzia ala Txina hautatu behar zirela azpimarratzen zuen, «après moi, le déluge» berritu batean. Kanpainako argudio supremazistetako bat izan da, ez dakizue libre bizitzen, zuen nagusi nor izango den baino ezin duzue hautatu.

Txinak Pazifikoan baduela interesik? Salomon uharteetan ikusi berri dugu azaroan zer-nolako jokalekua den: botere-borroka historikoa (Guadalcanal eta Malaita uharteen artean) proxy lehia bihurtu da (iazko irailean tarte honetan ohartarazi genuen legez). Malaitak ez zuen onartu Salomon uharteetako Gobernuak Pekinekin akordioa egitea eta Taiwanekiko lotura etetea; Taiwanek eta AEBek, noski, Malaitaren jarrera bultzatu dute ekonomikoki eta, azkenean, egoera lehertu da. Kaledonia Berriko nikelaren gutizian dago Pekin, bai, Paris bezalaxe. Baina estatu independenteak subiranotasunez erabakiko du norekin komeni zaizkion akordioak. Ezin ahaztu independentisten lehen hautua Frantziarekiko harreman estuari eustea dela, eta Paris izan dela esan duena independentzia lotura guztiak etetea dela. Interesa duenak negoziatzen jakin behar du.

Begi bistakoa zen Kaledonia Berriko deskolonizazioaren auzia une batez albo batera uztea zela onena. Noumeako akordioen azken txanpara iritsita, hauteskunde zikloa gainditu eta estatu-ikuspegia zeukan buru bat behar zen. Baina Parisek galdeketa ahalik bizkorren egitea hautatu zuen maiatzean. Uzkur eta jukutriaz jabetuta baina une historikoaz jakitun, independentistek buru-belarri heldu zieten erreferenduma irabazteko prestakuntzei. 2020an baino 10.000 boto-emaile gehiago aurkitu behar zituzten. Tribuetan, irla urrunetan eta, batez ere, Noumeako aldirietan beharrezko zuten etxez etxeko kanpaina, herritar guztien mobilizazioa lortzeko.

Halako batean, irailean birusa ezin bortitzago sartu zen ordura arte hildakorik izan ez zuen artxipelagoan; aste gutxian 280 hildako eta etxeratze agindua zituzten. Testuinguru horretan ezinezkoa zen boto-emaile bakoitza pertsonalki etxez etxe bisitatzea. 2022ko irail-urrira arte bazegoen tarterik pandemiari aurre egiteko eta Parisen aginte berritua egon zedin, hauteskunde girotik kanpo. Deskolonizazio-prozesuak merezi zuen horrenbeste. Baina Lecornu ministroak eta Macronek berak eskuin muturraren aurrean erakutsi nahi izan dute badakitela inork baino inperialistago jokatzen. Gertatzen da, faxismoari aurre egiteko haren argudioak hartzen dituzunean, balitekeela jendeak jatorrizkoa hobestea zure kopiaren aurretik. Bidenabar, lagun katalanok: ez erabili Parisek muntatutako zabarkeriaren legezkotasuna «gurea, zergatik ez» argudiatzeko, antzeko parte-hartze datuak antzekoak izanagatik. Alde nabarmen bat baitago: Kaledonia Berriko independentistek atzerapena baino ez dute eskatu; Katalunian unionistek esan balute «erreferenduma bai, baina data elkarrekin ados dezagun», denek onartuko zuketen.

Mende eta erdiz zapaldu, zigortu, baztertu eta oraindik ere arrazismoaren biktima den herri kolonizatua aintzat hartzen ez duen galdeketa nahi bezala izendatu daiteke, baina ez da deskolonizazio prozesu bat. 1957ra arte ez zitzaien boto-eskubiderik aitortu kanakei. Eta orduan ere, caldoche zuriek kolono gehiago galdegin zituzten. Orain, Noumeako akordioa amaitutzat jo eta orduan ezarritako errolda ere gainditutzat jo nahi da, azken hamar urteotan iritsitako metropolitarrei leku egin eta kolonia betikotzeko. Erreferendum kolonial horrek ez du behin betiko estatusa ezarriko, ez du Kaledonia Berria Nazio Batuen Deskolonizazio zerrendatik aterako.

Bitartean, Melanesian bertan, Bougainville uharteko ordezkariek Papua Ginea Berriko Gobernuarekin adostasuna lortu dute, patxadaz baina irmo urratsak egiteko. Ez da independentziarik izango 2025 baino lehen. Ezta 2027 baino beranduago ere. Gerran izan ziren bi lurralde behartsu dira, baina Eliseoko luxu guztiak baino duintasun handiagoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.