Osasunak Sevilla hartuko du gaur, eta Alaves Elxen ariko da

enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Osasuna eta Alaves gaur itzuliko dira lehiara. Alavesek garaipenaren bidera itzuli nahi du Elxen zelaian (14:00, Movistar La Liga). Bazkalorduan puntu gosea asetzen saiatuko da, bi baino ez baititu lortu Jose Luis Mendilibarrekin. Afalorduan, berriz, hiru puntuko mokadu gozoa ahoratu nahi du Osasunak, Sadarren Sevillari irabazita (21:00, Mov.).

Aurkari zaila izango dute gorritxoek. Liga irabazteko lehian ari da Sevilla, eta Sadarren jokatu dituen azkeneko lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta berdindu egin du bestea. Osasunak 2012-2013ko sasoiaren azken txanpan irabazi zion etxean azkenekoz Sevillari, Puñalen eta Cejudoren golei esker. Orduko presiorik gabe jokatuko dute gaur nafarrek, eta duela aste batzuk baino konfiantza dezentez handiagoarekin, Cadizi eta Granadari irabazi ondoren.

Jagoba Arrasatek adabakia jarri beharko du defentsako eskuin hegalean. Nacho Vidalek zigorra bete behar du, eta minez dago haren ordezko izan beharko lukeena: Areso. Ramalhok, berriz, liganez du batere jokatu. Unai Garcia edo Moncayola lekuz aldatzea izan liteke beste aukera bat, baita harrobiko Pau Martinezek debuta egitea ere. Zelai erdian, Darko eta Oier faltan izango dituzte.

Alavesek, berriz, premiazko hiru puntu lortu nahi ditu Elxen (Herrialde Katalanak). Larri zegoen Mendilibarrek hartu zuenean, eta, oraingoz, entrenatzaile berriak ez du egoera irauli. Aurkari gogorrak izan dituzte azkenaldian arabarrek, baina gaur pareko kontrarioa izango dute. Putzutik irteten hasteko partida izan behar du, salbazioa hiru puntura baitute. Jokatzeko moduan daude neguko lau fitxaketak: Jason, Escalante, Tenaglia eta Manu Vallejo. Ez, ordea, Ximo Navarro eta Loum.

Bigarren Mailan, Reala B-k Lugori irabazi nahi dio Anoetan (16:00, Mov.). Txuri-urdinek bederatzi jardunaldi daramatzate irabazi gabe. Eibarrek, berriz, lehen postuan sendotu nahi du, Sportingen zelaian nagusituta (20:30, Mov.). Eibarri lotuta, Elba Vergesek 2024ra arte berritu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.