Inaki Galdos
ARKUPEAN

Urkulluren eskua

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Sumatzen dudanaren arabera, esango nuke oso gertutik ari dela jarraitzen jendea hemen ere proces-aren epaiketa. Honen baitan, ikusmin berezia sortu zuen gugan Urkullu lehendakariaren lekukotzak. Eta espero zitekeen bezala, oso balorazio ezberdinak entzun eta irakurri ahal izan genituen berak esandakoari buruz. Rajoyren bezperako gezurrak agerian utzi zituela azpimarratu zuten batzuek eta Puigdemonten negoziatzeko borondatea aldarrikatu zuela beste batzuek. Estatu espainiarraren aldeko ustezko bere betiko jarrerari eutsi ziola gogor salatu zuenik ere izan zen. Zenbat buru, hainbat aburu, beraz, gauza gehienetan bezala.

Hala ere, irudi batek hartu zuen egun hartan indarra, lehendakariak esandakoari ere itzal eginez. Labur dezagun: Gabriel Rufian katalanak bere deklarazioa bukatzerakoan auzipetu guztiei eman zien eskua aretotik ateratzerakoan, Santi Vila sailburu ohiari izan ezik; Urkullu lehendakariak Santi Vilari bakarrik, ez beste inori. Horiek dira datu objektiboak, ez dago zalantzarik, baina ezinbestekoa da ñabardura bat egitea, zintzo jokatu nahi badugu. Rufianek nahita egin zuen hori guztia, hori zen berak nahi zuen argazkia. Lehendakaria, ordea, inori eskua eman gabe zen ateratzekoa, baina azken lerroan zegoen Vilak luzatu zion eskua eta Urkulluk eman, beste edozeini egoera berean emango ziokeen bezala.

Baina askorentzat berdin du, ez dezala egiak argazki horrek eskaintzen duen pagotxa izorratu. Ordu gutxian Urkulluren eskua nagusi sareetan, eta denen gainetik, milaka pertsonaren bertxiotze, atsegin adierazpen eta iruzkin izan zituen bederatzi segundoko bideo bat twitterren, lehendakaria aretotik ateratzen eta Vilari eskua ematen erakusten duena. Bideoak, katalanez vergonya-ren (lotsaren) lehendakaria dela adierazten eta Euskal Herritik barkamena eskatzen mezua zuen lagun eta Paquita La Del Barrio mexikarraren abesti ezagunaren ondo aukeratutako bederatzi segundo ere bai: Rata inmunda, animal rastrero, escoria de la vida.

Ez dut Urkulluri botoa eman izanaren damurik, baina aldi berean ez dut inoiz ezkutatu nire iritzi kritikoa hain gustukoa ez dudan zerbait ikusi dudanean. Ororen gainetik, Kataluniarekiko bere zenbait jarrerak sortu dute kezka nigan, arkupe honetan bertan behin baino gehiagotan idatzi dudan bezala, Puigdemonti bisita egin ziezaiola eskatu nion hartan kasu. Eta Auzitegi Gorenean lehendakariak esandakoa oso zentzuzkoa iruditu bazitzaidan ere, erabat zilegi eta ulergarria da beste jende asko ez asebetetzea edota haserretzea. Hala adierazi zuten egun berean eta hurrengoetan gure politikari eta iritzi emaile askok, benetan aberasgarriak suertatu ziren adierazpen eta idatzietan. Kontua beste bat da, ordea.

Kontua da egia-ostea, gezur emotiboa, fake-a eta hori guztia denen ahotan darabilgun garaiotan, badirudiela horretan ere ez garela gu oasia eta ondo ikasten ari garela iritzi publikoa moldatzeko laburbide kezkagarri hauek hartzen. Gure hedabide eta unibertsitateetan gai honi buruz hurrengo aldiz hitz egiten denetan agian ez dute soilik Donald Trump, Steve Bannon, Albert Rivera edota urrutiko intxaurretara joan beharrik izango; ez dute soilik hemendik kanpoko gaiztoek egiten dituzten manipulazio ariketak adibide gisa jarri behar izango.

Agian norbaiti bururatuko zaio gure artean ere gertatzen direla horrelakoak. Adibidez, Urkullu lehendakariak (bi hankako arratoia, gorago aipatutako abestiaren arabera) areto hartan emandako zortzi urratsen ondoren pertsona batek luzatutako eskuari adeitasunez erantzun izanak—hobeto esanda, egoera horren erabilpen maltzurrak— milaka pertsona asaldatu zituela eta horietako askori barruan zuten gorrotoa aterarazi. Agian bai, baina iruditzen zait ez dela hori gertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.