Tzvetan Todorov

Totalitarismo berrien ezten

Mugak eta haiek baldintzaturiko bizi esperientziak izan zituen gogoeten abiapuntu; Europako demokrazien noraezean jarri zuen soa eta gogoa. Atzo hil zen, Parisen, 77 urterekin.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2017ko otsailak 8
Literatura ikertuz hasitako bideak talaia zabalago bat hartu zuen denboraren poderioz Tzvetan Todorov filosofo eta idazlearen pentsamenduan. Mendebalde deitutako gizarteetako demokrazien hauskortasuna, errefuxiatu eta etorkinen auzia, muga geografiko eta mentalen eragina, hedabide eta intelektualen rola eta beste zenbait gai izan zituen gogoetarako bide azken urteetan. 2015eko maiatzean, Bilbon izan zen, Gutun Zuria jaialdian. BERRIAri emandako elkarrizketan Europako demokrazien etsaiak zein diren argitu zuen, besteak beste: «Argi dago fundamentalismo musulmana erasokor zaiola demokraziari, baina iruditzen zait demokraziarentzat, erregimen modura, mehatxu handiagoa dela desbideratze neoliberala eta desbideratze neokontserbadorea. Demokrazia arma bidez ezar daitekeela uste du jarrera horrek». Atzo hil zen, Parisen, 77 urte zituela. Han bizi zen 1963az geroztik, Bulgariatik ihesean joan baitzen artean ikasle zela.

Sofian jaio zen Tzvetan Todorov, 1939ko martxoaren 1ean. Liburuzainen semea izatea ez zen bitxikeria hutsa izan, gero egindako bidea ezagututa. Bulgaria komunistan hezi zen, eta Frantziara joan zen hartatik ihesean. Urtebetez ikastera joan zen hasieran, baina han bizi izan zen 1963tik aurrera; Roland Barthes pentsalari eta hizkuntzalariaren babespean, besteak beste.

Lehen urteetan, literatur kritika landu zuen —Théorie de la littérature, 1955; Littérature et signification, 1967...—; formalismo errusiarraren poetika, batez ere. Lengoaiaren filosofiara bideratu zuen interesa, ondoren, eta norabidea erabat aldatu zuen hurrena: Amerikaren konkista, kontzentrazio eremuak eta pentsamendu ilustratua izan zituen aztergai bere obretan. Bitartean, irakasle eta zuzendari izan zen Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroko (CNRS) Arte eta Lengoaiaren Ikerketa Zentroan, Parisen. Yalen, Harvarden eta Berkeleyn ere eskolak eman zituen.

AEBetan ere irakasle aritu zen, hortaz, baina, batez ere, bi Europen arteko mugez eta ezinez gogoeta egin zuen; ekialdeaz eta mendebaldeaz, hain zuzen ere. Bere burua «gizon desplazatu» modura ikusten zuen (L'Homme dépaysé, 1996): ekialdeko herrialde batetik (Bulgaria) lekualdatu zen, eta bizileku berriari (Frantzia) begirada harrituz so egiten zion. Ikusmira bikoitz eta aberastu horrekin hitz egiten zuen egiaz, gaizkiaz, justiziaz eta memoriaz; deserrotzeaz, kulturen topaketaz eta demokrazia modernoen noraezaz. Estrukturalismotik eta apolitizismotik zergatik aldendu zen azaldu zuen bere lanetan, bere humanismo kritikoa argudiatu zuen, bere muturreko neurritasuna eta manikeismoekiko destaina nabarmenduz bat.

Bere ibilbide pertsonalagatik, eta, ziur aski, bizi izandako lekualdatze eta deserrotzeagatik, mugak gainditzea zuen obsesio: hesiak igarotzea, itxuraz ezin batuzkoak diren kontuak lotzea, hala nola hizkuntzak, kulturak eta arte adierazpideak. Elkarguneak interesatzen zitzaizkion, ñabardurak, eremu grisa deitzen zuen hori. Eremu horretan bilatzen zuen gehien interesatzen zitzaion galderaren erantzuna: Nola bizi?

Azken hamarkadan, gordinki kritikatu zuen egungo estatuen pentsamendu neokontserbadore eta ultraliberalismoa —L'expérience totalitaire : la signature humaine, (2010); Les ennemis intimes de la démocratie (2012)— Haren hitzetan, egun gailendu den pentsamendu horrek estalinismoa eta faxismoa eratzeko beharrezko izan ziren ezaugarri bertsuak ditu. Insoumis (2015) azken lanean estalinismoari edo nazismoari aurre egin zioten zortzi pertsonaia nabarmendu zituen —Alexander Solzhenitsyn eta Germaine Tillion—.

Globalizazio ekonomikoaren gainean ezartzen zuen demokrazia garaikideen gainbeheraren zama nagusia. Horrela esan zion BERRIAri duela bi urte eskas: «Globalizazioak eraldatu egin du munduaren antolaketa politikoa: herriei botere politikoa kendu die. Segitzen dugu gobernuak hautatzen, baina erabaki ahalmen txikia dute... Globalizazioaren ondorioz, oso gauza hauskorra bilakatu da demokrazia».

Etorkinen auziaz

Azken bizpahiru urteetan, bereziki kezkatzen eta amorrarazten zuen Mediterraneo itsasoa gurutzatu nahian dabiltzan errefuxiatuekiko Europaren jarrerak. «Asko ordaindu ondoren eta bizitza arriskuan jarri ondoren pertsona horiek geltokietan eta kalean lo egiten ikusteak konponbidea negargarria dela erakusten du», esan zuen berriki. Todoroven ustetan, «beharrezkoa da itotzen ari den jendea berehala laguntzea», baina, era berean, «beste laguntza mota bat» ere ezinbestekotzat jotzen zuen, motelagoa den eta luzeragokoa den laguntza bat. «Jatorriko herrialdeen bizi baldintzak hobetzea da konponbidea, Afrikako eta Ekialde Hurbileko baldintzak hobetzea. Europak ez du lagundu herrialde horietan bakea eta egonkortasuna ezartzen. Estatuaren egiturak suntsitu ditugu Iraken, Afganistanen, Sirian... demokrazia eramango genuen aitzakiarekin; emaitza okerragoa izan da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna