'Irudiak mintzo' arte garaikideko ikastaroa egingo dute Artiumen

Garazi Ansa, Haizea Barcenilla, Xabier Gantzarain, Catalina Lozano, Ismael Manterola eta Idoia Zabaleta ariko dira irakasle, besteak beste

Zeru bat, hamaika bide erakusketa, Artium museoan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Artium museoak ikastaro bat antolatu du arte garaikidearen hastapenen inguruan: Irudiak mintzo. Bi orduko hamar saio egingo dituzte, irakasle espezializatuekin, artearen historian, hizkuntzan eta haren inguruan sortzen diren eztabaidetan sakontzeko asmoz. Ane Lekuona EHUko irakaslea da koordinatzailea. Datorren urtarrilaren 26an hasiko da, eta aldi baterako erakusketa batzuek osatuko dute.

Saioak asteazken arratsaldero egingo dituzte, 18:00etan, apirilaren 13ra arte. Ikastaroa doakoa izango da Artium museoaren lagunentzat eta Arte Ederretako eta Artearen Historiako fakultateetako irakasleentzat. Ikasleek 25 euro ordaindu beharko dute, eta tarifa orokorra 60 eurokoa da.

1970eko hamarkadatik gaur arte irudien eta artearen inguruan sortu diren proposamenak aztertu nahi dituzte. «Ikastaroa topaleku bat izango da, begirada eta galdera berriekin arteaz eta irudien berrikuntzaz aritzeko, gure oroimena berrikusteko, bestelako ahots batzuk entzuteko eta geure burua haietan ezagutarazteko», azaldu du Lekuonak.

Ismael Manterola EHUko irakasle eta ikertzaileak 70eko urteetako arteari buruzko saio bat egingo du. Garazi Ansa EHUko irakasle eta ikerlariak kritika feministatik helduko dio arteari, beste genealogia batzuk sortzeko. Xabier Gantzarain Dinamoa sorkuntza guneko koordinatzaileak arte kontzeptualaren korronteari buruzko planteamendu teorikoak esplikatuko ditu.

Artea eta museoak

Idoia Zabaleta koreografo, biologo eta Azala sorkuntza guneko koordinatzailea performanceari buruz arituko da. Elena Roseras Artiumeko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren arduradunak dokumentazio prozesuek praktika artistikoen barruan duten garrantziaz hitz egingo du. Enrique Martinez Artium Bildumaren kontserbatzaileak euskal arte garaikidearen funtsaren gakoak aztertuko ditu. Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta ikertzailea erakusketek eta museoek artearekin duten harremanaz ariko da. Catalina Lozano komisario eta ikertzaileak Latinoamerikan hainbat artista belaunaldik herentzia kolonialari nola heldu dioten azalduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.