PROPOSAMENAK

Mississippiko doinuak Bilbon

Bihar hasiko da Bilboko lehen Blues Festival jaialdia. Hamabost kontzertu antolatu dituzte astebururako, eta horien artean Travellin Brothers euskal herritarrena izango da igandean

Travellin Brothers taldea Bilboko Blues Festivalen aurkezpenean, ekainaren 9an, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da BBF Bilboko lehen Blues Festival musika jaialdia. Ostiraletikigandera, jaialdiak Mississippira gerturatuko ditu Bilboko Areatza pasealekua eta Guggenheim museoa, blues, jazz edota soul doinuekin. Hamabost kontzertu eskainiko dituzte mundu osotik etorritako musikariek. TopARTE programak bestelako ikuspuntua emango dio musika estilo horri. Jaialdiaren modura, Bilboko Blues Festival sariaren lehen aldia izango da aurtengoa. Bob Strogerren ibilbidea omenduko da.

Aurkezpenean adierazitakoaren arabera, BBFren helburu nagusiak bi dira: zaleei Europako biretan parte hartu ohi ez duten artistez gozatzeko aukera ematea eta musika estiloa ezagutzen ez duenari hura helaraztea. Gainera, Xabier Otxandiano Bilboko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziaren esanetan, Bilbo blues generoaren munduko zirkuituan sartzea dute xede.

Helburu horiek betetze aldera, doinu amerikarren munduan ezagunak diren hainbat talde arituko dira jaialdian. Hala nola Ronni Baker Brooks, Dana Fuchs, Blues Triumvirate, Shemekia Copeland eta Travellin Brothers euskal herritarrak. Gainera, Chicagoko zenbait artista batuko dira jaialdian Chicago All Star izenarekin; haien artean Bob Stroger BBF sariduna.

Kontzertuek, generoko diva eta aitzindari afro-amerikarrei buruzko hitzaldiek, boogie-woogie eskolek eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak hiriari ekarpen handia egingo diotela espero dute. Kontzertuak ez beste ekitaldi guztiak TopARTE egitarauaren barruan programatu dituzte. Travellin Brotherseko gitarra jotzaile Aitor Cañibano Goikoetxearen arabera, giro ederra emango die jaialdiak Bilboko kaleei, «are gehiago dohainik izanda».

Cañibanoren aburuz, BBFk adin eta kultura askotako jendea erakarriko du Bilbora. Izan ere, batzuek oporrak blues jaialdien arabera antolatzen dituztela dio Travellin Brotherseko kideak. Gainera, uste du bertaratuko diren gehienak pertsona helduak izango direla. Cañibanoren ustez, horrek Bilboko ostalaritzan eragin positiboa izango du.

Amaiera etxekoentzat

Travellin Brothers Euskal Herriko taldearen ardura izango da jaialdia ixtea, igandean, 22:00ak inguruan, Areatzan. Taldeko gitarra jotzaileak dioenez, jaialdian jo ahal izatea oso garrantzitsua da haientzat: «Gure herriaren esker ona jasotzea da igandekoa».

Taldeak 1.200 kontzertu baino gehiago eman ditu mundu osoan. Memphiseko Orpheum antzokian ere jo dute, hiru mila pertsonaren aurrean; hain zuzen,BB Kingek eta Elvis Presleyk jotzen zuten lekuan, alegia. Txinan bira bat egiteko eta AEBetako «tabernarik ilunenetan» jotzeko aukera izan dute bere ibilbidean.

Halere, testuingurua dela eta, igandekoa «amets bat betetzea da» haientzat. Gainera, Cañibanok uste du urte askoan iraungo duen jaialdiaren hazia ereingo dutela.

Bilbao Blues Festival



Bihar hasi eta igandera arte, kontzertuak izango dira Areatzan eta Guggenheim museoan, dohainik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.