PROPOSAMENAK

Lehengo moda da egungoa

Kontsumo arduratsuan oinarritzen den bigarren eskuko azoka antolatu du Vintage Bilbao markak, Zorrotzaurreko Espazio Open gunean. Abuztuko asteburu guztietan irekiko dute

Bigarren eskuko vintage arropa, zintzilik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
iraia vieira gil
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bigarren eskuko arropa merkatua antolatuko du Vintage Bilbaok Bilboko Zorrotzaurreko Espazio Open gunean, Artiach galleta fabrika zegoen lekuan. Azoka abuztuko asteburu guztietan egingo dute 500 metro karratu dituen espazio horretan; irekita egongo da ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan eta igandeetan,11:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa da, eta bigarren eskuko mota guztietako jantziak eta osagarriak aurkitu ahal izango ditu bisitariak bertan; gehienak, 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadakoak.

Izan ere, azken urteotan bigarren eskuko arropen merkatuen arrakasta asko handitu da. Salerosketa mota hori Europako iparraldean ohikoa bada ere, gero eta gehiago dira Euskal Herrian ekonomia zirkularrean oinarritutako kontsumoaren alde egiten dutenak. Vintage Bilbao merkatua, kasurako. Hain zuzen ere, jasangarritasuna sustatzeaz gainera, bigarren eskuko piezen prezioak askoz ere apalagoak dira lehenengo eskuko denden prezioekin alderatuz.

Vintage Bilbao merkatuari dagokionez, gainera, Marta Sans izan da horren bultzatzaile eta kolaboratzaile nagusietako bat. Sans aski ezaguna da Euskal Herriko vintage modaren arloan, haren ibilbide profesionala dela eta. Hain zuzen, Vintage Bilbao merkatua sortu baino lehen, bestelako bigarren eskuko dendak ere ireki izan ditu Bizkaian. Hala nola Bilboko Espectro eta Pavo Sintetico eta Getxoko Room Full of Mirrors. Bere azken proiektu horretan, marka handiek diseinatutako arropak eta osagarriak eros ditzake bezeroak. Yves Saint Laurent, Burberry edota Carolina Herreraren diseinuak, adibidez.

Espazio alternatiboa

Bisitariak joerek bultzatuta joan ohi dira Vintage Bilbao merkatura.Eskuz egindako larruzko jakak, kapak edota txalekoak egungo modara egokitzeari ekin baitio jendeak.

Ordea, Vintage Bilbao merkatuan salerosketan aritzea ez da Espazio Open guneak egiten duen ekintza bakarra.

Horrez gain, eraikin berean dagoen Jardín Secreto izeneko kafetegiko lorategian eseri eta zerbait edan edo jateko aukera ere badute bisitariek. Laranja ura, koktelak, hanburgesak, pizzak... orotariko aukerak daude menuan. Gainera, Jardin Secreto petfriendly espazioa da; hau da, maskotekin joateko aukera dago. Euria eginez gero, sofaz hornituriko espazioa du barnealdean.

Era berean, Fab Lab Bilbao sormen gelak osatzen du espazioa. Sormen digitalarekin zerikusia duten proiektuak garatzen dira hor. Teknologia era kritikoan erabiltzen ere irakasten dute, eta, gainera, herritar guztientzako eztabaida etiko eta politikoak antolatzen dituzte.

Espazio Open kulturgunea da, zeinetan kultura, teknologia eta gatazka sozialak egunerokoan integratzen diren. Vintage Bilbao da, hain zuzen, horren erakusgarri: modak, jasangarritasunak eta ekonomia zirkularraren inguruko eztabaidek bat egiten dute.

Vintage Bilbao

Uztailean eta abuztuan, asteburuero. Ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara; larunbat eta igandeetan, 11:00etatik 20:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.