PROPOSAMENAK

Egitarau zabala Hernanin

Hernani kulturaz, kirolez eta jolasez beteko da Uda Parkean ekinaldiarekin. Ave Maria parkean egingo da, uztaileko azken egunetan, eta egitaraua publiko guztientzako modukoa izango da

Dantza emanaldi bat, Uda Parkean egitasmoan. BERRIA.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Uda Parkean ekinaldia, Hernanin (Gipuzkoa), eta etzi eta etzidamu jarraituko du. Kultura, kirola eta jolasak uztartzen ditu, eta Hernaniko Ave Maria parkeko belardian egingo da. Parkea herriko berdegunerik handienetakoa da, eta zabala denez eta erdialdetik gertu dagoenez, leku paregabea iruditu zitzaien antolatzaileei. Hori horrela, hamaika ekintzak girotuko dute parkea uztaileko azken egunetan.

Ekinaldiaren helburua da hernaniarrek hilabeteko azken egun horiek herrian igarotzea, eta, horretarako, publiko guztientzako moduko egitarau zabala antolatu du Hernaniko Udalak, Nagore Irastorza kultura teknikariaren arabera.

Uda garaian ohikoa izaten da oporretara joatea; horrek, ordea, Euskal Herriko hainbat herri hutsik gelditzea ekartzen du, eta horri aurre egiteko sortu zuten Uda Parkean.

2016. urtean egin zuten lehenengo aldiz ekinaldi hori, eta, emaitza onak izan zirela ikusita, bi urteko etenaldiaren ondoren, bosgarrenez egingo dute aurten.

«Sanjoanak ekainean izanda, ohikoa izaten da abuztuan herria hutsa geratzea, eta, hain zuzen, abuztua baino lehen herritarrek kultura jaialdi batez gozatzeko eta herrian geratu eta disfrutatzeko antolatzen dugu egitarau zabala duen jaialdi hau», adierazi du Irastorzak.

Kultura jaialdi horretako emanaldi nagusiak kontzertuak izango dira. Batetik, Neomak taldearen pandero soinuak entzuteko aukera egongo da etzi, 22:00etan, eta Dupla talde aguraindarrak kontzertua emango du larunbatean, ordu berean.

Jolasak, dantza, zirkua...

Beste hainbat ekintza ere egingo dira: hala nola Hernaniko askotariko elkarteek jolasak, dantzak eta kirol jarduerak egingo dituzte. Zirkua, berriz, Kataluniako talde bate esku egongo da.

Ekintzak udaleko zenbait sailen artean antolatzen dituzte, eta, aukeraketa egiteko orduan, inguruko konpainien alde egiten dute; hala ere, tarteka kanpokoren bat ere izaten da. «Garrantzitsua iruditzen zaigu adin tarte desberdinek aukera izatea ekintzetara etortzeko, eta, horretarako, hemengo konpainiak hartzen ditugu aintzat», esan du Irastorzak.

Kultura teknikariaren esanetan, Ave Maria parkean izateak badu bere zergatia. «Herrian ez da askorik erabiltzen, baina hain zoragarria da, ze nolabaiteko bizitasuna eman nahi genion. Aire zabalean izateak berezia egiten du, eta apaindu egiten dugu are eta erakargarriagoa izan dadin».

Ekinaldiak harrera ona izaten du, Irastorzaren arabera. Aurtengo aldiari dagokionez, oraindik ez daki nolakoa izango den harrera:«Ez dakit nolako harrera izango duen; hala ere, azken urteetakoa kontuan hartuta, nahiko seguru gaude oso ona izango dela».

Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Atsegindegira lekualdatuko dira. Udal ordezkariek parkean afaltzeko gonbidapena egin dute. Han bertan erosi nahi duenarentzat, janari furgoneta bat egongo da.

Uda Parkean



Bihar, etzi eta etzidamu, Hernaniko Ave Maria parkean (Gipuzkoa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.