PROPOSAMENAK

Altxor berdea Nafarroan

Ibilaldiak egiteko eta pasatzeko aukera dago Bertizko natur parkean; adin guztietarako aproposak dira, gainera. Artisau azoka eginen dute gaur goizean Bertizko turismo bulegoan

Bertizko parke naturaleko sarrera, zuhaitzez inguratuta. ORIOL CONESA FABREGUES.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako iparraldean dago Bertizko Jaurerria Natur Parkea. Bertizarana udalerriaren zati handi bat hartzen du, eta Oieregi eta Oronoz-Mugairitik abiatuta iristen da hara. Nafarroan natur parke izendatutako lehen eremua izan zen, eta herrialdeko naturagune babestuen sarean dago. Zuhaitzez eta landaretzaz betetako oihan handi bat da Bertizko natur parkea; pagoak dira nagusi, baina haritz eta haltz ugari ere badaude. Animaliei dagokienez, orkatz, basurde eta orein anitz bizi dira eremu horretan.

Lurraldea Bertiz familiarena izan zen XIV. mendetik. 1657. urtean, Francisco de Bertiz hil egin zen, eta, ez zuenez seme-alabarik izan, jaurerria Antonio Barraganen esku geratu zen. Beste hainbat jaberen esku egon zen ondorengo bi mendeetan, harik eta 1898an Pedro Zigak eta Dorotea Fernandezek erosi zuten arte.

Bikoteak natura asko maite zuen, eta basoa babesteko neurriak hartu zituen. Hainbat berriztatze lan egin zituzten, garaiko art nouveau estiloari jarraituz. Aizkolegi mendi tontorrean dagoen jauregia egin zuten. Egun, jauregiaren hondarrak gelditzen dira soilik. 1949. urtean, garaiko diputazioari eman zioten eremua, baina baldintza bat jarri zioten: parkea utzi zuten moduan mantendu behar zen, eta aisialdirako, hezkuntzarako eta zientziarako soilik erabili behar zen. 1984. urtean, erakundeek natur parke izendatu zuten.

Lorategi botanikoa

Parkearen hegoaldean, Bidasoa ibaiaren ertzean eta Oieregi herriaren ondoan, jauregia eta lorategi botanikoa daude. Lorategia duela 100 urte baino gehiago sortu zuten, eta mundu osoko espezieak ikusteko aukera zabala dago: sekuoiak, zedroak, gingkoak, limoiondoak, kameliak, azaleak, hortentsiak, glizinak eta banbuak, besteak beste. Hori guztia paisaia eder batek inguratuta dago, art nouveau estiloko zubi, biribilgune eta urmaelez beteta. Jauregia jardunaldiak eta biltzarrak egiteko erabiltzen da, eta, beheko solairuan, erakusketa areto bat dago. Garai batean, Zigaren eta Fernandezen etxea izan zen.

Parkeko sarreratik abiatuta, ibilbide asko har daitezke. Zazpi bidexka daude: Aizkolegi, Iturburua, Aizkolegi-Plazazelai, Irretarazu, Plazazelai, Suspiro eta Erreparatzea. Mota askotakoak dira, batzuk motzak eta beste batzuk luzeagoak. Aizkolegi da parkeko ibilbiderik luzeena. Joan-etorria 22 kilometro ingurukoa da, eta Aizkolegi mendi tontorreraino iristen da: jauregi modernistaren hondakinak ikus daitezke, baita parke osoko bista ikusgarriak ere.

Bertizko natur parkea leku ezin hobea da udako egunak igarotzeko. Aukera dago bazkaria eraman eta han bazkaltzeko: mahaiak eta aulkiak daude, aterpe baten azpian, eguraldia arazo izan ez dadin.

Bisita gidatuak ere egiten dituzte. Parkearen harreran eta informazio lekuetan ematen dituzte xehetasunak. Badira bestelako ekitaldiak ere. Gaurko, esaterako, artisau azoka antolatu dute, 10:00etatik 14:00etara. Bertizko turismo bulegoan izanen da, parkeko sarreran.

Bertiz Jaurerria Natur Parkea



Urte osoan bisitatu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.