PROPOSAMENAK

Emakumeen obrak kalean

Emakumeek artearen historian izandako rola erakusten duten 40 obra, Bilboko Arte Ederren Museotik atera, eta Bakioko kaleetan erakutsiko dituzte, gaurtik abuztuaren 16ra arte

Emakumeak museoan erakusketa Bilboko kaleetan zehar, aurten. ARTE EDERREN BILBOKO MUSEOA.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoko 40 obra erakustokiko paretetatik kendu, eta Bakioko (Bizkaia) kaleetan egongo dira gaurtik aurrera. Artearen historian emakumeek izandako rola azaleratzen du aire zabalean antolatutako erakusketa honek: Emakumeak museoan. BBK Artearen Ibilbidearen egitarauaren barruko erakusketa da. Astebetez egongo da Bakioko kaleetan, abuztuaren 16ra arte. Bizkaiko 26 udalerritan erakutsiko duten erakusketak museoa jendearengana gerturatzea du xede, «herritarrak museora joan behar ez izateko».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailekin batera egiten den proiektuak bere hirugarren aldia du aurten. Miriam Alzuri Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaile eta proiektuko buruaren aburuz, Arte Ederren Museoak azkenaldian darabiltzan politikei erreparatuz, zentzua du aurtengo erakusketaren gai nagusia emakumeak izatea: «Museoaren azken plan estrategikoan aurrenekoz erabaki da emakumeen presentzia areagotzeko jarduerak antolatzea eta emakume artisten obra gehiago erostea». Horren harira, gizonek emakumeak nola ikusten zituzten, eta emakumeek beraiek euren burua nola irudikatzen zuten plazaratzea zentzuzkoa iruditzen zaio Alzuriri.

Izan ere, aurreko aldietan bezala, Artearen ibilbidea-k jadanik museoan dagoen erakusketa bat du oinarri: Ikuspuntuak. Bertan, «behaketaren ohiko kodeak desegin eta museoko bilduma era aske eta subjektiboan interpretatzea» sustatu dute. Horretarako, testuinguru kultural eta sozial ugari zituzten hamasei emakumek zortzi obraren inguruan hausnartu zuten, emakumea erdigunean jarriz. Alzuriren arabera, oso interesgarria izan da, adituek normalean ikusten dituzten gauza ezberdinak baloratu dituztelako.

Erakusketaren arduradunaren ustez, museoa bere baitan geroz eta itxiago dago. Horregatik, beharrezko ikusten du piezak museotik at gozatzeko proiektuak aurrera eramatea: «Aurreneko pausoa mundu digitalean eman genuen, jendeari Internet bidez museoa bisitatzeko aukera eskainiz. Hurrengo pausoa museoa kalera ateratzea da». Helburua argi dute: museoan dauden obren hedapena areagotzea, kalean dagoen jendea gerturatuz: «Kalean egonda, jendeak koadroen inguruan hausnartzeko askatasun handiagoa duela ikusi dugu».

Hausnartzeko askatasuna

Zabalduta dago museoetan obrak ikusteko nolabaiteko jarrera izan behar dela, Alzuriren iritziz. Hori dela eta, uste du koadroen inguruko hausnarketak entzutea zaila dela museo baten barruan.

Herritarrek arteari dioten errespetu hori kontuan izanda antolatu dute erakusketa, koadroak ulertzeko erraztasunak eskainiz, ehun hitz dituzten testuekin, obren testuingurua azaltzeko zenbait gako emanez: «Ideia da norbait paseatzen doan heinean koadroekin eta testuekin topo egitea eta, horiei esker, aurreiritziak apurtzea, artearekiko begirada berriak sortzea».

BBK Artearen ibilbidea III

Emakumeak artean erakusketa Bakioko (Bizkaia) kaleetan, gaurtik abuztuaren 16ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.