PROPOSAMENAK

Folka, Bidasoa batzeko

Bost kontzertu izango dira gaurtik igandera bitartean Hondarribian, Hendaian eta Irunen, Bidasoa Folk jaialdiaren XXI. aldiaren barruan. Doan izango dira kontzertu guztiak

Uxia eta Javier Ruibal musikariek Irunen emango dute kontzertua, igandean. BERRIA.
ane insausti barandiaran
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bidasoa ibaia eta Txingudiko badiaren ingurua folk doinuetan murgilduko dira gaurtik etzira, Bidasoa Folk jaialdia dela eta. Duela 21 urte egin zuten lehenengoz, eta hasierako xedeak zutik dirau, Juan Luis Silanes Kalixa, Hondarribiko (Gipuzkoa) Kultur zinegotziaren hitzetan: «Kulturarteko proiektu honen hasierako asmoa zen mugaz gaindiko folk musikako jaialdi bat antolatzea, eta helburu berarekin jarraitzen dugu».

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatzen du Bidasoa Folk, eta Joxean Martin da jaialdiko zuzendaria; hark aukeratzen ditu, urtez urte, Hendaian (Lapurdi), Hondarribin eta Irunen (Gipuzkoa) joko duten musika taldeak. Aurten, bost kontzertu «oso plural» egingo dituzte, zinegotziaren esanetan.

Hendaiak egingo dio jaialdiari harrera gaur: Mixel Etxeberri abeslari baxenabartarrak irekiko du gaur jaialdia, Gazteluzahar frontoian: «Grabatu berri du 28. albuma, euskaraz. Frantsesez ere abesten du, baina, oraingoan, euskaraz abestu du, eta batez ere album horretako abestiak egongo dira entzungai», azaldu du.

Ondoren, O'Carolan taldearen txanda izango da, 22:30ean hasita: «Beste eskualde eta kultura batzuetako pieza tradizionalak jotzen dituzte: Espainiakoak, Frantziakoak, Europa erdialdekoak... beste estilo bat da, instrumentu sorta handiak erabiltzen ditu, eta hamaika ñabardura ematen dizkio bere musikari».

Hendaiako kontzertuen ondoren, Hondarribiak hartuko du lekukoa, bihar: Arma plazan, Ensemble Andalusi del Mediterraneo taldeak joko du. Haren ibilbidea zein den kontatu du Silanesek: «XIII. eta XIV. mendeetan zabaldutako musika jotzen dute, Al Andalus gisa esaten zitzaiona. Maroko inguruko soinuak berreskuratzen dituzte, moldaketak eginez».

Atzetik, Celina da Piedadek emango du kontzertua: soinu jotzaile, kantari eta konpositore portugaldarra da, eta oso gazte hasi zen musikaren munduan, zinegotziaren arabera: «Oso txikitan hasi zen musika ikasten, 5 urterekin, eta bere lehen kontzertuak goiz egin zituen. Hainbat musikari ezagunekin lan egin izan du».

Amaitzeko, etzi, Irungo Juncal plazan Uxia eta Javier Ruibalek joko dute. Galizia eta Andaluziakoak (Espainia) dira, eta, besteak beste, Rosalia eta Lorca poeten lanak musikatzen dituzte.

Helduak, «leialak»

Parte hartzaileei dagokienez, normalean, jaialdian, jende heldua elkartzen dela adierazi du: «Asmoa da gazteak ere hurbiltzea, baina egia da gaur egun kostatzen zaigula. Kultur programazioa osatzen dugunean ikusten dugu gazteek beste lehentasun edo tresna batzuk dituztela musikaz gozatzeko». Helduak joaten dira gehienbat, eta «fluxu bat» dagoela azaldu du, batzuk «oso fidelak» direlako: hiru herrietako kontzertuetara joaten dira.

Kontzertuetara joateko dei egin du zinegotziak, ezohiko taldeakentzun ahal izateko: «Jaialdi honek ematen duen aukera hori da: beste kultura eta musika mota batzuk ezagutzea».

Bidasoa Folk jaialdia



Gaurtik igandera, 21:00etan, Hendaian (Lapurdi), Hondarribian eta Irunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.