PROPOSAMENAK

Urdaibaiko biosfera itsasotik

Urdaibaiko parajeak beste ikuspegi batetik ikusteko aukera ematen du Hegaluze enpresak: Ogoñoko kobak, Gaztelugatxe eta ibilbide pertsonalizatuak itsasoan

Gaztelugatxeko San Juan eta ingurua itsasontzian ikusten. HEGALUZE.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Gaztelugatxeko (Bermeo, Bizkaia) parajeak bisitatzea aukera polita izaten da. Parajea bisitatzera oinez joatea izaten bada ere ohikoena, Hegaluze enpresari esker, Gaztelugatxe bezala, Urdaibai itsasoan aurkitzen diren hainbat txoko itsasotik bisitatzeko aukera dago. Juan Etxebarria Hegaluzeko jabeak esan duen moduan: «Urdaibaiko biosfera inoiz ez bezala bisitatzeko aukera eskaintzen dugu».

Etxebarriak azaldu duenez, Urdaibaiko biosferan bi ekosistema elkartzen dira: itsas ekosistema eta basoa. «Itsasadarra da guztiaren bihotza».

Hegaluze enpresak ibilbideak eskaintzen ditu, apiriletik urrira bitarte. Hala ere, talde partikularrentzat urte osoan lan egiten dute. Oro har, ibilbideak Bermeotik Gaztelugatxera (Bermeoko portutik mendebaldera) edo Elantxobera (ekialdera) eskaintzen dituzte. Talde partikularrek, ordea, ibilbideak nahieran egiten dituztela aipatu du Etxebarriak, beraiek erabakitzen dutela ordua, iraupena eta ibilbidea. «Gainera, portuetan bainatzeko edo zerbait hartzeko aukera izaten dute». Hegaluze.com webgunean dute informazio guztia.

Ibilbide guztietan grabatutako azalpenak ematen dituzte, eta, guneetatik pasatu ahala, eremuari buruzko azalpenak jartzen dituzte —Izaron, Ogoñon, Elantxoben, Mundakan, Gaztelugatxen eta Matxitxakon—. Bisitaldien azalpenak bost hizkuntzatan dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

«Gaztelugatxek asko erakartzen du, izena dauka, eta nabari da». Azken urteetan, arrakasta handia lortu du, bertan grabatu den telesail batengatik, Game of Thrones. Gaztelugatxe lurretik ezagutzen dutenek, Elantxoberako ibilbidea egitea erabakitzen dutela esan du Etxebarriak. «Elantxoberako bidaian, Ogoñoko kobak bisitatzeko eta Mundakatik igarotzeko aukera ematen du. Bertan, gainera, bainatzeko edo zerbait hartzeko geldialdi batekin».

Hala ere, Etxebarriak aitortu du soilik itsasotik ikus daitezkeen txokoak daudela. Esaterako, Gaztelugatxeko ibilbidean, Akaitz haitza. «Haitzaren paretara gerturatzeko aukera dago. Ia 300 metro garai da pareta, zirrara handia eragiten du, eta ez da oso ezaguna. Txundigarria da».

Zetazeoak Urdaibain

Zetazeoak begiztatzeko irteerak Bermeotik egiten dira iparralderantz. Hegaluzeko jabeak esan du han sakonera 1.000 metrotik gorakoa dela, eta bertan mugitzen direla zetazeoak normalean. «Lau zetazeo dira aipagarrienak: hiru izurde espezie —izurde handia, izurde arrunta eta izurde marraduna— eta balea bat, Cuvier moko-balea». Zazpi-zortzi metro dituen balea da, eta oso leku gutxitan aurki daiteke. «Zortez, hemen hori ikusteko aukera daukagu».

Negu partean, meteorologia dela eta, ez dituzte ibilbideak eskaintzen. Orduan, garai horietan, akademia nautikoa eskaintzen dute. Etxebarriak azaldu du itsasontziak eramateko ikastaro batzuk direla, ondoren titulazioa lortzeko.

Urdaibai itsasotik



Udan, Bermeon (Bizkaia). Hegaluze.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.