Proposamenak

Euskal kultura festa-giroan

Kontxako estropadak hastearekin batera, Donostiako euskal jaiak hasiko dira bihar. Sagardo Eguna eta 'Habanerak' ikuskizuna izango dira jaietako ekitaldi nagusiak, irailaren 7an

Olatz Mitxelena, Miren Nekane Arzallus eta Urko, atzo, Euskal Jaien aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Kontxako estropadak hasiko diren egun berean hasiko dira aurtengo Donostiako euskal jaiak, bihar. Irailaren 10ean amaituko dira, Poesia orduak jardueraren bigarren egunarekin batera.

Tarte horretan, 72 ekitaldi egingo dituzte. Hainbat berrikuntza egongo dira. Lehen aldaketa hasiera egunean egin dute: «Beti larunbatean hasten zen, baina, aurten larunbata abuztuaren 31 denez, ostiralera aurreratu dugu», azaldu du Miren Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak. Izan ere, egun horretan herriaren sutea gogoratzen dute. Beraz, bihar hasiko dira euskal jaiak, 19:00etan, Konstituzio plazan.

Konstituzio plazan ospatzen den urteroko Sagardo Egunak ere aldaketa bat izan du: jaietako lehen asteburuan izan ordez, bigarrenean izango da, 7an.

Sagardo Eguneko ordutegia 11:00etatik 13:45era izango da. Dastatzeko aukera emango dute hainbat postuk; 35 sagardotegi inguruk hartuko dute parte, eta, gutxi gorabehera, 7.000-8.000 sagardo botila inguru kontsumitzen dira. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak honela esan du: «Guretzat garrantzitsuena ez dabotilak kontsumitzea, baizik etortzen den bakoitzak postuetan dastatuko duenaren informazioa jasotzea».

Aurtengo Sagardo Egunean hiru omendu izango dira, sagardogintzari emanak bizitzeagatik: Lizeaga sagardotegiko anaia bikiak, Joxe Mari eta Gabriel Lizeaga, eta Otegi sagardotegiko Joxe Mari Otegi. Azkenik, sagardogileek egiten duten prozesua ikusteko aukera izango da sagardogintza txokoan.

Bestalde, egun berean, 22:00etan, kaian, Untzi Museoaren aurrean, Habanerak ikuskizuna egingo dute. Ainara Ortega abeslaria, Iñaki Salvador konpositore eta piano jolea eta Joxean Larrañaga Urko abeslaria arituko dira. Garai bateko arrantzale giroa birsortzeko asmoa dutela azaldu du Arzallusek.

Urko izango da bertan parte hartuko duten artistetako bat:«Aspaldi gogoa nuen habanerak abesteko, alde batera utzita daudela iruditzen baitzait», aitortu du abeslariak. Artistak azaldu duenez, nahiko konplikatua da lekua ikuskizuna egiteko, eta antolatzaileek lan handia egin behar izan dutela erantsi du.

Habanera ugari jo eta abestuko dituzte kontzertuan. Horietako asko ezagunak, jendeak abestu ahal izateko. «Gainera, ezusteko bat ere izango da: nire habanera berri bat abestuko dut», aurreratu du Urkok.

Horrez gain, beste hainbat ekitaldi izango dira euskal kulturarekin lotuta. Besteak beste, Donostia Bertsotan, irailaren 7an Konstituzio plazan 22:30ean egingo duten bertso saioa; eta kaleko zinema: Trinitate plazan, irailaren 4an, 21:30ean, Errementari filma proiektatuko dute.

Bestalde, irailaren 6an Aikoren erromeria gidatua egingo da, eta, euskal jaietan lehen aldiz, bakarrizketa bat ere egingo du Iñaki Perurenak harri-jasotzearen inguruan, Konstituzio plazan.

Kirolarekin lotutako txapelketak ere egingo dituzte, waterpolo eta toka txapelketak adibidez, baita Kontxako igerialdia ere.

Donostiako Euskal Jaiak





Bihartik irailaren 8ra, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.