Piraten iraultza alaia

Donostiako Piratek estreinakoz izango dute puntu morea kaian, eraso egin dietenei babesa emateko. Flamenka gunea egokituko dute

Donostiako Piraten agerraldia, atzo, kaian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Kaia, jaia eta iraultza alaia. Horixe da Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusi pirata aurrera eramateko aldarrikatzen duten leloa. Izan ere, abuztuaren 11tik 19ra bitartean Donostiako kaia erdigune harturik, «alaitasunez» Donostiako jai eredua irauli edo «abordatu» nahi dute, eta egitarau «oparoa» eskaini, hiru zutabetan sustraiturik: «Jai herrikoi, euskaldun eta askeak».

Sexu erasoen aurkako protokoloaren lanketan sakondu dutela adierazi dute: «Jaigune aske bat eraiki nahi dugu: ez da onartuko sexu erasorik». Horrez gainera, salaketarako telefonoa aktibo izango dute aste osoan. Puntu morea estreinatuko dute aurten: Flamenkan egon daitezkeen erasoei azkar erantzuteko eremua izango da, erasoa egin diotenari dagokion babesa eskaintzeko, 23:30etatik 04:00etara.

Kaiko Flamenka guneko kontzertuetan emakumeen presentzia «bermatuta» dagoela esan dute, hamabostetik 11 taldetan izango baitira. Piratek Krii Kolektiboak emango duen kontzertua nabarmendu dute, musika elektronikoaren bitartez hiru ardatz lantzea duelako helburu: «Emakumeen segurtasuna eta askatasuna dantzalekuetan; musika elektronikoaren programazioa emakume perspektibatik, eta emakumeak estilo horretan ahalduntzeko hezkuntza saioak».

Gainera, kaian egiten ari diren obrengatik, piratek euren gunea aldatu behar izan dute: «Kontzertu guneak berdin jarraituko badu ere, Flamenka gunea lasta izango da. Lortu dugu Aste Nagusia antolatzea, oztopoei aurre eginez».

Kofradien ekitaldiak

Txupinazoaz, Flamenkako kontzertuez, abordatzeaz, Trinitate plazako ekintzez eta Irrikitaldiaz gain, hamabi kofradietako bakoitzak bere egitarau propioaaurkeztu du. Hilaren 15ean, Eskandalosa kofradiak txaranga eta jokoen bidez Donostia «eskandalizatuko» du; Kantauri kofradiak kulturarteko bazkaria egingo du, eta Sardinerek Sardinerraia LGTBIQ+ eguna ospatuko dute. Hilaren 16an, Aingura kofradiak gune autogestionatuetatik igarotzen den bizikleta martxa antolatu du, eta Pirata Bihurriek haurren eguna egingo dute. Urteroko kuadrillen jokoez gain, Eskifaia kofradiak gazte eguna antolatu du, ostiralean.

Donostiako Piraten ekitaldi garrantzitsuena abuztuaren 13an izango da: abordatzea. Izena emateko epea irekita dago, eta parte hartu nahi duen orok Donostiako Piraten webgunera jo beharko du izena emateko. Hala ere, zenbait moldaketa izan dira: «Muntaketa 10:00etan hasiko da, eta abordatze aurreko bazkari herrikoia Flamenka gunean izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.