PROPOSAMENAK

Umeak jaien ardatz

Bilboko Konpartsek kultur ekitaldietan eta umeentzako jardueretan jarriko dute arreta. Gargantua Arriagara itzuliko da, 165. urteurrenean

Atzo aurkeztu zuten Bilboko Konpartsen egitaraua. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Bilboko 28 konpartsek bat egin dute jaietako programa aurkezteko. Atzo eman zuten egitarauaren berri, Arriaga plazan: abuztuaren 17an hasiko dira jaiak; amaitu, berriz, 25ean, Marijaiari agur esanez. 566 ekitaldiak iragartzeaz gain, aurten haurrentzako programazioari emandako garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, umeek goitibehera eta serigrafia tailerrak edukiko dituzte, eta erraldoi izateko aukera izango dute Deustuko Ondalan taldearen eskutik. Horiez gain, gastronomia saio bereziak ere izango dituzte, baita Irrien Lagunak taldearen antzezlana ere.

Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiek entretenituko dituzte umeak Gargantuarekin batera, eta hura Arriagara itzuliko da, 165. urteurrena duela eta.

Bestalde, aurten seigarren aldiz egingo dute goitibeheren jaitsiera, eta herritarrak parte hartzera deitu ditu konpartsen antolatzaileetako batek, Iñigo Fernandez de Martikorenak: «Edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionaletan zein 1 Formulakoetan».

«Oztopoak oztopo»

Konpartsen federaziokoek iragarri dute «uraren inguruko jarduerez» beteko dutela Erripako kaia, «udalak jarritako oztopoak oztopo». Konpartsek uste dute udalak «interes pribatuen alde» jokatu duela. Izan ere, salatu duteudal gobernuak Areatzako erromeria Plaza Biribilera eraman duela «aurrez ezer jakinarazi gabe»; bertako txosnak, berriz, Erripako kaira, «ustez Zazpikaleetako luxuzko hotel berriaren mesedetan».

Guztira 566 ekitaldi antolatu dituzte Bilboko Konpartsek aurtengo Aste Nagusirako, eta haietatik ehun baino gehiago kontzertuak izango dira. Dena dela, musika emanaldi gehiago ere prestatu dituzte batzorde mistoan, udalarekin elkarlanean. Aurten, Su Ta Garrek, La M.O.D.A.-k eta Monica Naranjok joko dute Abandoibarran, eta C. Tanganak, Revolta Permanentek eta Huntzak Europa Parkean, besteak beste. Konpartsen txosnetan ere hainbat taldek emango du kontzertua; esaterako, Lisabo eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak Algaran arituko dira; Kulturgunean, ostera, Rukula eta Eskean Kristo; eta Esne Beltza eta Nogen Euskalgunean.

Musika eskaintzaz gain, adin guztietarako lehiaketa gastronomikoak antolatu dituzte heldu zein umeentzat, eta kirola egiteko hainbat jarduera ere egingo dituzte; Hiri Krosa, aerobitoia, nasapuntakoa, igel toka eta herri kirolak, besteak beste.

Aste Nagusia



Abuztuaren 17tik 25era, Bilboko Areatzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.