Ubik-eko gatazkan erakundeek duten jarrera txarretsi du ELAk

Greban 146. eguna beteko dute gaur Donostiako Tabakalerako liburutegiko langileek. Lan baldintza duinak eskatzeko elkarretaratzea egin dute, sindikatuaren babesarekin

Greban 145. eguna bete zuten atzo Tabakalerako Ubik liburutegiko langileek. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren babesa jaso zuten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Dagoeneko 146 egun dira Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegiko langileek greba mugagabeari ekin ziotela. Beren lan baldintzak duintzeko eskatzen diete Tabakalerari, zentroaren Administrazio Kontseilua osatzen duten erakunde publikoei, eta azpikontrataturik dituen Sedena enpresari. Eta eskaera berretsi zuten atzo, eraikinaren atarian elkarretaratzea eginda, ELAk babestuta, besteak beste. Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiaren iritziz, «ulertezina» da erakunde publikoek lan gatazka horren inguruan hartu duten jarrera. Tabakaleraren azpikontratazio eredua ere salatu zuen elkarretaratzean.

Ubik Tabakaleran dagoen liburutegi tekniko bat dela gogorarazi zuen Lakuntzak, eta langileei egiten zaizkien eskakizunak ez datozela bat eskaintzen zaizkien baldintzekin. «Prestakuntza handia eskatzen da, lizentziaturak, hizkuntzak... eta exijitzen zaien hori gero ez da konpentsatzen ez soldaten aldetik ez lan baldintzen aldetik». Horretarako arrazoietako bat da, Lakuntzaren hitzetan, estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaiela, «eta Madrilen sinatzen diren itun horiek askoz ere kaskarragoak dira». Horren ordez, esku hartze sozialeko Gipuzkoako lan ituna aplika diezaietela eskatzen dute. Edonola ere, ELA ez dela «maximoen apustu bat» egiten ari ziurtatu zuen idazkari nagusiak. «Guk hitzarmen horren terminoak negoziatzeko malgutasuna agertu dugu, eta erreferentzia gisa jartzen dugu. Ontzat joko genituzke Gipuzkoako lan baldintzen errealitatera gehiago hurbiltzen diren erreferentziak. Baina instituzio publiko batek 900 euroko soldatak mantentzea guretzat onartezina da».

Halaber, erakunde publikoek hainbeste egunez Ubik liburutegia itxita mantentzea «ulertezina» dela adierazi zuen. Hala, Tabakalerako Administrazio Kontseiluan dauden hiru instituzioei dagokienez —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala—, lau salaketa egin zituen sindikatuko buruak. «Batetik, azpikontratazio eredu baten alde egiten dutela apustu. Horrek dakar erakunde publiko batek kudeatu beharko lituzkeenak azpikontratatu egiten direla, eta enpresak direla etekina ateratzen dutenak, kasu honetan, langileen baldintzak kaskartzearen truke». Txarretsi zuen, halaber, Gipuzkoako lan itunen ordez, Madrilgoak hartu izana erreferentzia gisa.

Bestalde, eta Donostiako Udalari buruz zehazki, salatu zuen ez duela onartzen sindikatuaren ordezkaritza, «betoa» jarri diola ELAri. Eta gehitu zuen, langileak udalarekin bildu direnetan, instituzioak ez duela agertu konpromisoak hartzeko «inolako interesik». Irungo (Gipuzkoa) liburutegiko kasuarekin alderatu zuen egoera, «greba egun bakar bat ere egin gabe» akordioa lortu baitute han. «Galdera da zergatik hemen Jaurlaritza, aldundia eta udala tematzen diren 145 egunetik gora greba bat mantentzen».

Bitartekarien greba «kulturaren sektorea duintzeko» ere baliatu nahi dutela esan zuen, amaitzeko, Lakuntzak, eta «foku eta ekitaldi handietatik kanpo egunero egiten den kultura» aldarrikatu zuen. Ubikek gizarteari egiten dion ekarpenak aitortza merezi duela gaineratu zuen.

Langileak, «indartsu»

Ubiken hamahiru lagun dituzte kontratatuta, eta 11 daude greban, tartean Iñigo Otxotorena. Adierazi zuen langileak animoz «indartsu» daudela protestarekin jarraitzeko, eta gaineratu du, negoziazioak geldirik ez badaude ere, ez direla haiek nahiko luketen azkartasunarekin aurrera egiten ari.

Bitartean, beren aldarrien berri emateko lanean jarraitzen dute. Horretarako, besteak beste, kultur arloko prekaritateari buruz mahai ingurua egingo dute bihar, Egiako Azpi kultur elkartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.