Act jaialdiak arte eszeniko futurista oholtzaratuko du

Hamazazpi obra labur bilduko ditu Bilboko Act Eszena Berritzaileen Jaialdiak, gaur hasi eta ekainaren 2ra bitarte, nazioartekoak gehienak
<em>Yi-Ha</em> obraren irudi bat, Los Moñekos taldearena.
Yi-Ha obraren irudi bat, Los Moñekos taldearena. TRISTAN PEREZ-MARTIN

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 30
Etorkizuna gaurkotuko dute, eta bihar eta etzi taularatuko diren obrak bistaratuko dituzte; Act Eszena Berritzaileen Nazioarteko jaialdiak hamabost urte beteko ditu aurten, eta abangoardiako artistak sustatzeko helburua izango du berriro ere: gaur hasi eta ekainaren 2ra bitartean, 17 eszena obra labur bilduko ditu, Bilboko Guggenheim Museoan eta Kafe Antzokian, eta Barakaldoko Antzokian. Belgikako, Bulgariako, Hungariako, Hego Koreako, Erresuma Batuko, Kataluniako, Espainiako eta Euskal Herriko taldeak ariko dira, eta nazioarteko hainbat jaialdietako ordezkariak ere izango dira —Manchesterko Flare Festival, Birminghamgo BE jaialdia, Amsterdamgo Why Not, Atenasko BOB Theatre Festival, Tarragonako Festival FITT eta Sevillako Festival Emergentes, besteak beste—.

Eva Guerrero Leioako (Bizkaia) dantzari eta koreografoak irekiko du jaialdia, gaur, El fin de las cosas dantza obrarekin. Harremanez dihardu koreografia horretan; xehetasunez aletzen du norberak egiten duenak albokoari eragiten diona; «dena hankaz gora jarri arren, aurrera jarraitzen dugun momentu horietaz» ere ari da. Guerrerrok Ainara Legardonen zuzeneko musika lagun izango du. Emanaldia Kafe Antzokian izango da, 20:00etan hasita.

Kataluniako Los Moñekos taldeak jarraituko dio lehen eguneko egitarauari. Iaz ere izan zen Act jaialdian, eta oraingoan YI-HA «antzerki fisiko eta umoretsua» taularatuko du. Horrela azaldu dute antolatzaileek: «Taularen gainean bi jokalari, elkar ulertzera kondenatuak; ez dute elkar jasaten, baina banaka ere ez dira ezer». Daniball taldeak Locari akrobazia lana plazaratuko du. «Adiskidetasun istorio bat da, jokoarena, lehiarena eta bakardadearena. Atmosfera alai batean eta erritmo dinamikoarekin, baina aldi berean, malenkoniaz beteta».

Lau egunetan parte hartuko duten 17 taldeetatik 12k lehiaketan parte hartuko dute. Sari nagusia 2.000 eurokoa da, eta aukera ematen du Bizkaiko Antzerki Ikastegian hilabeteko egonaldia egiteko eta datorren urtean jaialdian lan berri bat aurkezteko.

Ikastaroak, Barakaldon

Act jaialdiak Barakaldoko Antzokian egingo diren ikastaroekin osatuko du egitaraua. Eva Guerrerok dantzaren ingurukoa emango du lehena, bihar (10:00-13:00). Bigarrena, ekoizpenari buruzkoa, Sarah-Jane Watkinson ingelesak emango du, ekainaren 1ean (10:00-13:00). Horiez gain, Teresa Brayshawk eta Steve Purcellek —Leeds Beckett Universityko irakasleak dira biak— Where Are We Now izeneko hitzaldia emango dute Guggenheimen, ekainaren 2an, 12:00etan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdiak «izaera futurista izango du», eta egungo errealitatea kolokan jarriko du, «fikzioaren eta materiaren arteko, irudi eta gorputzaren arteko, txotxongiloaren eta eragilearen arteko mugak lausotuz: garaiotan, ez da harritzekoa, etorkizuna birpentsatu asmoz, sistemari kritika egitea edota haren adierazleetako batzuk berreskuratzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna