PROPOSAMENAK

Bioaniztasuneranzko bidea

Aitor de Portuondo sendabelar ekoizle ohiak biodibertsitatearen bisita gidatua eginen du Anhauzen. Arbasoek ikasitakoaz baliatuz eta ingurua begiratuz «dena» badela ikusaraziko du

Ardi mihia edo belarra (Plantago lanceolata) «interesgarria» zaio Aitor de Portuondori, dauzkan bertuteengatik. WIKIPEDIA.
Ainize Madariaga
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
CPIE Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorra elkarteak landareen eta biodibertsitatearen behatze ibilaldia antolatua du biharko, Anhauzen (Nafarroa Beherea). Bi oreneko ibilaldian, Aitor de Portuondo sendabelar ekoizle ohiak bazterretako bizidunen gaineko azalpenak emanen ditu.

Mendiko botak soinean, aski da ibiltzen hasi eta inguruari ontsa so egitea ohartzeko biodibertsitatearen garrantziaz. Ostiralerako, bi oreneko «basa ibilaldi handia» aurreikusia du; alta, hortik kanpo, hiru-hamar laguneko taldeei ere egiten die harrera, euskaraz ere, baina ateraldi aise laburragoa eginez. Aski zaio deitzea: (00 33) 6 76 59 85 83.

Unean-unean zer izaki bizidun jalgiko den, araberako azalpenak eman ohi ditu de Portuondok: «So eginen diogu zer landare dagoen, baina ez bakarrik: intsektuak, marmutxak, pinpirinak, xixareak... Azaltzen dut naturaren funtzionamendua zein den, biodibertsitatea, alo. Bidean ikusten dugunaren arabera, nola gerta».

Horiek hala, baratzetik abiatuko da martxa: «Landare guziak dira interesgarriak. Ikusiko dugu zein diren pozoitsuak, jangarriak... Txoriak agertzen badira, haiei buruz hitz eginen dut».

Hain da zabala de Portuondoren jakitatea, non uzten ahal baitio zoriari nahi duen gisa agertzen, aurre prestaketa berezirik gabe: «Maite dut azaltzea bide basaren ibilmoldeaz, zein landare pausatzen den eta zerendako, hor hasten baita izaki ororen bizia».

Bidea zinez garrantzitsua zaio gidari, zentzu guzietan: «Sinbolikoki inportantzia handikoa da. Bidearen arabera ezberdina izanen da ikustekoa ere».

Harentzat ez dago belar «txarrik»: «Landare basak abantzu denak dira medizinalak edo jangarriak. Badute beraien lekua naturan!».

Horregatik, helarazi nahi duen mezua oso garbi du: inguruan dagoenaz ohartzea, jakitatez beztitzea eta jadanik ikertu denaren berri hartzea: «Dena dugu inguruan: aski dugu ontsa so egitea eta ikastea, ez ahantz gure arbasoen jakitatea. Naturaren misterioak maite ditut, eta hori erakustea».

Ariketa ttipia egin du gidak: landare eta animalia bat hautatzea. Lehenarendako, ardi belarra edo ardi mihia hautatu du: «Landare sinbolikoa da; bi motak zaizkit garrantzitsuak. Sekulako bertuteak baitauzka: oinetako babentzat baliatzen dugu, ebakidurentzat, asunen ziztadak goxatzeko, alergien kontra... beilarientzat ezinago egokiak dira».

Animaliaren kasuan, berriz, gizakiak gaizki ikusten dituen horiek ditu laket, baitute haiek ere haien tokia eta funtzioa ekosisteman: «Gizakiak maite ez dituen marmutx guzi horiek zaizkit interesgarri: bareak, bare kurkuiluak, sugeak, xinaurriak. Hor baita misterioa».

Ororen buru, urrunera bila joan gabe ere, tokian tokiko fauna eta floraren joria agerian ezarri nahi du, urrats bakoitzeko dagoen espezie aniztasunaz jabetzea nahi du: «Gogoa piztu nahi dut hurbilagotik ikusteko. Zale errabiatua bainaiz, nahi dut energia hori transmititu, dena baitugu gure inguruan!».

Landareak eta bioaniztasuna



Anhauzeko (Nafarroa Beherea) Pilota plazan, bihar, 14:00etatik 16:00ak arte. Ibilaldi pedagogikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.