PROPOSAMENAK

Aste Nagusia ate joka

Abuztuaren 13an piztuko da festa Donostian. Zortzi eguneko egitarau zabala antolatu du udalak, eta festa egun bat gehituko dute piratek herri jaien aldeko egitarauan

Donostiako piraten prentsaurrekoa. JON URBE / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
Donostia
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gogotsu dago hiri txuri- urdina Aste Nagusiaren atarian. Kanoikadak emango dio hasiera festari, abuztuaren 13an, eta Union Artesana elkarteak kantatuko du Artillero, 150. urteurreneko omenaldi gisa, bi urteko itxaronaldiaren ondoren. Hainbat ekintza antolatu ditu Donostiako Udalak, baita Donostiako piratek ere. Atzo plazaratu zituzten bi egitarauak.

Udalak aurkezturiko programan, ohikoak diren ekintzak daude: horien artean, su artifizialak. Aurten, nabarmentzekoa da Ukrainako Dance of Fire Fireworks enpresaren parte hartzea. Ekintza berriek ere badute tartea. Batetik, Uliako Harria harri jasotzaile emakumezkoen proba egingo dute. Bestetik, Urumea Jai Giroan egitasmoa izango da. Bertan, Urumea ibaian zehar bisita gidatuak egingo dituzte, kanoan.

2019an berritasun gisa egindako holi festa ere egingo dute berriz, festa piztuko den egun berean. Festa horretan, koloretako hautsak botako dituzte zerura, eta parte hartzaileak kolorez jantzi.

Gaueko eskaintzan, berriz, beste hainbat artistaren artean, Izaro, Green Valley eta Ana Guerra ariko dira.

Donostiako piratak Flamenkan elkartu ziren atzo, Biba festa, biba eraldaketa, biba piratak lelopean antolaturiko herri jaien aurkezpenean.

Ezkila, piraten maskota, kaira iritsiko da, eta harekin batera Matti, urtero bezala, talde bat omentzeko asmoz. Aurten, Bilgune Feministako kideak omenduko dituzte 20. urteurrena dela eta, eta haiek emango diete hasiera jaiei. «Izan bedi haientzat gure aitortza, begirunea eta eskertza!», adierazi dute piratek.

Egun osoan, hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola bertso saioak, bazkariak, elektrotxarangak eta haurrentzako jolasak. Pirata txikienentzat ere egun osoko egitaraua antolatu dute 18rako, bazkaria eta abordatze txikia barne. Piraten ikur bilakatua den abordatzea abuztuaren 15ean egingo dute. Ozen esan dute piratek: «Gure baltsak hartuta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu».

Eguneko egitarauaz gain, gauerako ere hainbat musika proposamen daude. Flamenkan eta Trinitate plazan, musika talde berri eta ez hain berrien kontzertuak izango dira: Kerobia, 3gabe2, Merina Gris eta Alargun Beltzak, besteak beste.

Puntu morea hiri erdian

Azken Aste Nagusian ikusitako hutsuneetatik abiatuta, lehen aldiz salaketa eta artatze profesionala eskainiko duen informazio gune bat egongo da Bulebarrean.

Piratek eskaera eta proposamen zehatza egin zioten Donostiako Udalari, hirian zehar zenbait erreferentzia gune martxan jartzeko, eta bertan lehen arretan arituko diren profesionalak egoteko. Horiek horrela, hilabeteko elkarlanaren ondoren aurkeztu dute hiriaren erdialdean kokatuko den puntu morea.

Piratek argi dute planteamendu berriak ere hainbat hutsune dituela; horregatik, adierazi dute lanean jarraituko dutela, laguntzeko konpromisoa hartuta, arreta osoago eta feministago bat emateko, eta erasorik gabeko jaiak izan daitezen.

Donostiako Aste Nagusia



Abuztuaren 13tik 21era, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.