PROPOSAMENAK

Esperientzia berriak baserrian

Igartubeiti baserrian ehuna sortzeko tailerra jarri dute martxan. Kontakizun sortzaile berrien bidez, baserria beste modu batean bizitzeko aukera izango dute hara biltzen diren bisitariek

Bisitariak Igartubeiti baserriaren kanpoaldean. ANE GARMENDIA / GOIERRIKO HITZA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Igartubeiti baserri museoa Ezkion (Gipuzkoa) dagoen XVI. mendeko baserria da, eta udarako egitarau berezia prestatu du, bisitariek Igartubeiti beste modu batean bizi dezaten. Horretarako, kontakizun berriak sortu dituzte; esperientzia berriak eskaintzeko asmoz. Jarduera horietako bat da Ehundu!. Familia jarduera hori aukeratzen duten bisitariek baserriko lanbideak ezagutuko dituzte: besteak beste, ehungintza. Bisitarekin amaitzeko, parte hartzaileek ehundegianehuna sortzeko aukera izango dute. Ekintza hori uztaileko eta abuztuko asteazken guztietan eskainiko da, 11:30ean, eta ordu eta erdi iraungo du.

Egin ezazu zure sagar zukua esperientziak sagardoa egiteko modu tradizionala erakutsiko du. Bisitariek sagarrak pisoiarekin jo ahalko dituzte, eta, birrindu eta prentsatu ondoren, sagarraren beraren muztioa dastatu. Esperientzia hori uztaileko eta abuztuko ostiraletan egin ahal izango da, 11:30ean. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aurrez erreserba egitea [email protected] helbidera idatziz, edota (0034) 943-72 29 78 edo (0034) 943-72 51 07 telefonoetara deituz.

Nork bere aldetik ere bisita dezake museoa; baserriaren deskribapen osatua eta garai hartako bizitza kontatzen duten QR kodeak eskaneatuz. Bestalde, bisita gidatuak ere egingo dituzte; asteartetik igandera, 11:00etan euskaraz, eta 17:00etan euskaraz edo gaztelaniaz, bisitarien arabera. Larunbat eta igandeetan ez da arratsaldeko bisita gidaturik egongo. Taldeek bisita komentatuak erreserba ditzakete, aipatutako helbidean eta telefonoetan erreserba eginda.

Familiek Igartubeitiko ohiturak modu dibertigarrian ezagutzeko aukera izango dute. Hainbat proba egin beharko dituzte, baserriaren kanpoaldean eta barnealdean; objektu batzuk bilatu eta haiek zertarako balio zuten ikasteko. Jarduera hori beren kasa egin dezakete familiek, museoko harreran liburuxka hartuz.

Berrikuntza gisa, Igartubeiti baserri museoak Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoarekin batera sarrera bateratua eskaintzen du, bi museoak bisitatu ahal izateko. Zumalakarregi museoak XIX. menderako bidaia bat proposatzen die joaten diren bisitariei, mundu garaikidearen hasieraren gako nagusiak azalduz.

'Urrezko aroko' baserria

Euskal baserriaren urrezko aroaren erakusle da Igartubeiti baserri museoa. 1992. urtean, desagertzeko arriskuan zegoela, Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi eta goitik behera zaharberritu zuen. Hala, bisitariek XVI. mendeko dolarea ikus dezakete; duela 500 urte egiten zen gisan sagardoa egiteko gai den Euskal Herriko dolare bakarrenetarikoa da Ezkiokoa.

Gainera, Igartubeitik jatorrizko zurezko egitura ere mantentzen du, XVI. mendeko balio kultural, historiko eta arkitektonikoak erakusten dituena. Aipatzekoak dira, jatorrizko piezen artean, pieza bakarreko zutoinak, dolareko habeak egokitzeko erdiko zutabe bikoitza eta baserriko zoruak, besteak beste.

Igartubeiti baserri museoa



Udarako jarduera eta esperientzia berriak, Ezkion (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.