Elikadura

Usainetik haratago

Neguko elikagaietako bat da azalorea. Igortzen duen usain bereziagatik, ez da bereziki erakargarria, baina onura asko dakartza: adibidez, aproposa da ez gaixotzeko .

Buru zuria eta trinkoa du azaloreak, eta hostoz inguratuta dago. J. MANTEROLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Neguan, barazki asko ez dira gai bizirik irauteko, eta kruziferoena da sasoi horretan ordezkaritzarik handiena duen barazki familia. Horien artean, azalorea ospea hartzen ari da azkenaldian. Izan ere, beste ezaugarri batzuen artean, dieta orekatua izaten laguntzen duten propietate nutrizional ugari ditu.

Ehunka azalore aldaera dago, eta horietako batzuk koloreetan nabarmentzen dira. Arruntena eta ezagunena zuria da, baina badira horixkak, berdeak eta moreak ere, besteak beste.

Nolakoa da?

Buru zuria, trinkoa eta sendoa du azaloreak, eta hosto hauskorrez inguratuta dago. Azen taldeko barazkia da, eta oso energia gutxiko elikagaia da. «Itxuraz, ez da barazki oso erakargarria», dio Garbiñe Aizpuru nutrizionistak. Izan ere, kozinatzeko orduan, usain «berezia» igortzen du, eta horrek atzera eragiten du. Hala ere, usaina alde batera utzita, zapore suabea, testura goxoa eta ezaugarri oso erakargarriak dituela nabarmendu du.

Urte osoan eskuratu ahal dira, baina irailetik urtarrilera arteko hilabeteak dira elikagai hori jateko aproposenak. Hozkailuan sartuta, hamar egun inguru irauten du. «Inguruko hostoak kenduta, gainera, hobeto mantentzen da».

Zer onura ditu?

Kaloria gutxiko elikagaia da —30 kilokaloria 100 gramoko—, eta hauxe du ezaugarririk azpimarragarriena: antioxidatzaile ugari ditu. Elementu horri esker, zenbait gaixotasun ez harrapatzen laguntzen du.

Konposizioari dagokionez, elementu nagusia ura da. «Karbohidrato gutxi ditu, eta ez du ez koiperik, ez proteinarik». Horrez gainera, mikroelikagaietan «aberatsa» da, «batez ere zuntzean». Zuntz hori lagungarria da idorreria sufritzen dutenentzat, esate baterako. Mineral aldetik, B, K eta C taldeetako bitaminak ditu. «C bitaminari dagokionez, egunean gomendatzen denaren %77 bertan dugu, ehun gramoko errazio batean». Bitamina horiek hezurretako osasuna mantentzen laguntzen dute, baina, horrez gainera, bestelako onurak ere badakartza. Besteak beste, deskantsua, memoria, ikaskuntza eta mugimendua. Gatz mineraletan, berriz, potasioa, fosforoa, magnesioa eta kaltzioa nabarmentzen dira azalorean. «Potasioa ezinbestekoa da arterietan tentsio handia dutenentzat», dio Aizpuruk. Magnesioak eta kaltzioak nerbio sistema erregulatzen dute. Fosforoa, berriz, kaltzioarekin batera, onuragarria da hezurren osasunarentzat. Bestalde, barazki gehienetan bezala, kruziferoek, eta bereziki azaloreak, minbiziaren aurkako substantzia fitokimikoak dituzte.

Trikimailuak

Sufre kantitatea dela eta, azaloreak usain «berezia» botatzen du hura egosterakoan. Hala ere, bada usain hori arintzeko modu bat: «Nire ustez, gehiegi ez egostea edo kozinatzea da gakoetako bat; hau da, testura gogorragoak probatzera ausartu behar dugu». Izan ere, egoste prozesuan igortzen diren osagaien emisioa bikoiztu egiten da sei minutuigarotzerakoan, eta, horrekin batera, usaina ere areagotu egiten da.

Azalorea «modu askotan» kozinatu daitekeela dio nutrizionistak. «Nahi dugun bezala kozinatu daiteke: aukera bat baino gehiago ematen ditu». Gehienek modu tradizionalean egiteko ohitura dute: azalorea egosi eta patatekin edo baratxuriaren batera. Dena dela, «beste hainbeste» errezeta badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.